Uztailaren 25ean izango da saioa, 18:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Zenbakitu gabeko sarrerak hilaren 15etik aurrera erosi ahalko dira, tabernetan. Hilaren 18an, 19an, 24an eta 25ean, berriz, zenbakitutako sarrerak saltzeko mahaiak jarriko dituzte Zezen Beltzekoek.
Uztailaren 25ean, Santio egunez, egingo dute aurten ere Errekortari Txapelketa Nagusia, Azpeitiko zezen plazan. Urtero bezala, 18:00etan hasiko da erakustaldia, eta Zezen Beltz elkarteak ikuskizunaz gozatzeko sarrerak zein puntutan eta zer preziotan erosi ahal izango diren jakinarazi du.
Ohi bezala, zenbakitutako sarrerak eta zenbakitu gabeak salduko dituzte Zezen Beltz elkartekoek. Zenbakitu gabeak datorren asteartetik aurrera eskuratu ahal izango dira herriko jatetxeetan edota tabernetan: Azpeitian, Pastorkuan, Mendizabalen, Berdien, Jim Clarken, Eguzkitzan, Etxe Zurin eta Kantoin salduko dituzte; eta Azkoitian, Elurre okindegian. Sarrera mota hori doan eskuratu ahal izango dute 0-4 urte artekoek; hamabi euro ordaindu beharko dute 5 eta 14 urte bitartekoek; eta hemezortzi euro, 15 urtetik aurrerakoek.
Zenbakitutako sarrerak, berriz, kalean salduko dituzte beste urte batez. Hilaren 18an, 19an, 24an eta 25ean jarriko dute elkartekoek sarrerak saltzeko mahaia udaletxearen azpiko arkupeetan. Hilaren 18an, ostiralean, 18:30etik 20:00etara egongo dira Zezen Beltzekoak plazan; hilaren 19an, 12:00etatik 14:00etara; Santio egunaren bezperan, 18:30etik 20:00etara; eta azkenik, Santio egunean, 12:00etatik 14:00etara. Dena den, Santio egunean Goiko kalean jarriko dute mahaia, Egaña gozotegiaren aurrean. Barrerako eta harmailako lehen ilarako sarrerek 25 euro balio dute, eta palkoko sarrerek, 22 euro.
Egunean bertan ere sarrerak eskuratu ahal izango dira zezen plazako leihatilan, 16:30etik aurrera. Dena dela, Zezen Beltzek sarrerak aurrez erosteko gomendioa egin die herritarrei. Txapelketari buruzko xehetasun guztiak, hala nola parte hartzaileena eta lehiaketako sistemarena, datorren astean jakinaraziko ditu elkarteak.

