Ostirala, martxoa 29, 2024

'Azpeitiko sokamutilak' DVDa

Jexux Artolak, herriko argazki elkarteko kideak, Azpeitiko sokamutilak DVDa argitaratu zuen 2009ko urriaren 16an. 1954koa da laneko irudirik zaharrena. “58 sokamutilen argazkiak daude DVDan. Ez dakit denak dauden; beste sokamutilik ba al da?”, zioen Artolak aurkezpenean.

Azpeitiko sokamuturrean sokamutilak 1925etik, behintzat, badaude (neskentzat ere atea irekita dago). Garai batean, lau lagun aritzen ziren irteera bakoitzeko; 1975etik aurrera, bost. Taldea berritzen joaten dira. Ganadutegikoek lotzen diote zezenari lepoan soka, eta hori gero mutilek ibiltzen dute, kalez kale. 50-55 metroko soka da. Zuriz jantzita joaten dira, gerriko eta lepoko zapi gorriekin.

Euren borondatez jarduten dute, zaletasunagatik. Lan handia da. Herriko festa nagusiak kontuan hartuz gero, karnabaletan igandean 12:00-12:30 eta 16:30-20:00 artean izaten da sokamuturra, astelehenean 16:30-20:00 artean, eta asteartean 7:00-9:30 eta 16:30-20:00 bitartean; San Sebastian egunean 12:00-12:30 eta 16:30-20:00 artean. Gogorra egiten da, sokak pisua duelako, astuna baita. Behin, adibidez, Etxe-Zurinekoan pisatu zuten eta 92 kilo harrapatu zituen, zikinkeria asko zeukalako.

Mutilek beraiek prestatzen dute zezeneko soka, Donostiatik ekarrita. Espainian egiten da soka, eta materiala Asia eta Afrikakoa da.