Osteguna, azaroa 21, 2024

Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurrena ospatzeko, herri batzordea

2018a data esanguratsua dugu Azpeitian: herriko kaleko zezenak-sokamuturrak 500. urtea du, agian gehiago dituen arren. Izan ere, idatzizko lehenengo konstantzia 1518koa da, Imanol Elias Odriozola historialariak Azpeitiko Udal Artxibategian topatutakoa.

Sokamuturraren bosgarren mendeurrena ospatzea merezi duelakoan, Herri Batzordea osatu genuen hura antolatzeko, Zezen Beltz Elkarteak, lehengo eta gaurko sokamutilek, Argazki Elkarteak, Musika Bandak, Udalak eta sokamuturzaleek.

2018ko urtarrilaren 9tik otsailera 13ra (astearte karnabala) artean ospatu genuen bosgarren mendeurrena; urtarrilaren 8an aurkeztu genuen egitaraua, prentsaurreko batean.

Argazkian: Azpeitiko sokamuturrak 500 urte (1518-2018) Herri Batzordeko kideak, 2017ko irailaren 11ko bileran. Zutik, ezkerretik eskubira; Unai Frantsesena (Musika Bandako zuzendaria), Julen Labaka (Zezen Beltz Elkartea), Aitor Bereziartua (Zezen Beltz Elkartea), Mikel Odriozola (sokamutil ohia) eta Andoni Unanue (sokamutil ohia). Eserita, ezkerretik hasita, Jexus Artola (Argazki Elkartea), Onintza Urbieta (sokamuturzalea), Mikel Ibarzabal (Udaleko Festa batzordeburua), Fernando Arakistain (sokamutil ohia) eta Enekoitz Esnaola (sokamuturzalea).