Mikel Odriozola, sokamutil berria

1134

(Urola Kostako Hitza) Mikel Odriozola (Azpeitia, 1981) karnabaletan aterako da lehenengo aldiz sokamutil. Odriozolak betidanik izan du sokamuturrerako zaletasuna, eta karnabal jai hauetan izango du bere zaletasuna gauzatzeko aukera.

Nolatan hasiko zara sokamutil?

Nire bi lehengusu betidanik ibili izan dira, eta txikitatik ikusi izan ditut hauek zezenean. Hauei begira egon izan naiz aspalditik eta, egia esan, inbidia ematen zidaten. Aurreko batean proposatu zidaten eta animatu egin naiz.

Beraz, familiatik datorkizun zaletasuna dela esan daiteke, ezta?

Bai, noski. Lehengusuak sokamuturrean ikustean, soka hartuta, beti pentsatzen nuen ederra izango duk hori!. Proposatu zidatenean baietz esan nuen, zalantzarik gabe.

Sokamutil izan aurretik, ibiltzen al zinen zezenean?

Bai, beti ibili izan naiz saltsa horretan. Oso aurrean eta paseak egiten inoiz ez, baina zezenean beti. Ez dit beldur handirik ematen zezenak.

Orain sokamutil bezala, zezena gertu izango duzu.

Bai, hala izango dut, baina zezenak normalean ez ditu sokamutilak harrapatzen. Ez dago arrisku handirik.

Sokamuturrak egiten duen ibilbidetik, zein da gehien gustatzen zaizun lekua?

Ederrena, nire ustez, enparantza nagusikoa izaten da. Plazatik Hartzubira doanean ere asko gustatzen zait. Eliz kalean eta Enparan kalean, berriz, ederra izaten da etxe ataietan sartzen denean. Baina ikusteko ederrena dudarik gabe, plazan, Errebalean eta Hartzubian izaten da.

Eta gutxien gustatzen zaizun lekua zein da?

Enparan kalea eta Eliz kalearen zati bat dira txarrenak. Eguzkitza taberna ingurutik Mendizaleen tabernara iruditzen zait tarterik txarrena, zati hau nahiko estua delako. Hala ere, horrek aldi berean saltsa ematen dion, batzuetan karreretan-eta sartzen baita zezena. San Sebastian jaietan, adibidez, Txarrantxa tabernara sartu zen zezena, eta barruan zegoen jendearentzat saltsa ederra izan zen; batzuk futbolin gainera igo ziren… Txarrantxa tabernak duen abantaila beste aldetik ere sarrera duela da; hala, handik irtetea posible da. Baina beste zenbait tabernetan ez dago aukera hori. Egia esan, oraindik sokamutil bezala ez ditut ezagutzen zezena ibiltzen den kaleak, baina zezenean ibiltzen naizenez, kale horiek iruditzen zaizkit eskasenak zezenean ibiltzeko.

Aurrez inoiz burutik pasatu al zaizu sokamutil izatea?

Pentsatu bai, askotan, baina ez diot garrantzirik eman izan. Gainera, orain arte inoiz ez zait aukerarik suertatu. Lehengusuak duela urtebete inguru komentatu zidan zerbait, eta inbidia ematen zidala eta agian hasiko nintzela esan nion; baina horretan geratu zen. Egia esan, dagoeneko 25 urte eginda ditut eta,honezkero zahartu naiz sarri pentsatu izan dut. Festetan sokamutil ateratzeak bere sakrifizioa ere eskatzen du: ezin da nahi denean joan etxera eta nahi adina lo egin.

Noiz aterako zara lehenengo aldiz zezenarekin?

Izatez datorren urtean atera behar nuen lehenengo aldiz, baina azkenean, hainbat kontu tarteko, aurtengo karnabaletan aterako naiz. Astelehen arratsaldean aterako naiz lehenengoz, eta astearte arratsaldean ere aterako naiz. Elegante Egunean ateratzea ere komentatu genuen, baina hori oraindik ez gaude seguru.

Prestatu al zara sokamutil ateratzeko?

Pixka bat bai. Lehen futbolean jokatzen nuen, baina azken sei urteotan-edo ez dut ia kirolik egin. Orain sokamutil atera behar dudan aitzakiarekin korrika egiten hasi naiz. Ez dago korrikalari ona izan beharrik sokamutil izateko, baina sasoi pixka bat izatea beharrezkoa da.

KONPARTITU