Gaizka Otamendi argazkilariari elkarrizketa

985

Txikitatik barruan izan duen harra hiltzeko egin zituen argazkilaritza ikasketak Gaizka Otamendik. Formato handiko kamerarekin aurretik pentsatuta dituen irudiak ateratzea du gustukoa. Bere izate eta izaeraren erakusle den irudia aukeratu du.

Jaioterria Zestoa du, baina zazpi urte zituenetik Azpeitian bizi da. “Zestoako festak bukatu, eta irailean Azpeitira etorri nintzen bizitzera”. San Sebastian bezperan jaiotakoa da, festa handia Azpeitian. “Batzutan zestoarra eta bestetan azpeitiarra sentitzen naiz, segun!”. Argazkilaria eta argazkizalea izateaz gainera, zezenzalea ere bada. Publizitate gra?koa ikasi, eta beste lanbide batean ibili ondoren ikasi zuen argazkilaritza. “Txikitatik barruan nuen harra izan da”.

Gustukoena duzun argazkia eskatu, eta Azpeitiko inauterietako sokamuturrekoa aukeratu duzu. Benetan argazki azpeitiarra da, ezta?

Bai, beno, azkenaldian zezen kontua dela-eta pixka bat pikatuta egon naiz. Aukeratu dudan argazkian ikusten dena festaren hasiera da, zezenak jaiarekin egiten duen lotura. Zestoarra naizen aldetik, zezenak kentzen saiatu dira, eta irudia zezenek zer nolako garrantzia duten azaltzeko aukeratu dut. Batzuk ez diote garrantzia hori ematen, eta festak zezenik gabe egin daitezkeela diote. Baina niri hain festa zaharra kentzea oso gogorra iruditzen zait. Irten da zezena, eta hasi da festa. Eztanda hori irudikatzen du argazkiak. Hori da zezenzale ikuspuntutik ikusten dudana.

Bestela, sokamuturrean argazkiak atera izan al dituzu?

Ba ez gehiegi. Egin nahi nituen argazki batzuk nituen buruan, eta gehienak eginda ditut. Hori bai, asko perfekzionatu behar ditut, eta utzita ere ez daukat. Uste dut sokamuturreko argazkiak ateratzen jarraituko dudala. Gainera, bisualki indar handikoak iruditzen zaizkit. Horrelako animalia sendoa kalean ikusteak indar handia ematen dio irudiari.

Eta zekorketetan edota zezenketetan argazkiak ateratzen al dituzu?

Azpeitiko zezenketetan baino gehiago, Zestoako zekorketetan atera ditut. Duela bi urte Zestoako plazaren eraldaketaz argazki erreportajea egin nuen; plaza barrerarik gabe, eta gero barrerekin nola aldatzen den irudikatuz. Zestoako zekorketek iragana irudikatzen dute. XXI. mendean oraindik ere egurrezko azpiegitura erabiltzen da, era horretako espektakulu bat egiteko.

Azpeitian sokamuturra gai hartuta argazki rallya ere egiten da. Inoiz parte hartu al duzu rallyetan?

Urte batean sokamuturreko argazki rallyan parte hartzea erabaki nuen. Prestatu nituen irudiak, baina aurkeztera joan, eta epea bukatuta zegoen. Bestela, ez naiz behin ere aurkeztu, ezta beste rallyetara ere. (…)

Argazkia: Gaizka Otamendik 2009an atera zuen argazkia, Azpeitiko Inauterietan, Elegante egunez Erdikalean sokamuturreko zezenaren irteeran. “Zezena ematen du, baina idia da”:
KONPARTITU