‘Soka ez da eten’, estreinaldi arrakastatsua

1067

Larunbatean izan zen Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentalaren aurkezpena Sanagustinen, eta aretoa dena bete zen. Jendeari asko gustatu zaio lana. Hemen ekitaldiko argazkiak.

Jendea erruz bildu zen lehengo larunbatean (otsailaren 26an) Sanagustin kulturgunean Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentalaren estreinaldia ikusteko, eta ehunen bat lagunek ezin izan zuten aretora sartu, leku faltagatik. 18:30ean hasi zen saioa, 20:00etan bukatzeko.

Ordu eta laurdeneko iraupena du dokumentalak, eta emanaldiaren bukaeran laudorioak jaso zituzten Zezen Beltz elkarte argitaratzaileak eta lanaren zuzendari Enekoitz Esnaolak eta errealizadore Lara Madinabeitiak. Asko gustatu da.

Hasiera arrakastatsua izan du, beraz, sokamuturraren dokumentalak. Baita salmentetan ere. Hainbat tokitan dago salgai, 10 eurotan.

Lanak lehen partean sokamuturraren historia eta atzean dagoen lana kontatzen ditu —ganaduzaleena eta sokamutilena—. Sokaren ezaugarriak eta istorioak ere badaude aurreneko partean.

Bigarrengoan Botijo zezen mitikoa, Etxe Zurineko garai bateko irteera, segurtasun neurriak, argazki lehiaketa, irudi bitxiak (harrapaketak, zezena tabernetan eta karreretan, sokamuturra elurretan…), Zezen Beltzen jarduerak eta abar ikus daitezke, baita sansebastianetan zezenari eta sokamutil bati buruan jarritako kameretako irudiak ere.

Hitzaldiak

Emanaldia hasi aurretik hitz batzuk egin zituzten Jagoba Labaka sokamutil eta Zezen Beltzeko kideak eta Enekoitz Esnaola dokumentalaren zuzendariak. Labakak zioen elkartearentzat garrantzitsua dela sokamuturraren berri ematea herritarrei, “hauek historiaz eta atzeko lanaz gehiago jakin dezaten, eta interesgarria iruditzen zitzaigun horretarako ikusentzuneko bat egitea”. Lanak “belaunaldi berrientzako transmisio funtzioa ere beteko du”.

Esnaolak azpimarratu zuen sokamutilek eta ganaduzaleek “ekarpena” egiten diotela Azpeitiari, euren “sakrifizioaren eta konpromisoaren” bidez. “Denok ere horretarako gaudelakoan nago: herriari eta herritarrei aportatzeko, nahi den bezala, nahi denean, ahal den moduan, baina ekarpena egiteko, zerbait bada ere”.

Dokumentalean, “behin Zezen Beltzekin helburuak eta ardatzak finkatuta, eta irudiak izanda eta elkarrizketak eginda”, berak “forma periodistikoa” eman diola adierazi zuen Esnaolak. Lara Madinabeitiaren lana nabarmendu zuen, “burubelarri aritu baita”. Artxibo historikoari buruzko gogoeta batekin amaitu zuen bere hitzaldia zuzendariak.

“Zer izan garen ikusteko-eta beti datoz ondo dokumentuak, irudiak, argazkiak eta bestelakoak… Gaur sokamuturrari buruzko bideo irudi zahar batzuk ikusiko ditugu. Zaharrenak, 1976koak dira. Jose Manuel Asiain, Nicolas Kaito eta Agustin Madrazok euren borondatez eta ekimenez hartutako irudiak dira dokumentaleko zaharrenak, inork esan gabe beraiek hartutakoak. Festetako ekimen bat da sokamuturra. Azpeitian lau festa handi behintzat ospatzen ditugu: sansebastianak, karnabalak, saninazioak eta santomasak. Ari al gara modu antolatuan ikusentzuneko artxibo historikoa egiten edo aseguratzen? Asiain, Kaito eta Madrazori esker ere egin ahal izan dugu dokumental hau”.

(Sokamuturraren dokumentaleko egile, argitaratzaile eta parte-hartzaileak lehengo larunbatean Sanagustin kulturgunean, emanaldiaren ondoren / ‘El Diario Vasco’)

(Jagoba Labaka sokamutil eta Zezen Beltzeko kidea hizketan Sanagustinen, dokumentalaren estreinaldian / ‘Urola Kostako Hitza’)

 

(Lara Madinabeitia dokumentalaren errealizadorea, Jagoba Labaka sokamutil eta Zezen Beltzeko kidea, eta Enekoitz Esnaola dokumentalaren zuzendaria / ‘Urola Kostako Hitza’)

 

(Sanagustin kulturgunea beteta dokumentalaren estreinaldian / ‘Urola Kostako Hitza’).

(Estreinaldia hasi aurreko une bat / ‘Urola Kostako Hitza’).

 

(DVDaren azala)

 

(DVDaren kontrazala)

Soka ez da eten, liburu formatuan ere bai.

KONPARTITU