Aurten ere Juan Mari Amenabar irabazle

962

Martxoaren 16an banatu zituzten Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako karnabaletako sokamuturraren inguruko XXXIV. Imanol Elias Argazki Lehiaketako sariak, Betharrametako aretoan.

Lehen saria, Juan Mari Amenabar Otola-k irabazi du, Zezenaren arriskuak argazkiari esker (argazkikoa da), eta garaikurra nahiz 365 euro eskuratu zituen. Iaz ere hura izan zen garailea.

Bigarrena, Valen Garcia izan zen Elkarlanean argazkiarekin, eta 235 euro eta garaikurra jaso zituen. Carlos de Cos izan zen hirugarren saritua, Ya bajaras irudiarekin, eta 200 euro eta garaikurra irabazi zituen.

Laugarren eta bosgarren sailkatuek ere sariak jaso zituzten. Laugarren postua Alberto Belokirentzat izan zen, Ez nauk harrapatuko irudiagatik, eta 120 euroko saria eskuratu zuen. Alex Berasategi izan zen bosgarrena Lepotik helduta re bai argazkiari esker, eta 80 euro jaso zituen.

Bost sari horiez gain, Altzarte saria ere banatu zuten. Karnabal giroko argazki onenari ematen diote sari hori, eta Alex Berasategiren Zer pasatuko da izan zen garailea. Hori dela-eta, 150 euro eta plaka jaso zituen Berasategik.

21 argazkilarik hartu dute parte Sokamuturra Argazki Lehiaketan, eta 117 argazki jaso dituzte orotara. Martxoaren 31ra arte ikusgai dira argazki guztiak, Betharrametako aretoan; astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.

Iazko argazki garailea ere Amenabarrena izan zen. Hauxe:

KONPARTITU