Adarkada eta guztikoa

896

(Urola Kostako Hitza) Errekortari 2010 txapelketako bigarren finalerdia ikusteko Azpeitiko zezen-plaza jendez bete zen. Abuztuaren 18an, Tafallan jokatuko den Errekortari 2010 txapelketako finalerako txartela lortu zuten zortzi errekortarik. Argazki bilduma.

Errekortari 2010 txapelketako bigarren finalerdia jokatu zuten herenegun Azpeitiko zezen-plazan. Huelvako (Andaluzia, Espainia) Antonio Rubio Macandro ganadutegiko zezenak atera zituzten, eta hogei errekortarik edo izkingilek hartu zuten parte bertan.

Ezustekoa ere gertatu zitzaion iazko Errekortari Txapelketako irabazlea den David Ramirez Peque-ri. Errekorte bat egiten ari zenean, zezena gainera joan eta errekortaria ihes egiten saiatu zen, baina hankan adarkada jaso zuen. Hala ere, berriro hondarretara irten eta beste errekorte bat eman zion zezenari. Ondoren segitzeko asmotan zen, baina beste errekortariek hondarretatik irtetera behartu zuten eta DYAkoek atera zuten zezen-plazatik. Errekortari saioaren bukaeran antolatzaileek adierazi zutenez, Zumarragako Ospitalera eraman zuten.

Errekortariek launaka eta bost taldetan banatuta jardun zuten lanean. Bakoitzak hiru saio egiteko aukera izan zuen, baina bakarren batzuek laugarren saioa egiteko aukera ere eskatu zioten epaimahaiari. Errekortariek ikuskizuna eman zuten, eta era askotako jauziak ikusteko aukera egon zen zezen-plazan. Plazako harmailak ere bete-bete eginda egon ziren herenegun.

Azkenean, abuztuaren 18an, Tafallan jokatuko den Errekortari 2010 txapelketako finalerako txartela zortzi errekortarik irabazi zuten. Hauek dira, hurrenez hurren: Eloy Puello, Jonatan Estebanez Peta, Julian Gomez Carpio, Guana, Sergio Urrutikoetxea, Jesus Sanchez, Sergio Delgado eta Ivan Gomez. Horiez gainera, iazko irabazle den aldetik David Ramirez, Peque -k ere finalean hartuko du parte.

Zezen Beltz elkarteak, bestalde, errekorte onena saritu zuen. Hala, Zezen Beltz Saria Pedro Hurtadok jaso zuen.

KONPARTITU