Jagoba Labaka, sokamutil berria

1067

Inauterietan irten behar zuen aurreneko aldiz sokamutil, baina beste batek min hartu zuelako Sansebastianetan aritu zen estreinakoz lan horretan Jagoba Labaka (Azpeitia, 1991). Inauterietan, Elegante Eguneko eguerdiko sokamuturrean eta asteartean arratsaldekoan jardungo da.

Nolatan sokamutil?

Beti jarraitu izan dut sokamuturra, txikitatik gustukoa izan dut. Aurrena hesien atzetik eta denborarekin zezenetik gero eta gertuago ibiliz. Lehengusua ere (Oskar Osinalde) sokamutil ibiltzen da eta haren bitartez hasi naiz.

Inauterietan hasi behar zenuen, baina sansebastianetan estreinatu zinen sokamutil. Urduri?

Bai, hasieran bai. Sansebastianetan Mikelek (Odriozola) min hartu zuen eta haren ordez sansebastianetako astelehenean irten nuen. Hasieran oso urduri, baina pixkanaka lasaitu eta oso gustura ibili nintzen.

Hurrengo egunean giharretako minik bai?

Bai, bai izan nituen. Baina normala zela esan zidaten beste sokamutilek.

Zer izan zen zailena?

Zezena ateratzeko garaian, Erdi kalean lehen suziri edo etxafuegotik bigarrena arteko tartea izan zen zailena. Urduri nengoen. Baina Erdi kaletik herriko plaza artekoa ederra izan zen oso. Sokamutil bezala beste era batera bizi delako memento hori, zezena-eta desberdin ikusten da.

Gainontzean sokamuturrean gustukoena zer duzu?

Ikusteko ederrena plaza da, jendeak han ematen duelako ikuskizun gehiena. Miserikordia aldea ere polita da sokamuturrerako. Eliz kalean-eta beste modu batekoa da, karreretan-eta ibili behar delako. Halere, ikusteko eta sokamuturrean ibiltzeko toki denak dira politak eta onak.

Txarrena zer da sokamutil bezala?

Igoal Erdi kalean zezena atera eta gorako bidean jende asko ibiltzen da tartean, erdi bidean, eta haiekin tupust ez egiteko kontu handia eduki behar da.

Soka egiten ikasi al duzu?

Oraindik ez didate erakutsi, baina denborarekin hori ere ikasiko dut.

Karnabaletan mozorrotzen al zara?

Bai, bai, beti. Batzuetan, idea ona badaukagu, koadrilan janzten gara. Baina aurten bakoitza bere mozorroarekin irtengo gara. Hori bai, gero txintxo ibili beharko dugu.

Sokamutil jardutekotan ezin parranda asko egin, ezta?

Garaiz erretiratu beharko dugu, hurrengo egunean sokamuturrean ibiltzeko beharko ditugu denak eta.

16 urterekin irten duzu sokamutil. Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi duen araudia beteko balitz justu-justu ariko zinateke. Han diotenez, 16 urtetik beherakoek ezingo dutelako sokamuturrean ibili. Zer iruditzen hori?

Sokamuturraren inguruan ezarri nahi duten araudi hori zaila da betetzeko. Sokamuturra librea da eta hori kontrolatzea zaila da.

Iaz, 15 urte zenituela, bateren batek esango balizu 16 urte bete arte ezin duzula sokamuturrean ibili eta hesiaren atzera joateko, zer?

Ezetz erantzungo nioke, ez naizela hesiaren atzera joango. 16 urte baino gutxiago eduki eta min hartu daitekeela sokamuturrean? Eta 70 edo 80 urteko batek ezin al du minik hartu?

KONPARTITU