Sokamutilon eskaera Udalari

969

Sansebastianetan igandez ere (22an) sokamuturra jar dezala eskatu diote, hainbat arrazoi emanda. Fernando Arakistain (sokamutilen izenean)

Orain dela pare bat aste Urola Kostako Hitza egunkarian argitaratu zen bezala, sokamutilok Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeko arduradunari eskaera bat egin diogu aurtengo sansebastianetarako: igandean ere sokamuturra jar dezala (22an). Izan ere, aurten ostirala tokatuko da San Sebastian eguna eta, beti bezala, egun horretan sokamuturra izango dugu Azpeitian eta, ondoren aste bukaera etorriko dela kontuan hartuta, gure ustez oso aproposa izango litzateke igandean ere zezena izatea herriko kaleetan.

Baina, jakin dugunez, Udalak ez dauka antolatzeko asmorik. Ez dugu ulertzen,hainbat arrazoi daudelako jartzeko:

1. Azpeitiarrok sokamuturrarekiko zaletasun handia daukagu. Jende asko ibiltzen da zezenean, giro ederra sortzen da, eta aurten igandean ere zezena izatea gustura hartuko lukete herritarrek. Beraz, zezena ez jartzeko arrazoia ez da zaletasun eta harrera falta.

2. Udalak ordaintzen ditu sokamuturreko gastuak, eta oso merkea ateratzen zaio. Arratsaldez hiru ordu eta erdian izaten da sokamuturra eta, egia esan, ez dago halako ikuskizun merkerik. Beraz, zezena ez jartzeko arrazoia ez da arazo ekonomikoa.

3. Aurten San Sebastian festei segida emateko aukera bikaina dago igandean ere zezena jarrita. Beraz, zezena ez jartzeko arrazoia ez da fetxa egoki falta.

4. Sokamutilok prest gaude igandez ere lana egiteko. Geure borondatez aritzen gara sokan, eta aurten sansebastianetan bi aldiz irtetea gustukoa izango genuke, gustukoa dugu-eta sortzen den herri giroa. Beraz, zezena ez jartzeko arrazoia ez da gure prestutasun falta.

5. Aurten sansebastianetan zezena bi egunetan izatea ez litzateke ezohikoa izango. Ez horixe. Adibidez, 2001ean bi aldiz izan zen: San Sebastian egunean eta hurrengoan; asteburua tokatu zelako. Beraz, zezena ez jartzeko arrazoia ez da bi aldiz jarri behar izatea (are gehiago: garai batean sansebastianetatik karnabalak bitarteko igandeetan izaten zen zezenik).

Bada nahikoa arrazoi. Zergatik ez jarri, hortaz, zezena igandean ere aurten?

Udala urtean zehar saiatzen da, herriko taldeekin-eta elkarlanean, Azpeitiko asteburuetako giroa berpizten, ekimenak antolatuz (kontzertuak, Erdi Aroko Azoka…). Udalak hementxe du, sansebastianetan, beste aukera eder bat herrian giro ona sortzeko.

Besterik gabe, 22an ere sokamuturra izango dugulakoan, animo!

 

KONPARTITU