Mikel Odriozola Zezen Beltzekoari elkarrizketa

897

(Urola Kostako Hitza) Urtebete bada Zezen Beltz elkartea asteburu osoko egitarau bat antolatzeko asmoarekin dabilela. Azkenean, egitarau sendoa osatu eta datorren ostiralean, larunbatean eta igandean egingo dute. Mikel Odriozola Zezen Beltzeko kideak antolatutako ekimenen berri eman dio Urola Kostako Hitza-ri.

Zer dela-eta antolatu dituzue datorren asteburuko ekitaldiak?

Urtebete bada bileretan hasi ginela asteburu bat bete ekitaldi antolatzeko kontuarekin. Zerbait sendoa egin nahi genuen. Mahai gainean jarritako lehen idea Euskal Herriko ganadu lehiaketa antolatzea izan zen. Baina Euskal Herrian ganadutegi asko dago eta lehiaketa luze geldituko zelako, Azpeitiko sokamuturrera etortzen diren lau ganadutegiak ekartzea erabaki dugu. Gero, Artzubitik zezen-plazaraino itxi eta han zezena aske uztea proposatu zen elkartean. Baina, horrek lan asko eskatzen zuen: tartean karrerak daude, eta hesiak San Martingo egoitzaraino bakarrik daude. Lan asko eskatzen zuelako Udalak ezezkoa eman zigun. Horrelaxe, pixkanaka-pixkanaka ideiak mahai gainean jartzen eta gauzak antolatzen joan gara. Gero, Azpeitiko Argazki Elkarteko Jexux Artolak sokamuturreko argazki zaharrekin eta sokamutilen argazkiekin Azpeitiko sokamutilak DVDa prestatu eta bukatu du. Horrek ere gu antolatzen ari ginen egitarauarekin bat egin du, eta DVDaren aurkezpenarekin batera mahai-inguru bat antolatu dugu ostiralerako. Horrelaxe asteburua bete dugun arte egitaraua osatzen joan gara. Azken batean, aspalditik zetorren kontu bat da.

Eta data nola aukeratu duzue?

Hor ere hainbat kontu izan dugu. Sansebastianetan, Inauterietan eta saninazioetan zezena jartzen dugu, eta ez genuen dena elkarren gainean egiterik nahi. Iraila garai ederra iruditzen zitzaigun, baina irailean zezenarekin lotutako hainbat ekitaldi izaten da Euskal Herriko hainbat herritan. Ekitaldi horien denboraldia garai honetan bukatzen da, eta horregatik hori bukatu orduko antolatzea erabaki dugu.

Haurrentzako ere hainbat ekitaldi antolatu duzue Zezen Beltzen asteburuan?

Haurrentzako larunbat eguerdirako eta igande arratsalderako zezen karretoia antolatu dugu. Herriko hamabi neska-mutilek hartuko dute parte bertan. Haurrak herriko hiru ikastetxeetan aukeratu ditugu. Haurrek zezen karretoia Etxe Zuritik Plaza Txikiraino eraman eta han lotuko dute. Gero, Plaza Txikian karretoiarekin jolasean ibiltzeko aukera izango dute.

Larunbat arratsalderako herriko lau taldek parte hartuko duten zezen jolasak antolatu dituzue. Zein izango dira lau talde hauek?

Zezen Beltz elkarteko eta ingurukoak gara. Launa laguneko lau talde osatu ditugu. Esaterako, talde bat lehen sokamutilean ibilitakoek osatuko dute; bestea Zezen Beltzen dabiltzan gazteek; eta bestea gaur egungo sokamutilek. Taldeka zezenarekin sei edo zazpi joko egin beharko dituzte zezen-plazan. Lokotx bilketa da jokoetako bat: zezena plazan dabilela lokotxak bildu beharko dituzte. Lehiaketa moduko bat da, baina umorez antolatutakoa eta lehia sanoarekin. Kasu honetan bi euroko sarrera jarri dugu. Era honetako ekimen bat dirua kostatzen da: ganadua, asegurua, DYA… Eta ahal baldin bada horiek ordaintzeko adina diru ateratzeko jarri dugu sarrera. Jolasak bukatutakoan, nahi dutenek zezen enbolatuarekin jolasteko aukera izango dute.

Iganderako, berriz, ganadu txapelketa antolatu duzue. Nolako txapelketa izango da?

Zortzi buru izango dira txapelketan: lau zezen eta lau behi. Zezen-plazan piramide bat eta mahai handi bat jarriko ditugu, erdian poste batekin. Eta Euskal Herriko bost errekortari ibiliko dira ganaduekin. Txapelketan baloratuko dena zezenaren itxura eta zezen-plazan egiteko gai izan dena izango da: mahaira igo al den, piramidera igo al den, mahaiari buelta eman al dion… Horrela, buru bakoitzari puntuak ematen joango gara. Epaimahaikideak Zezen Beltzekoak izango dira.

Aurten aurreneko aldiz antolatu duzue era honeko asteburu bat. Hurrengo urteetan segitzeko asmoarekin antolatu al duzue?

Bai, bai, printzipioz hurrengo urteetan ekimenarekin segitzeko asmoa badugu Zezen Beltz elkarteko kideok, asteburuaren baitan ekitaldi berriak antolatuz eta gehituz.

KONPARTITU