Sokako sekretutxoak

881
OLYMPUS DIGITAL CAMERA

(Uztarria) Sokamuturrerako zaletasunak eraman zituen sokamutil izatera. Sokari utzi bazioten ere, afizioa ez dute galdu. Gustatuz gero, betirako da.

Sokamutil hitza ez da hiztegietan aurkitu erraza. Azpeitian, ordea, inork ez du hiztegirik behar zer esan nahi duen jakiteko. Sokamuturrik gabe festarik ez dagoela esaten den bezala, sokamuturra sokamutilik gabe irudikatzea zaila da. Garai batean harakin eta abere-hiltzaileek betetzen zuten zeregina aldatuz joan da urteen poderioz eta sokamutilen belaunaldiak bata bestearen atzetik igaro dira, gaur egunekoetara arte. Joxin Beloki (Azpeitia, 1934), German Rekejo (Azpeitia, 1949) eta Luis Angel Etxeberria Zapatei (Azpeitia, 1960) belaunaldi ezberdin horietako ordezkarietako batzuk dira. Hiruek urte mordoa egin zuzten sokari eta honen bestaldeko muturrean zetorren zezenari tiraka. Beraiei entzunda nabari daitezke sokamutilen jardunak izan duen bilakaera; baita, gauza batzuk ez direla inoiz aldatu.

Mutil koskorretatik

“Nik uste dut hemen, Azpeitian, mutil koskorretatik etortzen dela”. Luis Angel Etxeberriaren hitzak dira. Zezenerako afizioaz ari da, eta sokamutil izatearen gogoaz. “Txiki-txikitatik zezenaren eta festaren giroan sartzen zara eta, orduan, gustatzen bazaizu, pixkat hurreratzen hastan zara —jarraitzen du Zapateik—. Eta antzeman egiten zaio mutilari, gainera; gustatzen bazaio, segi egiten du. Urtea joan eta urtea etorri eta, tak, mutil koskorra han, eta sokamutilak berak ere hori ikusi egiten du, horri gustatu egiten zaiok. Hortik etortzen da bidea, hurrengo sokamutilak apartatzeko”.

Joxin Belokik eta bere lagunek, berriz, sokamutiletara jolasten omen zuten, ahal zuten guztian: “Bagenituen adar batzuk, eta soka. Koadrila elkartzen ginen, Eliz kalean, —hor bizi ginen—. Bueno hi, zer, zezena aterako al dugu? Ekarri hitzak adarrak. Eta benga, adar horiek atera eta sokarekin: Eliz kaletik, Erdi kaletik, kantoitik pasatu… hor ibiltzen ginen. Adarrak hartu batek, zezenarena eginez, eta besteak, sokarekin. Afizioa? Guk bezala, beste koadrila batzuk ere bai, e? Guk behintzat ez genuen hutsik egiten, ia egunero ibiltzen ginen horrela. Jolas hori tipikoa izaten zen guretzat”.

German Rekejori ere txikitatik zetorkion zaletasuna, argazkiak lekuko. “Argazkiak badauzkat, txiki-txikia nintzenekoak, Artetxeneko zeran, adartxo batekin nago… Betitik gustatu. Gustatzen zaionari, gustatu egiten zaio eta hantxe, saltsan”, dio.

Indarra eta abilezia

Sokamutilak beharrezko dituen dohainak hizpide, eta aipatutako afizioaz gain, indarra edo fisikoa eta abilidadea aipatzen ditu Luis Angel Etxeberriak: “Gaur egunean, esijentzi handia dago fisikoki, oso handia; orduan, mutila fisikoki indartsua bada, niretzako, hobeto. Baina, koadrila batean artistak ere behar dira; nahiz eta txikiagoa izan, zezenaren aurrean erraz ibiltzen dena. Ez da edozein izaten, zezenaren aurrean dohainak dituena”.

Puntu honetan, ‘artista’ren pertsonifikazio moduan hartzen dute German Rekejo bere solaskideek: “Honek (Rekejoz) indar askorik ez zeukan, baina zeharo artista zen”, dio Etxeberriak; “hau toreroa zen”, Belokik.

Rekejok ‘Botijo’ zezen mitikoarekin harreman berezia zuela nabarmentzen du Etxeberriak: “Ganaduzaleak ere esaten du oraindik, Botijoren aurrean honek hainbeste gauza egindakorik, ezta inor ere. Hau bezala makurtzen zena, metro batera-eta… Nik ez dakit, zezenak berak igarri egin zion-edo, kariñoa hartu zion-edo…”. Rekejok ez du ezetzik esaten: “Niri Martzelinok (ganaduzalea) esaten zidan: hik honekin ederki egingo huke lo“.

Urguilua duk hori!

Azpeitian zezenak ‘marruskaturen’ bat ematea “urguilua” ere izaten dela diote gure protagonistek, “abentura bat bezala” kontatzeko moduko zerbait bai, behintzat. Luis Angel Etxeberriak badu horren inguruan pasadizo adierazgarri bat, bere garaiko beste sokamutil bat tarteko zela. “Eliz kalean geunden, portal batean. Zezenak mutil koskor bat harrapatu zuen, jaso genuen eta atenditzen ari ginen. Sustoa zeukan bakarrik, baina, errekuperatzen. Nire lagunak esan zion: hi lasai, azpeitiar batentzako hori urguilua duk-eta. Orain lagunei esango diek, zezenak harrapatu hauela, eta ikusiko duk, heroi bat izango haiz! Nik mutilarekin jarraitzen nuen bitartean, laguna portaletik kalera irten zen. Eta nik ez dakit, pasadizoan katigatu egin zuen-edo, bera bota zuen zezenak hankaz gora; seko gelditu zen lurrean. Eta lehengo mutil koskorrak, begira jarrita: hi lasai, hori urguilua duk-eta.

Ukuilutik ukuilura

Etxe Zurineko ukuiluaren aipamenak behin baino gehiagotan sortzen dira hiru sokamutil ohien arteko solasaldian. Garai batean handik ateratzen zen zezena, Erdi kalean gora abiatzeko. Hiruek ezagutu zuten irteera hura, baina Etxeberriak eta Rekejok ibilbideko beste tokietan zezenak kamioitik ateratzen ezagutu dituzten bezala, Belokik gogoan dauka sokamuturra kamiorik gabe egiten zenekoa ere. “Lehen ez zen horrelakorik —dio, kamioiaren erabileraz—. Etxe Zurinekotik atera eta, gero, Tomaseneko pare horretan ukuilu bat zen; orain Astotegi parean arraindegia badago ba? Hortxe zen Tomaseneko taberna, eta hura eta Zelaitxo artean ukuilua. Han aldatzen zen zezena. Gero, handik, zezen-plazara ere joaten ginen, eta han berriro zezena aldatu. Zezena edukitzeko beste toki bat Goiko Errotan zegoen. Irteerakoa ez zen ezer ezer izaten; Goiko Errotan zezena atera eta, gu, neka-neka eginda, eliz atariraino etorri behar. Hura bai, pasarea!”.

Zezenak eta sokak

Beloki, Etxeberria eta Rekejo bat datoz gaur egun sokamuturraren antolaketa bera eta sokamutilak ere “hobeto prestatuta” daudela esatean.

Horren adierazgarrietako bi lirateke erabiltzen den zezen eta soka kopurua. German Rekejoren esanetan, “orain zezen gehiago ateratzen dituzte. Lehen bi edo hirurekin egiten zen dena. Azkenerako ia bazekizun zein zetorren: ‘Botijo’, ‘Camalento’, ‘Azpeiti’… ipini genizkien izenak. Hi, zera atera behar ditek, ‘Camalento’, edo ‘Castro’… Orain ez dakigu zer zezen atera behar duten”. Joxin Belokik ere beraien garaian “hirurekin” moldatzen zirela gogoratzen du; “eta goizean ibilitakoak, arratsaldean ere berberak, igoal”, gaineratzen du Rekejok. Kopurua alde batera utzita, ganaduaren kalitatea ere “asko hobetu” dela irizten dio Luis Angel Etxeberriak, “konpetentzia handia dagoelako. Lehen ganaduzale bat etortzen zen; gaur egunean hiru ganadutegi etortzen dira Azpeitira, eta hirurek nahi dute nabarmentzea, despuntatzea. Pikea dago, batak besteak baino hobeak ekarri nahia”.

Sokarekin ere antzera gertatzen da. Soka bakoitzarekin gehienez pare bat irtenaldi egiten dituzte gaur egun sokamutilek. “Ez dute dudakorik nahi”, esaten du Etxeberriak. Izan ere, bere garaian zezenak hiru bider hanka egin zien sokamutilei, soka etenda; “kalitate txarrekoa etorri zen eta soka eten egiten zen erraz”, azaltzen du Zapateik. Gaur egun, horrelakorik ez; eta hori luxu bat da ia, Beloki eta Rekejorentzat: “Gu ibiltzen ginenean, soka berarekin igoal urteak. Puskatu duk, lotu; puskatu duk, lotu. Azkenerako, soka motz-motza!”, dio Belokik. “Orduan bi soka zeuden eta haiek konpontzen zizkiguten. Soka, aldatu?…”, berriz, Rekejok.

Erdi kalea, beti

Baina badira, urteak joan eta urteak etorri, sokamutilentzat berdin-berdin mantentzen diren kontuak ere. Ibilbideko une bat, zati bat aipatzeko esan, eta hor agertzen da, Erdi kalea. “Niretzako —dio Belokik—, Erdi kalea onena eta txarrena izaten zen. Gu behintzat puskatuta ailegatzen ginen plazara”. Sokamutil eta zezenaren arteko lehia hori, plazara zein aurretik iritsi, berdin mantentzen dela dio Etxeberriak: “Beste tarteetan pasatuz gero ez da inporta, baina sokamutil guztiek zera hori daukate, ezta? Irteeran bera zezenaren aurretik iristea. Orduan, zatirik ederrena eta gogorrena da. Topera joaten zara eta… Oso-oso esplosiboa da”.

Eta Erdi kaleaz ari garela, berriro ere, ‘Botijo’ famatua. Joxin Belokik kontatzen duenez, “Artetxeneko Miguelekin tratu bat-edo” izaten zuten beraiek: plazara zezena baino lehen iristen baziren, pare bat txakolin botila eta txanpinoiak sokamutilentzat. “Gehienetan, gu iristen ginen aurrena”, dio sokamutil ohi beteranoak. Baina ez beti…: “Batean, gogoan daukat, ‘Botijo’ harek, Etxe Zuri aurrean zegoen seinale bat katigatu, eta, jota seinale eta guzti pasatu gintuen, Azpeitianeko parean. Hura duk abiada, hura! Ez dakit plazaraino hala joan zen, baina Plaza Txiki alderaino bai, joan zen. Gu gelditu egin ginen: segizak, nahi duana egin zak. Ez zen giro hari eusten gero, hark zeraman abiadarekin”.

Mataderiko karroa

Erdi kalean beste zezen ‘klase’ bat ere ibiltzen zen lehen, goitik behera, gainera: mataderiko karroa. “Azpeitian ia zezenak baino susto handiagoak eman dituena”, Etxeberriaren hitzetan. Garai batean, sokak eliza atzean zegoen ganadu hiltegian gordetzen zituzten eta, sokamuturra bukatzen zenean, sokamutilek soka aipatu karrora igo eta Erdi kaletik behera eramaten zuten. “Orruz hasten zinen, kalea jendez gainezka… bueno!”, gogoratzen du Etxeberriak, kalean sortzen zen triska deskribatuz. “Guk utzi genion hori egiteari —dio Rekejok—, jendeak protesta egin zuelako; gurasoak umeekin, denak anda la letxe“.

Milaka kontu eta komeria gogora. Oroitzapen txarrik, apenas. Legeak lege, sokamuturrerako afizioa Azpeititik desagertzea ez da sokamutil ohiek gertu ikusten duten zerbait. Eta gazteak, sokari tiraka.

Argazkian, lehengoak eta oraingoak: Joxin Beloki, Oskar Osinalde (alabarekin), German Rekejo, Aitor Kordoba eta Luis Angel Etxeberria, soka artean

KONPARTITU