Oskar Osinalde: “Une zirraragarriena, Erdi kalekoa”

861

(Berria) Sakrifizio handia eskatzen du sokamutil izateak. Sasoi onean egoteaz gain, zaletasun eta gogo handia behar da festak aldera batera utzi eta zezenari sokatik tiratzeko ardura hartzeko. Ez da egun bakarreko jarduna, luzerako konpromisoa baizik. Zuriz jantzita eta zapi eta gerriko gorria soinean dutela, zezenak gidatzen dituzte herriko kaleetan zehar.

Oskar Osinaldek (Azpeitia, 1976) hamahiru urte daramatza sokamutil gisa ateratzen. Azkeneko sansebastianetan ezin izan zuen atera, arazo fisiko batzuk zirela medio. Hurrengo urtean ateratzeko “ilusioa” duela adierazi du.

Zer iruditu zaizu sokamuturrari buruz eginiko dokumentala?

Oraindik ez dut aukerarik izan ikusteko, aurkezpen egunean ikusiko dut. Ikusi dutenek oso ondo dagoela esan didate. Azkenaldian sokamuturraren inguruan egon den ika-mikaren ondoren, sokamuturra indartzeko balio dezake.

Zertan datza sokamutilen lana?

Urtean dauden sokamuturrak kontuan hartuta, sokak eskatzen ditugu. Ondoren, sokak prestatzen ditugu. Urte osoan fisikoki prestatzen gara, sasoi onean egon behar baitugu irteeretarako. Hamar sukamutil inguru gaude, eta bakoitzari noiz ateratzea dagokion egutegia prestatzen dugu. Bost sokamutil ateratzen dira irteera bakoitzean.

Zer berezitasun ditu sokak?

Kalamuzko soka da. Bi soka mota ibiltzen ditugu. Bat 26 milimetroko lodierakoa, soka fina deitzen dioguna. Bestea, 36 milimetrokoa, lodia. Soka fineko 50 metro lodiko beste hamar bat metro sokarekin uztartzen dugu. Zezenak sokarekin tope egiten duenean edo azkazalekin soka ez hausteko egiten dugu hori.

Ze ezaugarri izan behar ditu sokamutil batek?

Sokamutil berriak aukeratzen ditugunean ez dugu azkartasuna eta indarra soilik begiratzen. Zezen aurrean ibiltzeko trebetasuna eta adorea eduki behar du. Lasai ibili behar du, urduri jarri gabe. Gazteak, 18 eta 25 urte inguruko jendea hartzen ditugu. Zezenaren aurrean oso abilak direnak ez ditugu hartzen, zezen handiak ateratzen baitira Azpeitian, eta horrelako jendea kenduz gero ez litzateke inor aterako zezen aurrera.

Parrandak alde batera utzi behar al dituzte sokamutilek?

Orain nire adinarekin bai, baina sokan hasi nintzenean, lehenengo hiru urteetan irteera guztiak egiten nituen, eta gaupasa eginda ateratzen ginen. Gero horrela ibiltzen ginen. Bai, parrandak galdu egiten dira, baina zezena estimatuz gero, ez da falta sumatzen.

Zenbat urterekin utzi ohi zaio sokamutil izateari?

Ez dugu mugarik jartzen. Norberaren hautua da. Bakoitzak iruditzen zaionean uzten du. Etxean umeak dituelako, lanarengatik ezin duelako denbora eskaini, zahartu egin delako edo min hartu duelako uzten dio sokamutil izateari.

Abentura asko bizi izango zenituen sokamutil gisa.

Lehen aldiz atera nintzen urtean soka hautsi zen. Hamalau metroko soka gelditu zitzaion zezenari, eta beste sokamutil beterano batekin batera soka heldu eta barandara lotu genuen. Bitxikeriak urtero gertatzen dira. Astearte goiza oso polita izaten da. Erdi kalean jende ugari egoten da, eta nahiko zaila izaten da guretzat jendearekin estropuz egiten dugulako. Jendea ez da konturatzen, eta erdian jartzen da. Bultza egin behar diezu, eta orduan abiadura galdu eta zezena gerturatu egiten da. Tentsio handiko uneak dira. Erdi kaleko momentuak dira zirraragarrienak.

KONPARTITU