Formatu berria errekortarien txapelketarako

903

Hilaren 25eko Azpeitiko ikuskizunean, gaur egungo hamabi espezialista onenek hartuko dute parte, sei zezen ikusgarriren aurrean. Aurten sistema berri eta erakargarri batean, aurre-kanporaketak eta buruz buruko finala –bi onenen artean– izango dira. Gaur arratsaldean aurkeztu dute saioa Zezen Beltzek eta udalak (argazkian).

Aurten Errekortarien Txapelketa Nagusiko Azpeitiko saioa berritasunekin dator. Toropasion enpresak Zezen Beltz elkartearekin batera, ikuslegoarentzat erakargarria izango den kanporaketa bidezko txapelketa diseinatu dute. Uztailaren 25ean izango da saioa (18:30, zezen-plaza), eta momentuko hamabi espezialista onenek hartuko dute parte, Toropasion finkako sei zezen ikusgarriren aurrean. Ezaugarri ezberdinak dituzten errekortariak lotzen saiatu gara; jauzi, kiebro eta errekorteetan onenak diren gazteak etorriko dira.

Besteak beste, Jonatan Estebanez Peta —bi aldiz Espainiako txapeldun izandakoa—, Víctor Holgado —bi aldiz corte puro ligako txapeldun izandakoa—, Dany Alonso —2011ko corte puro ligako txapelduna izandakoa—, Andres Civera eta Juan Nieto kebratzaileak, azken urteetako errekortaririk onena den Sergio Delgado, Paquito Murillo jauzilaria, David Ramiez Peque beteranoa, Mika Romero frantziarra eta Sergio Valle euskal herritarra etorriko dira.

ZEZENAK

Ganadutegi ezberdinetako Toropasion finkako sei zezen ikusgarri izango dira. Juan Pedro Domecq jatorria duten Jimenez Pasquau-ko hiru zezenek irekiko dute kanporaketa. La Campana ganadutegiko bi zezen izango dira ondoren, kolore zuri-beltzekoak. Eta final nagusirako, D. Julio Aparicioko zezen beltz bat. Aurten saiakera berezia egin dute antolatzaileak zezenak aukeratzerakoan; zezen ikusgarriak plazaratu nahi izan dituzte.

FORMATU BERRIA, AURRE-KANPORAKETAK ETA BURUZ BURUKO FINALA 

Toropasion enpresak asmatutako formatu berria, Zaragozan eta beste zenbait plazetan martxan jarritakoa da.

Hamabi errekortari lau laguneko hiru multzotan banatuko dira; talde bakoitzak zezen bat izango du. Talde bakoitzeko bi onenak ondorengo fasera pasatuko dira. Bigarren fasean, hiru errekortariz osatutako bi talde ariko dira, eta talde bakoitzak zezen bana izango du. Azkenik, talde bakoitzeko onenek, buruz buruko finala jokatuko dute zezen baten aurrean.

ERREKORTARIEN ZERRENDA

Jonatan Estebanez (Arganda del Rey, Madril, Espainia)

Sergio Valle (Gasteiz, Araba, Euskal Herria)

Víctor Holgado (Vezdemarban, Zamora, Espainia)

Andres Civera (Sagunto, Valentzia, Herrialde Katalanak)

Dany Alonso (Vezdemarban, Zamora, Espainia)

Mika Romero (Baiona, Euskal Herria)

Sergio Delgado (Chinchon, Madril, Espainia)

Paquito Murillo (Humanes, Madril, Espainia)

David Ramírez (Arganda del Rey, Madril, Espainia)

Juan Nieto (Museros, Valentzia, Herrialde Katalanak)

Dani Rubio (Nules, Castello, Herrialde Katalanak)

Juan Domingo Sancho Polvorilla (Villareal, Castello, Herrialde Katalanak)

SARRERAK

Uztailaren 25eko saiorako sarrerak uztailaren 11tik salgai daude.

KONPARTITU