Zezenekin jolastera irtetearen arriskuak

932

Joan den igandean (urtarrilaren 23an) ohi baino lan gehiago izan zuten DYAkoek sokamuturrean zauritutakoak artatzen. Istripu asko zoriz gertatzen dira, baina gehienak saihes daitezke arduratsu jokatuz gero.

Sokamuturraren tradizioak aspaldi bota zituen sustraiak Azpeitian. Argi ikusi da zaletasun hori amaitu berri diren San Sebastian jaietan ere. Aisialdirako eta entretenimendurako ohitura da sokamuturrarena, baina, ez dago, inolaz ere, arriskutik libre. Joan den igande arratsaldean bistan gelditu zen hori ere. 11 lagun artatu zituzten DYAko lagunek igande arratsaldean; zezenak harrapatutakoak ziren batzuk, irrist egindakoak besteak, kolpeak hartutakoak gehienak eta, larriena, sokak harrapatuta erori zen adin txikiko mutila (argazkia). Hamaika komeria, sokamuturra ez baita jolasa, hala dirudien arren.

Adin txikikoa zaurituta

Plazatik Donejakue kale aldera jo zuen zezenak igandean, soka luzatuz. Eta hiru lagunekin batera sokak tenkatzean, orkatila parean jo zion adin txikiko mutil bati, eta lurrera erori zen. Konortea galdu zuen, minutu gutxiren buruan bere onera etorri zen arren. Zezena plazaren bestaldean kateatu eta berehala bertaratu ziren DYAko boluntarioak. Zauritua inmobilizatu eta anbulantzian eraman zuten anbulatoriora eta, handik ospitalera, obserbaziora.

Eusko Jaurlaritzak 2008an onartu zuen zezen-ikuskizunei buruzko araudiak jasotzen duenez, 16 urtez beherakoek ezin dute halako ekitaldietan parte hartu; gehienez ere ikusle moduan egon daitezke, eta beti heldu baten laguntzarekin. Igandeko istripuaren kasuan, arrazoi batengatik ala besteagatik, arau hori hautsi egin zen, mutikoak, berez, ezin baitzuen zezenaren eremuan ibili.

Udaleko ordezkariek eta sokamutilek diote “ia ezinezkoa” dela adin txikikoak sokamuturrean ez jardutea erabat kontrolatzea. Udal Festa batzordeburu Jabier Altunak adierazi du bere esku dauden neurriak hartzen dituela Udalak: “Oharrak jartzen ditugu behebarru guztietan, eta adin txikikoek ezin dutela parte hartu ohartarazten dugu. Kaleak ixten ditugu, eta sokamuturra dagoela abisatzen dugu. Bitartekoak jartzen ditugu, baina eginahal guztiak eginda ere ezin dugu ziurtatu adin txikiko bat hesitik aterako ez denik, edo behebarru batetik kalera aterako ez denik”.

Udaleko idazkari Olatz Eizagirrek adierazi du erantzukizunak eskatuko balira, “gertakari honen ondorioa, dudarik gabe, prozesu bat” izango litzatekeela. “Oraindik orain, arduradunak hatzez seinalatzea gehiegizkoa da. Txostena egingo da, eta hor agertuko da ea gazte horrek zer egiten zuen hor, eta hor egon behar zuen ala ez”, dio Eizagirrek “Tramitazio horretan agertuko dira erantzuleak”. Edozein modura ere, Udalak beharrezko prozedurak tramitatuko dituela dio; “hortik aterako dira ondorioak”.

“Arduragabe ugari”

Mikel Odriozola sokamutilak ongi ezagutzen du sokamuturreko giroa eta, jende askok “zertan dabilen eta zer arrisku dituen” badakien arren, burugabe asko ere badagoela aitortzen du. “Norberak ikusten du zenbat arriskatzen den eta zenbateraino den gai zezenaren aurrean egoteko”, dio Odriozolak.

Arrisku horien artean, nagusia soka dela dio, hain zuzen: “Herritarrek badakite hori eta, normalean, sokak harrapatzen dituenak kanpotarrak izaten dira. Hala ere, momentu bateko despistea edonork izan dezake, eta sokak bota. Guk beti abisatzen dugu soka luzatzera doanean, eta herritarrek ere *soka, soka* oihu egiten dute, jendea kontuz ibil dadin”. Zezenaren beraren eta sokaren atzetik, eremu arriskutsuena plazako arkupeak dira. “Jendeak babesa ikusten du arkupeetan, baina oso arriskutsua da, ez baitakizu nondik aterako zaizun zezena”, dio Odriozolak,. “Hori hala, onena plaza erdian ibiltzea da”.

Arriskuez ahal duten guztietan ohartarazten dutela dio sokamutilak. “Baina ezin dugu ehuneko ehunean denak zaintzen jardun; gure lana zezena ibiltzea eta zezena zaintzea da”. Sokamuturrean, gomendatu eta abisatu egin dezaketela dio. “Baina ez gara ez udaltzainak, ez ertzainak, eta ezin dugu denak zaintzen edo gaztetxo denak bidaltzen jardun. Norbera da bere buruaren arduradun. Hori ez da gure lana”, dio Odriozolak.

Astakeria ugari ikusitakoak dira sokamutilak. Haurra bizkarrean zeramala, sokamuturrean zebilen aitarena kasu. “Arreta deituta ere, ez zigun kasurik egiten”. Behin mozkor bat arrastaka atera behar izan zutela gogoratzen du: “Eta entzun behar izan genituenak!”.

Agureak ere ibili ohi dira, makulu eta guzti, zezenean. “Horiei ere esaten diegu, bai guk, bai herritarrek, ez ateratzeko”. Batzuek egiten dute kasu, besteek ez. “Jendeak pentsatzen du ez duela zezenak harrapatuko edo ez diola ezer egingo, baina deskuido bat nahikoa da, eta zezenak ez du barkatzen”.

Sokamutilak argi du zein den herritarrentzako eta sokamuturrean dabiltzanentzako gomendio nagusia: “Kontuz ibiltzea, hori ezinbestekoa da. Jendea ez da askotan konturatzen, baina sokamuturrean ez dago bromarik”.

Sokamutilen argazkiak.

KONPARTITU