VI. asteburuan, Grand Prixa berritasun

880

Urriaren 25 eta 26an izango da aurtengo edizioa. Uste dugu berriro egitarau oparoa prestatu dugula, jendearen gozagarri. Sokamutur txikia, zezen txikiak eta poniak, zezen bolaztatuak, janari dastatzea, eta aurten lehen aldiz Grand Prix-eko jolasak… egongo dira.

Zezen Beltz Azpeitiko elkarteak aurten ere antolatuko du asteburu bat. VI.a izango da (2009an hasi ginen asteburuekin); urriaren 25 eta 26an, larunbatez eta igandez.

2008an sortu genuen Zezen Beltz, eta hasieratik esan genuen sokamuturra, kaleko zezena eta zezen giroa sustatzeko lan egingo genuela. Helburu horri erantzuten diote elkartearen asteburu hauek ere.

Grand Prix ikuskizuna izango da aurtengo berritasuna.

– Beste urteetan ere zezen jolasak egin izan ditugu zezen plazan, jolasak geuk asmatu eta materiala inguratuta. Aurten zerbait desberdina egin nahi, eta halako jolasetan espezializatua den enpresa batera jo dugu: Prix plazara.

– Harekin, joko ikusgarriagoak izango dira, puzgarriekin eta abar. Ikuskizun polita biziko dugu.

– Aurten deialdi zabala egin dugu, nahi duenak izena eman dezan. Azpeitiko eta inguruko gazte asko apuntatu dira.

Sokamutur txikian aldaketak egon daitezke.

– Plaza nagusian obratan ari dira, eta ez dakigu zer moduz egongo den Zezen Beltzen astebururako.

– Ikusten badugu sokamutur txikia ezin dela plazara eraman, Done Jakue kalean izango dira hura eta geroko zezen txiki eta poniak, larunbatean eta igandean.

– Datozen egunetan jakinaraziko dugu.

Txahal saiheski eta oilasko erretzea.

– Plaza nagusian izango da, igandez, baina euria egiten badu, Sanagustinpera pasatuko dugu.

Sokamuturreko irudi zaharrren eta Zezen Beltzen ekitaldien bideoak.

– Azkeneko aldiz duela 5 urte jarri genituen, Sanagustinpen, proiektore batekin, eta jendeari asko gustatu zitzaion ekimena. Izan ere, lehengo Azpeitia ikusten da halako irudiekin: kaleak, jendea…

– Aurten berriro jarriko ditugu, Sanagustin kulturguneko telebista pantailetan eta sarrerakoan.

– Zezen Beltzek 6 urteko ibilbidea du, eta urte hauetan egindako lanak erakutsi nahi ditugu.

Aurrera begirako asmo bat: helduen entzierroa.

– Aurten helduen entzierroa antolatzeko asmoa genuen (Arzubia kalearen inguruetan), baina arazo tekniko batzuk eta denbora falta izan direla-eta ez dugu antolatuko.

– Baina aurrera begira badugu helduen entzierroa antolatzeko asmoa.

Eskerrak eman nahi dizkiegu VI. asteburuko babesleei, Azpeitiko Udalari eta hango langileei, eta ekitaldi hau antolatzen eta sustatzen laguntzen duten denei.

KONPARTITU