Bost mende, hamaika bizipen

1010

(Uztarria aldizkaria) 500 urte beteko ditu sokamuturrak aurten. Etxe Zuri ondoko ukuilutik aterako dute zezena, ohitura berreskuratuz.

Aurtengoa urte esanguratsua izango da sokamuturzaleentzat; izan ere, 500 urte dira herrian sokamuturra lehen aldiz egin zela. 1518koa da sokamuturraren lehenengo idatzizko konstantzia, Imanol Elias historialariak Azpeitiko Udal Artxibategian aurkitutakoa. Zezen Beltz Elkarteak, lehengo eta gaurko sokamutilek, Argazki Elkarteak, Udal Musika Bandak, Azpeitiko Udalak eta sokamuturzaleek herri batzordea osatu dute, bosgarren mendeurrena ospatzeko.

Iñaki Urkiak (Azpeitia, 1950) eta Juan Joxe Azpeitiak (Azpeitia, 1950) gogoan dituzte sokamutil aritu ziren lehen urteak: “Garai ederrak ziren, momentu ahaztezinak bizi izan ditugu”. Urkia 1971ko Astearte Karnabalean irten zen sokamuturrean lehen aldiz. “Juan Mari Gurrutxaga Txokolo-k ezin zuen irten eta aukera horrek bai edo bai nirea izan behar zuela pentsatu nuen, ezerk ezin zidala kendu”, azaldu du. Garai hartan, 21 urte zituen Urkiak, eta soldadutza egiten zegoen garai hartan. Komandanteari baimena eskatu eta eman egin zion: “‘Baina zezenak ez zaitzala harrapatu’ esan zidan”. Zazpi urtean zehar, urtez urte irten zen zezenean. “Behin ezkondutakoan, uztea erabaki nuen”.

Azpeitia, berriz, lau urte beranduago hasi zen sokan ateratzen; 1975ean, hain zuzen ere. “Fernando Bereziartua Pikua-k lanean ari zela min hartu zuen, eta haren ordez sokan neuk irteteko esan zidan. Ilusio handia egin zidan aukera hori niri emateak”. Handik sei urtera, gazteak atzetik zetozela eta, haiei aukera ematea eta sokamuturra uztea erabaki zuen Azpeitiak.

Botijo’ gogoan

Biak ala biak Botijo zezenaren garaikoak dira. Zezen mitikoa bihurtu zen Azpeitiko sokamuturrean; izan ere, 13 urtean segidan ekarri zuten herrira. 19 urte egin zituenean, ekartzeari utzi zioten.

Gogoan du Urkiak zezen hura sokamuturrean lehen aldiz atera zuten eguna: “San Sebastian eguna zen, lehenen atera zuten zezena ukuilura erretiratu behar izan zuten, adarra hautsi baitzitzaion. Bigarrena ere erretiratu egin zuten. Hirugarrena Botijo izan zen”, azaldu du. “Esan beharra dago, hasieran baldar samarra zela eta ertz guztiak jotzen zituela, baina, urtez urte, joan zen herriko kaleak ezagutzen”, adierazi du Azpeitiak. Izan ere, izkina askotan katigatzen zela diote. “Urteak joan, urteak etorri, azpeitiarrentzat zerbait berezia bihurtu zen Botijo”.

Ukuiluan, etxean bezala

Garai batean, Etxe Zurineko Lurdes Arruti (Azpeitia, 1959) eta bere familiaren ukuilutik irteten zuten zezenek; handik ateratzen zituzten eta Erdikalean gora abiatzen ziren. Ondoren, herriko ukuilu batzuetan aldatzen zituzten; esaterako, astotegian eta Goiko Errotan. 1980tik Erdikale barrenean jartzen duten kamioitik ateratzen dute sokamuturreko lehen zezena; aurten, ordea, usadio zahar hura berreskuratuko dute; izan ere, urtarrilaren 21ean, igande arratsaldez, Etxe Zuri ondoko ukuilutik aterako dute berriz lehen zezena.

Arrutik ondo gogoratzen ditu ukuilutik ateratzen zituzten zezen haiek: “Ikaragarrizko ikusmira egoten zen Etxe Zurineko ukuiluan, jende asko etortzen zen zezenak ikustera: haurrak, gazteak, helduak… Denak etortzen ziren, eta izugarrizko jende-ilarak egiten ziren bertan”. Hark azaldu duenez, zezena irten aurretik animalia hori ukitzera ere jende asko gerturatzen zen. “Garai haietako oroitzapen onak ditut, jendea gustura ikusten baikenuen”.

Urtero-urtero Arrutiren osaba Joxe Mari Arrieta apaizak ematen zion zezenari hasierako pasea: “Meza amaitu eta justu-justu iritsi ohi zen”. Arrutik jakinarazi duenez, oraindik arraroa egiten zaio zezena haien ukuilutik ez irtetea, eta garai bateko giro hori faltan sumatzen du. “Baina ari naiz pixkanaka-pixkanaka ohitzen”.

Lehen, gaur egun baino zezen gutxiago ekartzen zituzten, joan-etorrian ez ibiltzearren. Gainera, Saka ganadutegiko arduraduna Etxe Zurinekoen etxean lo egindakoa dela adierazi du Arrutik: “Noiz edo noiz egun bat lehenago etorri izan ziren”.

“Erraztasun gehiago”

Ibilbidea aldatzeaz gain, beste hainbat aldaketa ere izan ditu sokamuturrak, Azpeitiaren eta Urkiaren arabera. “Egun, goizetan, sokamutil batzuk irteten dira eta arratsaldean beste batzuk. Guk, laupabost sokamutilek, tokatzen ziren egun guztietan irteten genuen”, azaldu du Azpeitiak. “Leher eginda amaitzen genuen”, gehitu du Urkiak.

Duela urte batzuk arte, mauka motzean irteten ziren sokamutilak, eta Urkiak-eta azaldu dutenez, beren dirutik ordaintzen zuten arropa. “Nire aita garai hartan zinegotzia zen, eta eguraldi txarra zegoen batean galdetu nion ea anorak batzuentzat-edo dirurik ba al zegoen. Ezta pezetarik ere ez zutela erantzun zidan”, azaldu du.

Hala ere, bada garai hartan Azpeitia gehiago mindu zuen zerbait. Astelehen Karnabal batean zezenean irteteagatik lanean zigortu egin zuten. “Zigorrik txarrena jarri zidaten: hiru eguneko soldata kendu zidaten. Hala ere, denboran atzera eginez gero, gauza bera egingo nukeen”.

Gaur egun, lehen aldean, sokamutilen taldea handiagoa da, eta bi sokamutil ohiek azaldu dutenez, txandak egitea “errazagoa” da. Sokamuturzaleen arabera, “egun erraztasun gehiago dituzte sokamutilek”, baina aitortu dutenez, oso ongi iruditzen zaie erraztasun horiek ematea.

“Ez dago kentzerik”

Argi dute Arrutik, Azpeitiak eta Urkiak herriko festak zezenik gabe ez liratekeela berdinak izango. Urkiaren arabera, herriko festak sokamuturrik gabe ez dira ezer: “Zezena ez dago festetako egutegietatik kentzerik. Azpeitiko zezen-plaza ez balitz beteko edota herritarrak ez balira horrelako ekitaldietara joaten, kentzea ulertuko nuke, baina obligazioz ezin da kendu, zaletasun handia dago-eta Azpeitian”.

Urkia ados dago Azpeitiarekin: “Gogoan dut behin ez zela sokamuturrik egon, eta kaleetan barrena inor ere ez zen ikusten. Ezin da sokamuturra bezalako ekitaldi bat kendu, herritarrek eskatzen duten zerbait da eta”.

KONPARTITU