Hementxe direla atzera berriz ere

1089

(Uztarria) Ihauterietako osagai dira Albizu ganadutegiko zezenak. Aurten 30. urtea segidan beteko du Albizuk herrira etortzen. Mutrikun dago, Olatz auzoan, ganadutegi hura, eta han izan da Uztarria.

‘Botijo’, ‘Camalento’, ‘Azpeitia’, ‘Castro’… Zezen ezagunak guztiak ere Azpeitian. Eta haiek denak Albizu ganadutegikoak. Hain zuzen ere, aurten beteko ditu Albizuk 30 urte batere hutsik egin gabe herrira sokamuturrera zezenak ekartzen, 1971n etorri zelako lehen aldiz, ezustean etorri ere. «Aurreko urteetan beste ganadutegi bat joaten zen Azpeitira, baina zezen txikiegiak zeuzkan Azpeitia baterako eta porrot egin zuen. Eta, halako batean, guri hots egin zigun, ea lagunduko al genion eta ea zezenen bat eramango al genuen Azpeitira. Ezustean harrapatu gintuen deiak. Gu orduan beste ganadutegi batekin sozio geunden, eta ‘Botijo’ eraman genuen, hura zelako geneukan idisko bakarretakoa. Eta halaxe joan ginen lehendabiziko urtean, ‘Botijo’-rekin. Eta gure ‘Botijo’-k kristoren erakustaldia eman zuen Azpeitian orduan, jendeari itxuragabe gustatu zitzaion zezen hura, eta hurrengo urtetik aurrera geu bakarrik joaten hasi ginen hara».

Anton Albizu mintzo da hala, gaur egun Albizu ganadutegiko arduradun nagusia; Martzelino aitari hartu dio lekukoa Antonek. Mutrikun dago Albizu ganadutegia, Olatz auzotik gertu, eta hantxe izan da Uztarria. «Gure aita lau urte zituela etorri zen Lasturtik hona. Aspaldi, beraz. Pare bat behi-edo zituen orduan, eta trenean eta ahal zen moduan ekarri omen zituen. Baina guk ez ditugu ganaduak ordutik, aurreragotik baizik, neure aitaren aurrekoek ere betidanik zituztelako baserrian behiak-eta».

Bost ganadutegi daude Olatz auzoaren inguruetan, eta ehunen bat buru ditu Antonenak. «Oraintxe ditugu gehien, baina kopurua jaitsi egin behar dugu, zaila baita hauek guztiak mantentzea». Batik bat Antonen emazteak —Lourdes Udabek— zaintzen ditu zezenak, Antonek ez baitu baserrian egiten lan. Gauez bueltatzen da baserrira, eta Lourdesek ematen die zezenei jatekoa. «Lan handi-handia ere ez da, egia esan. Izan ere, zezenekin ez daukazu esne-behiekin bezala halako ordutegi finkorik. Lastoa edo pentsua ondo ematea da kontua», dio Lourdesek.

Sokamuturrik gogorrena

Ehun buru dituzte, baina guztiak ez dauzkate batera, justu toki berean: batzuk ikuiluan eta besteak larrean. «Ikuiluan daudenak Azpeitira doazenak dira. Eta, ikusten duzuen bezala, lotuta ditugu. Txandaka soltatzen eta ateratzen ditugu zelaira. Izan ere, hauek denak batera soltatuko bagenitu, elkar joka hasiko lirateke, horrelako joera dutelako, eta igoal geratuko ginateke Azpeitirako zezenik gabe e!», dio Antonek, ikuiluan bertan. Ez soltatu badaezpada.

Ondo zaintzen dituzte herrira datozenak. «Gogorra baita Azpeitiko sokamuturra. Nik esango nuke Euskal Herriko gogorrena dela. Eta, batik bat, sokagatik. Pisua du handia sokak eta hori mugitu egin behar da e! Pentsa, behin, Ihauterietan, astearte goizez, euria egin zuen batean, Etxe-Zurinekoan kapritxoz pisatu egin genuen soka eta 92 kilo harrapatu zituen, zikinkeria zeukalako asko. Baina bestela ere asko pisatzen du».

Lehen, bertako zezenak zituzten Albizunean. «Baina txikitxoak ziren, eta Azpeitia batean handiagoak behar direnez, nahasketekin hasi ginen eta gaur egun gehienbat Salamancako (Espainia) eta Nafarroako nahasketak ditugu». Zezen handiak, beraz. «Bai, handiak. Azpeitian soka horrekin ondo ibiltzeko, hanka-luzea behar du zezenak, altua, soka horrekin ondo arrankatzeko eta abiadura hartzeko». Nekez egingo omen du hori pisu gutxiko zezenak. Gaur egun 310 kilotan dago muga (56,3 erraldetan, Antonen-eta hizkeran; bost kilo eta erdi da erralde bakoitza), baina…

Azpeitian zezenak

Bada garaia Azpeitira Albizu ganadutegiak larre-behirik ekartzen ez duela, Antonek aitortzen duenez. «Niri behin halaxe esan zidaten Azpeitian: ‘Guk nahiago diagu zezen eskasa larre-behi onaren aldean’. Eta guk jendearen gustoa egiten dugunez, ba zezenak eramaten ditugu. Horrelakorik ez dugu inon entzun, beste tokietan lasai-lasai botatzen ditugulako larre-behiak. Eta gauza bat: Azpeitiko sokamuturra existitu ez balitz, igoal-igoal ibiliko ginateke larre-behiekin edo zezen txikiagoekin leku denetan. Baina Azpeitikoa badago, eta oso gustokoa dugu, eta hara joateko idisko handiak eduki beharra dago».

Berezia omen baita sokamutur hau. «Azpeitian bakarrik egoten da soka argoila bati lotuta. Durangon ere bai toki batean, baina argoilari pare bat buelta ematen zaizkio sokarekin, erabat lotu gabe. Beste toki guztietan geu ibiltzen gara zezenaren edo larre-behiaren atzetik sokarekin, eta horrela erosoago edo lasaiago jarduten dugu, baina Azpeitian ohitura hori dago, eta, jakina, errespetatu egiten dugu».

Jendearekin ez dute arazorik edukitzen, «azpeitiarrek ondo dakitelako zer den sokamuturra. Gu Hego Euskal Herri osoan ibiltzen gara, eta Otxandion eta Azpeitian bizi du jendeak gehien sokamuturra. Eta gaur egun lan honetatik irabazirik ateratzea zaila bada ere, gustora joaten gara Azpeitira. Hori bai, idiskoak ondo ibiltzen badira, orduan eta gustorago bueltatzen gara etxera», dio Antonek.

Ondo zaintzen dituzte zezenak Albizunekoek. «Urte osoa horretarako, sokamuturrerako dute zezen hauek». Aurtengo Ihauterietan zezenak ondo ibiliko diren ustea du Antonek. Asteartean ariko dira Albizuneko zezenak; igandean eta astelehenean, Arno ganadutegikoak.

«Zezen argia zen ‘Botijo’»

‘Botijo’-k dauka errekorra: 13 urtean segidan etorri zen; hiru urtekoa da batez bestekoa

Zezen mitiko bihurtu zen ‘Botijo’ Azpeitiko sokamuturrean, hamahiru urtean segidan etorri zelako. ‘Azpeitia’ eta ‘Castro’ zortzi bat urtean etorri ziren. Gaur egun hiru urtekoa da batez bestekoa.

German Rekejo, belauniko, `Botijo´-ren aurrean, 1981ean.

1971n etorri zen ‘Botijo’ lehen aldiz. Hasieran ‘Camalento’ eta biak baino ez ziren ibiltzen herriko kaleetan, «garai haietan sokamuturra laburragoa zelako, bi ordu eta erdi ingurukoa», dio Fernando ‘Pikua’-k. «Etxe-Zurinekoan atera eta Errotan aldatzen genuen lehen zezena, eta bigarrenak bukatu arteko saioa izaten zuen». Gaur egun zazpi zezen ateratzen dira. ‘Botijo’-k egun berean bigarren aldiz ere irten behar izan zuen batzuetan, eta Anton ganaderoak gogoratzen duenez, «bigarrengoan ez zen ibiltzen lehenengoan bezala, baina orduan ere ez zuen hutsik egiten».

Idisko ona baitzen ‘Botijo’. «Ez zen oso handia, kilo askorik ez zeukan, baina sendoa zen», dio Antonek. «Ibiltaria zen sokan, eta azpeitiarroi halakoak gustatzen zaizkigu», iritzi dio ‘Pikua’-k. «Bertako zezena zen, eta argia. Eta orduan zezen gutxi zegoenez, destakatu egiten zuen. Igoal gaur ez litzateke horrenbeste nabarmenduko», Antonen ustez. ‘Pikua’-k dioenez, «bazekien sokakook non geunden eta ez zuen toperik jotzen».

Hemeretzi urte zituela «kendu» zuten ‘Botijo’, Antonek oroitzen duenez. «Osasun kanpaina hasi zen orduan, eta barrua eta dena ondo zeukan arren, odolean zerbait zuela esan ziguten eta kendu beharra eduki genuen. Baina ondo zegoen. Hil aurreko urtean, adibidez, kapan ibili zuten Portugaleten, eta gure ‘Botijo’ han ere ondo».

Di-da batean

 

Anton Albizu

Nola antzematen duzue zezen bat ez dela ona?

Ikuiluan asko mugitzen den zezena normalean ez da ona plazarako.

«Zergatik hainbeste denbora zezen bat aldatzen?», galdetzen dute batzuek…

Sartu kamioira, orduan ikusiko dute zer den! Zezenak nekatuta iristen dira eta beste zezenen azpira sartzen dira.

Zu, Anton, behin ere harrapatu al zaitu zezenak Azpeitian?

Ez. Baina ezin dut esan ez nauenik harrapatuko. Dabilena harrapatzen du. Nire anaia bai harrapatu zuela behin, ‘Botijo-’ren anaiak.

Ondo sokamutilekin?

Izaten ditugu geure eztabaidak-eta, baina ondo. Hori bai, ohartuta nago zezenari baino gehiago, beldur handiagoa diotela zezenak beraiek pasatzeari soka daramatela, gero jendeak adarra jotzen dielako.

Sokamuturraren arazo bat…

Ba, gero eta portal gehiago daudela itxita; batez ere Eliz Kalean. Horrela handiagoa da arriskua.

Sokamuturreko tokirik gustokoena?

Plaza.

Eta txarrena?

Plaza baita ere, baldin eta zezena arkupeetara sartzen bada; izan ere, sokari tiraka hasten zara eta zezena nekatu egiten da.

Hainbat pasadizo

Larre-behiak

Lehen larre-behiak ere botatzen ziren, «eta behin, astearte goizez, soka Errebaletik eliz-atarira zeramatela, sartu zen larre-behia plazan postuetara-eta, eta dena altxatu zuen; hango laranjak eta kaxak… Orain azoka artean jartzeke egotea nahi izaten dugu», dio Antonek.

Xoxotera ospa

Albizukoei ere egin izan die zezenak ospa sokamuturretik. «Orain dela 27 urte, adibidez, gure zezen batek Errebalean goian hanka egin zuen. Lepokoa atera zuela uste dut, eta Izarraitz aldera joan zen», dio Antonek. «‘Botijo’-ren anaia zen, gainera: ‘Xarpa’. Ordurako ilunduta zegoen, eta hurrengo goizean joan ginen bila, mantsoarekin. Harrapatu eta arratsaldean zezen huraxe sokan ibili zen».

Txanpain botilak

Era guztietako uneak bizitakoa da Anton. «Ni Azpeitian ezagututa nago jendea bi txanpain botilarekin eskuan eta zezenean. Orain dela 20-25 urte izango zen hori. Gaur egun igoal baten bat ikusiko dugu edandako itxura egiten, baina hurreratzen zaio zezena eta aide azkar hark e! Otxandion bai ibiltzen direla mozkorrak. Han neskak-eta ez pentsatu mugitzen direnik; geldirik eta danba!».

Larri ikuiluan

Beraien baserrian ere estuasunik pasatutakoak dira Albizunekoak, Lourdes Udabek kontatzen duenez. «Behin, Ihauterietarako pare bat aste falta zirela, zezen bat askatu egin zen ikuiluan, eta han hasi zen beste zezenei egurra ematen, eta ni baserrian bakarrik nengoen orduan eta ez nekien zer egin. Pentsatu nuen zezenik gabe geratuko ginela Azpeitira. Azkenean behintzat dominatu genuen».

Benetako monja

Saninazioetan ere etortzen da Albizu ganadutegia, eta Antonek gogoan du bere zezen batek monja harrapatu zueneko eguna. «Egaña parean bat monja jantzita ikusi nuen. Gaupasa eguna zen eta hura mozorrotuta-edo zegoela pentsatu nuen nik. Baina bai zera, benetakoa izan! Hura kolpea eman ziona zezenak. Gora altxatu zuen. Monja hark ez zuen jakin ere egingo zezena zer zen».

Entzierro txikia

Zezen txikiekin ere buruhausterik pasatutakoak dira, Antonek dioenez. «Orain 20 urtetik gora, eta Saninazioetan zela uste dut, umeen entzierroa egin zen plaza nagusitik zezen-plazara, eta Errota parean han aldegin ziguten zezen txiki haiek denek; bost-edo ziren. Batzuk Azkoitia parean harrapatu genituen. Eta, pentsa, azkena Martiten, zortzi egunera. Baina, tira, azkenean ez zen ezer pasatu».

KONPARTITU