Uztailaren 25ean jokatuko da, Santiyo egunez, Azpeitiko zezen-plazan (18:30). Txapelketako saio bakarra izango da. Zezen Beltz sariaren III. edizioa ere jokatuko dute.
Datorren uztailaren 25ean (osteguna, Santiyo eguna) Azpeitiko zezen-plazan 2013ko Errekortarien Txapelketaren VII. edizioa – Zezen Beltz sariaren III. edizioa jokatuko da. Orain arte txapelketa herri batzuetan jokatu izan den arren –iaz Azpeitian, Lizarran eta Tafallan, esate baterako–, aurten Azpeitian baino ez da izango.
Espainiako Estatuko errekortari onenak bilduko dira saio berezi honetan, errekortariren aurreko edizioetako irabazleekin lehiatzeko. Nabarmentzekoa da, halaber, lehen aldiz emakume batek hartuko duela parte: Carolina Delgadok.
Honako hau izango da lehiaketaren dinamika: hasteko, estatuko lehen hamabi errekortarien artean III. Zezen Beltz sariko irabazlea erabakiko dute. Errekortari hau final handira pasatuko da, eta bertan errekortari lehiaketaren lau txapeldun historikoekin neurtuko ditu indarrak. Lehia horretatik aterako da 2013ko Errekortarien Txapelketako txapelduna.
Irabazlearentzat, 3.007 euroko txekea izango da.
Errekortariak maila handikoak dira; beraz, ikusgarria izango da ekitaldia.
Azpeitiko feria 18:30ean hasiko da, Javier Molina (Sevilla, Espainia) ganadutegiko zezenekin. ETB1en lehiaketa abuztuaren 1ean izango da ikusgai.
Ekitaldia Zezen Beltzek, Azpeitiko Udalak eta Taurovision enpresak antolatuko dute.
Adin guztietako jendeari zuzendutako ikuskizuna da errekortariena. Ikuskizun entretenigarria eta emozioz betea da.
Sarrerak salgai
– Zenbakidun gabeko sarrerak salgai: 15 euro helduentzat eta 5-14 urte arteko umeentzat 10 euro. Salgai Pastorkua, Juantxo Txiki, Ametsa, Iraurgi SB, Hartzubia, Eguzkitza, Etxe-Zuri, Jim Clark, Diego eta Azkoitiko Elurren.
– Zenbakidun sarrerak salgai: 15 eta 25 euro artean. Hilaren 19an (18:00-20:00), 20an (12:00-14:00) eta 24an (18:00-20:00) erosi ahal izango dira, Sanagustinpen.
– Hilaren 25ean bertan ere erosiko ahalko dira, zezen-plazan, 17:00etatik aurrera. Dena dela, komeni da sarrerak aurreko egunetan erostea.
Parte hartzaileak
1. Asier Guerra (Aldeanueva de Ebro). Bigarren sailkatu zen Errekortari 2012an.
2. Jonatan Estébanez El Peta (Arganda del Rey, Madrid). Bitan izan da errekorteko Espainiako txapelduna eta Zaragozako (2012) txapelduna.
3. Jesús Benito El Chispa (Valdilecha, Madrid). Iscar eta Benaventeko errekorte garbiko txapelduna.
4. Josele de Peñalver (Guadalajara). Zaragozako txapelduna birritan, eta txapelduna Madrilen eta Medina del Campon.
5. Juan Manuel Corcovado (Arganda del Rey, Madrid). Guadalajarako txapelduna eta Valladolideko errekorte garbiko finalista.
6. Paquito Murillo (Humanes, Madrid). Santanderko txapeldunordea.
7. Roberto García Durango (Chinchón, Madrid). Calahorrako Gazte Promesen Lehiaketako txapelduna eta Benidormeko txapeldunordea.
8. Cristian Blanco (Castello, Castellón).
9. Eloy Pueyo (Teruel).
10. Sergio Urruticoechea (Logroño).
11. Alberto Panadero (Chinchón, Madrid). Chinchongo txapelduna.
12. Carolina Delgado. Historiako lehen emakume errekortaria.
Azpeitiko saioetako orain arteko txapeldunak
2008: Joel Rodriguez.
2009: David Ramirez Peque.
2010: ez zen txapeldunik izan, Quesero zezenak eragindako ezbeharraren ondorioz.
2011: Joel Rodriguez / Rubén Fernández Cuatio.
2012: Oscar Morales.
Argazkia: aurtengo aurkezpena, zezen-plazan.