Azpeitiarrak sanferminetan

1068

Iñaki Elortza kazetaria eta Joxe Ramon Larrañaga argazkilaria lanean egon dira Iruñean. Festetako azken orduetan euren sentsazioak azaldu dituzte.

Gaur (asteartea) gauean agurtuko dituzte sanferminak Iruñean. Ekainaren 6an txupinazoa bota zutenetik, mila momentu eta istorioren lekuko izan da Nafarroako hiriburua. Zortzi egun hauetan milaka lagun bildu dira. Horien artean, sanferminetara lanera joandako bi azpeitiar: Iñaki Elortza Txapas Euskadi Irratiko kazetaria eta Joxe Ramon Larrañaga argazkilaria —honek Noticias komunikazio talderako egiten du lan—. Biak Iruñean daude oraindik, festetako azken orduak bizitzen.

Iñaki Elortza (Euskadi Irratiko kazetaria)

Zer moduz joan dira aurtengo sanferminak?

Kazetari bezala, nire lana egiteko arazorik ez da egon, eta zentzu horretan festak ondo joan dira. Entzierroak, gertatutakoa albo batera utzita, ondo egon dira. Pilotalekuan ere izaten naiz eta aurten oso maila handia ikusi dugu.

Aurtengo entzierrotako une bat?

Zezenak Iruñeko 44 urteko gizon bat harrapatu zuenean, igandean. Hasieran Telefonica parean harrapatu zuen eta gero zezen-plazara sartzeko kailejoian. Momentu horrekin geratzen naiz.

Zer pentsatzen duzu entzierroa hasteko minutu batzuk falta direnean?

Nire nahia lana ondo egitea da eta horretan pentsatzen dut; guztia ondo irtetea. Nire entzuleekin pentsatzen dut. Gero, noski, entzierro ona izatea.

Nolakoa da sanferminetako lan egun bat?

Goizeko bostetan jaikitzen naiz, guztia prestatzeko, eta gauera arte egoten naiz lanean, pilotalekuko kronika egin behar izaten dut-eta. 01:00ak aldera amaitzen dut. Egunean zehar hiru edo lau ordu hartzen ditugu deskantsatzeko, baina lan neketsua da.

Gutxiago falta da datorren sanferminetarako, ezta?

Ez dakit datorren urtean etorriko naizen, hori ez dut nik erabakitzen baina, niregatik balitz, gustura itzuliko nintzateke Iruñera lanera.

Joxe Ramon Larrañaga (‘Noticias’ egunkariko argazkilaria)

Festetako azken eguna da gaur. Zer sentsazio dituzu?

Sentsazio arraroa dut. Urtero etortzen naiz Iruñera, eta badakit entzierroetako arriskua hor dagoela, baina inoiz ez duzu espero aurten gertatu dena gertatzea. Madrilgo mutilaren harrapaketa bertatik bertara ikusi nuen. Inoiz ezin zara ohitu horretara.

Argazki batekin geratzekotan, zein hautatuko zenuke?

Txupinazoko momentua, dudarik gabe. Eguerdiko hamabiak baino minutu batzuk lehenago izaten da unerik hunkigarriena niretzako. Jende asko egoten da Udaletxe plazan, eta beste urteetan ezin izan naiz plazan egon, baina aurten bertako izkina batean egon nintzen. Ez zen jendea ikusten, zapi gorriak eta eskumuturrak bakarrik. Argazki horrekin geratzen naiz, baina beste asko ere izan dira. Gaurko entzierroan, adibidez, lasterketa ederrak ikusi ditut Estafetan.

Pobre de mi-rako prestatuta?

Bai, baina aurretik une asko geratzen dira oraindik. Argazki asko atera daitezke gaueko hamabiak baino lehen.

Luzeak egiten al zaizkizu sanferminak?

Lan asko egiten dugu egun hauetan. 05:30ean jaikitzen naiz. Normalean, goizean sei ordu egiten ditugu lan, eta arratsaldean beste sei. 21:30ak aldera bukatzen dut. Baina gustura ibiltzen gara. Aurten, oso lan profesionala egin dugu eta alde horretatik pozik nago. Eguraldia ere ona izan da eta horrek ere laguntzen du.

KONPARTITU