Sokak prestatzen

831

Hasi dira sokamutilak datorren sokamuturra prestatzen, sokak atontzen ari direlako. Atzo (urtarrilak 12) ekin zoten, euren lokalean. Sansebastianetan 20an eta 23an izango da zezena.

Azpeitiko sokamutilek ekin diote sansebastianetarako soka prestatzeari. Atzo arratsaldean elkartu ziren euren lokalean, Damaso auzunean —argazkian—, eta datozen festetarako soka atontzen jardun zuten.

Aurten sansebastianetatik karnabaletara hilabete eta erdiko tartea dagoenez —jai karnabala martxoaren 6an da aurten—, orain soka datozen festa hauetarako soilik prestatzen ari dira. Hain zuzen, San Sebastian egunean—hilaren 20an— ez ezik, 23an ere izango da zezena, igandez.

Nola egiten dute soka?

Uztarria Azpeitiko herri aldizkariak 2003an soka egiteko prozesua azaldu zuen erreportaje batean. Laburtuta: mutilek soka eginda jasotzen dute. Bi soka mota, hain zuzen ere. Bata bestea baino meheagoa: meheena 26 milimetroko lodierakoa da eta bestea 36 milimetrokoa. Meheena 50 metrokoa da eta bestea 30 metrokoa jasotzen dute baina gero lodia moztu egiten dute, zazpi bat metrotan utziz. Eta orduan hasten da beraien lana. Soka bana puntatik 40 bat zentimetro askatzen dute, punta bakoitzean lau hari soltean geratzen dira, eta soka lodiko eta meheko zortzi harri muturrok ezkontzen hasten dira, uztartzen, hari finenak soka lodira pasatuz eta hari lodienak soka finera, azkenean soka lodia eta mehea bat eginda utzi arte.

Soka lodia zezena lotuta egoten den lepokora lotua egoten da, eta hor ere soka puntan hari solteak egin, buelta eman lepokoari eta halaxe prestatzen dute parte horretako soka. “Zezena topera iristen denean —zioen Oskar Osinaldek Uztarria-ko erreportajean—, kantoiekin-eta kontuz ibili beharra dago, soka ez eteteko. Orduan, kantoi parean-eta hobe izaten da soka lodia harrapatzea eta ez fina, hartara zailagoa izango delako puskatzea. Eta tokian-tokian soka bera luzeago edo motzago jartzen dugu; kontrolatua dugu hori”. Azken batean, soka bakoitza 50-55 bat metrokoa da.

KONPARTITU