Asteazkena, apirila 24, 2024

SOKAMUTURRA - HISTORIA

Imanol Elias Odriozola (Gaiztoa), historialaria

Gipuzkoako lurraldearen erdian kokaturik den Azpeitiko herriak, antzinatik du lorturik zezenzaletasun ohorea eta inguruko herrietako biztanleen artean entzun izan dugu behin eta berriro honoko esaldia: “Azpeitian ez duk festarik, zezenik ez bada”.

Ez diote gezurrik horrela pentsatzen dutenek eta ez da ere gezurra azpeitiarren zezenzaletasunak oinarri bereziak dituela, historian zehar aurkitzen direnez datu interesgarriak, adierazten dutenak garbi gainera, zezenaren presentzia derrigorrezkoa izan dutela azpeitiarrak edozer eratako ospakizunak bizitzeko.

Lehen albisteak

Udal Artxibategian aurkitu dugun zezenari buruzko albisterik zaharrena, ia orain bostehun urtekoa da, hain zuzen ere 1518koa, baina kontutan edukitzekoa izanik agiri zaharragorik ez dela bertan herritarren bizitzako giroa jasotzen duenik behintzat. Gipuzkoako probintziara bisitaldi bat egin zuten erregeek eta gertakizuna ospatzeko alokatu zitzaion zezen bat bost dukat ordainduz Pedro Ruiz de Agirre jaunari. Herritarrak jolastuko ziren berarekin.

Ondorengo urteetako datuak aberatsagoak dira dudarik gabe, xehetasun gehiago agertzen dutela agiriek, eta beraien bidez dakigu 1522 eta 1533an itxitura batzuk egokitu ondoren korritu zirela zezenak, azken urte horretan gainera enparantzan (Plaza Txikian seguruenik), eta aurrekoan berriz litekeena da entzierro baten erara jolastea.

Pentsatzekoa da, garaian, larrebehiak, idiak edo erdi kastako zezenak erabiliko zirela horrelako jaialdietan, gehienean gainera herrian bertan aurki zitezkeenak, eta 1535ean berriro aipatzen zaigu Pedro Ruiz de Agirre, zezen bat kontratu zitzaionez eta beste zezen bat berriz Leizeagakoa zen. Bat eta bestea, bi bider jolastu ziren nonbait enparantzan prestatutako itxituraren barne eta erabat nekaturik, hiltzeko zorian gelditu zirela esaten zaigu. Herriak erabaki zuen biak erosi eta ondoren harakin bati saltzea.

Azken urte horretan bertan ordea, probintziako Korrejidorearen aginduz, lau zezen inguratu zituen herriak, bi egunetan zehar bina zezen jolasteko. Beraietako bat Joan Sanchez de Odriari kontratu zitzaion eta beste bana berriz Herarrizaga, Aranaz eta Odriozolakoak ziren. Behiak erabili behar izan zituzten beraiek herriratzeko unean.

Garbi da, garaiko agiriek adierazten dutenez, gehienean behintzat itxitura baten barruan jolasten zirela zezenak Azpeitian, 1542 eta 1558an gertatuko zen bezala.

Sokamuturra

Baina 1567. urtean herriko agintariek hartutako erabaki batek adierazten digu aldaketa berezi bat, zezenarekin jolasteko beste era apartekoa eta gainera azpeitiarrentzat behintzat beharrezkoa egin dena nonahitik begiratuta ere gaur egunera bitartean.

Aipaturiko 1567ko urriaren 14an bildu zen Azpeitiko udalbatzarra, erreginak seme bat izan eta ospakizunen egitaraua prestatzeko asmoz. Elizkizunak, dantzak, gaueko suak eta argitaratzeak tartean zirela, honoko agindu hau ematea erabaki zuten:

“Que Juan de Ondarra y Pedro de Altuna, carniceros de la Villa, traigan a cada buey o toro, que con sus sogas corran las calles, pagando a cada ducado”.

Sokamuturrari buruzko lehen albistea dugu, gutxi gorabehera orain lau mende eta erdi hartutako erabakia eta herritarren artean txertatuta gelditu den zezenarekin jolasteko era berezia.

Gogoan edukitzekoa da bestalde, herriko harakinei eskatzen zitzaiela herriaren aldetik urteetan zehar, hornikuntzarako kargua hartzen zutenean, soka bat beraien aldetik inguratzea, hiltegira eraman behar zituzten idiak kaleetan zehar erabiltzeko herritarrak jolastu zezaten, ekintza hori bera ere sokamuturra bihurtuz, baina idatziz eta xehetasun guztiak ematen direla demostratu daitekeen datu bakarra dugu aipatzen duguna eta antzinakoa gainera.

Historia luzea du bada sokamuturrak Azpeitian eta era guztietako gertakizunez betea gainera, kaleratzen den bakoitzean giro apartekoa sortzen dela beraren inguruan, bat eginik txistuak, sokamutilak eta herritar gazte eta zaharrak sokaren muturrean den zezenarekin.

Zekorketa eta zezenketak

Ondorengo urteetan, batez ere aipatzekoak dira probintziak agindutako arma erakusketa egunean eta Agustin donearen egunez eskaini ohi ziren zezen jaialdiak, guztiak itxitura baten barne egiten zirenak eta herritarrak jolasten zirela, baina 1609. urtean Loiolako Inazio beatifikatzean, jai egun bat gehituko zen azpeitiarren egutegian eta urte batzuek geroago Herri Jai horietan eskaintzen ziren jaialdiak zekorketa eta zezenketak bihurtuko ziren.

Gehienean ordea, zekorketa edo zezenketa amaitzean, erdi kastako bat edo bi zezen ateratzen ziren herritarrak jolastu zezaten, edo jaien amaiera egunean hartzen zuten parte herritarrak zekorketa batetan.

Batez ere San Agustin eta Santo Domingo komentuen aurrean zegoen lurraldea herriak bereganatzean (unean Enparantza Nagusia), bide berri bat hartuko zuten zezen jaialdiek, lehenik inguruko zezenak jolasten zirela 1644an bezala eta ondoren berriz parte harturik bertan kanpoko toreatzaileek ez ezik zekor edo zezen kastakoek.

Zaletasunaren ezaugarria da aipaturiko urte horretarako herritarren aldetik eginiko zezen eskaintza. Alkateak ez ezik, beste zezen bana inguratuko zuten bost erregidorek, eta beste bana eskatuko zitzaien berriz sei herritar jauntxoei.

Kastako zezenak

Batez ere jabetuz azpeitiar agintariak herriko jai nagusietara jendetza handia hurbiltzen zela, eskaintzen ziren zekorketa eta zezenketa hobetu nahi izan zituzten, kanpoko zezenak eta toreatzaileak kontratatuz. Horrela gainera, probintziako zezenekin eskaintzen ez zen beste ikuskizun bat gehiago erantsiko zitzaion jaialdiari, hau da, zezenaren hilketa, bertakoek ez zirenez hiltzen eta kanpotik ekarritakoak bai.

Nafarroatik hiru zezen ekartzea erabaki zuen herriak 1665ean eta antzeko zerbait errepikatuko zen bi urte geroago. Tuteratik ekarriko ziren berriz lau zezen 1677an, Pedro Jimenez jaunarekin tratua egin ondoren.

Nafarroakoak ez ezik, Salamancako zezenak kontratatu ziren Azpeitirako 1683an eta Gaztelakoak ekartzeko ere prest agertu ziren azpeitiar agintariek 1687an, garbi geldituz gaur egun antolatu ohi diren zezenketen oinarri sendoak izan zirela lehenengo zekorketa haiek.

Herriaren ekonomiak agintzen zuen eta sekulako aldaketak ezagutuko ziren ondorengo urteetan, batzutan inguruko zezenak jolastuz eta besteetan kanpokoak.

Gaur egun

Gauzak ez dira gehiegi aldatu Azpeitian, lehen bezala orain ere, zezenketek Herri Jaietan dute beraien tokia eta sokamuturrak osatzen du berriz azpeitiar egutegiaren gainontzeko hutsunea. Sansebastianak eta inauteriak ezingo lirateke behar bezala bizi Azpeitian sokamuturra kaleratu gabe. Izan ere, ikuskizun paregabea sortzen da herriko kaleetan eta gainera inoiz errepikatzen ez dena.

Erabat alde batera gelditu dena, garai batetako entzierroa da, azkenaldian azaldu besterik ez zuenez egin beraren aurpegia, 1902, 1921 eta 1929an, ondorengo urteren baten umeentzako antolaturik eta azkenaldian horrelakoren bat Zezen Beltz elkartearen aldetik antolatuta.

Bestalde, toki itxi batean zezen askatuarekin jolastea ere nahiko urrutian gelditu zaigu, oraindik gogoan baditugu ere Gernikako Zuhaitzaren inguruan antolatu ziren jaialdiak, batez ere inauterietan 1908tik aurrera, baina nahiko denboraldi motzean.

Dena dela, zezenik ez bada Azpeitian, ez da festarik. Festa osorik ez behintzat…

Soka ez da eten dokumentala

Soka ez da eten liburua