Use: “Ikaragarri plaza ona da Azpeitikoa”

1495

Azkeneko hiru urtean Eusebio Sacristan Use (La Seca, Valladolid, Espainia; 1989) izan da Errekortarien Txapelketako Azpeitiko saioko irabazlea, eta ostegun honetan (18:00) ere izango da gurean. Elkarrizketa egin dio Zezenbeltz.eus-ek.

Sasoian ailegatuko al zara Azpeitira?

Baietz uste dut. Kolonbian hasi nuen denboraldia, urtarrilean, eta martxoan bernezurra hautsi nuen, Ciudad Rodrigon [Salamanca, Espainia]. Osatze epeak laburtzearren, neure fisioterapeutarekin lan gogorra egin dut, eta maiatzean martxan nintzen berriro. Ondo nago. Prestakuntzan eragozpen hori izan dut, baina, bestela, ohi bezala prestatu naiz: fisiko asko eta zezenik kasik ez; izan ere, kapearik ez dut egiten ia, ez dudalako plazetara erreta iristerik nahi.

Nolako maila dago errekortarien artean?

Bikaina. 11 denboraldi daramatzat nik honetan, eta esango nuke iaz eta aurten dagoela mailarik onena. Edozein da gai irabazteko edonon.

Azkeneko hiru urteetan zeuk irabazi duzu Azpeitian.

Bai. Lau urte daramatzat Azpeitian. Aurreneko urtean bigarren bukatu nuen, eta besteetan, irabazi egin dut. Ea laugarrena lortzen dudan ostegunean. Animatuta nago.

Azpeitikoa zer moduzko plaza iruditzen zaizu?

Ikaragarri ona. Afizioa sekulakoa da: asko ulertzen du honetaz, gertukoa eta beroa da, eta errespetua du errekortariekiko. Guk asko baloratzen dugu zaleek ondo egindako errekorteak-eta estimatzea. Beste plaza batzuetan ikusleek nahiago izaten dute ikusgarritasuna. Eta Azpeitiko plazak, gainera, xarma du.

Zenbat saio egiten dituzu urtean?

Iaz 113 egin nituen. Aurten lesio garrantzitsu hori izan dut, baina ehun plazatik pasatuko dudala uste dut.

Errekortari izatetik bizi al daiteke?

Ez. Etxera diru poltsa bat ematen duzu, hori bai, baina lan egin beharra dago. Ikasketak bukatu ondoren, duela hamar urte hasi nintzen lanean, bodega batean, hemen, Valladolideko probintzian bertan: Ruedan. Egunean zortzi orduz aritzen naiz lantokian, eta gero entrenatu egin behar. Gustura nabil; asko betetzen nauen zerbait da niretzat errekortari izatea.

Azpeitikoaren aurretik non izango duzu atzeneko saioa?

Valentziako [Herrialde Katalanak] hiriburuan: asteazken honetan, gaueko hamarretan.

KONPARTITU