‘Azpeitiko sokamutilak’ DVDaren aurkezpena urriaren 16an

880

(Uztarria) Beste hainbat ekimen ere egingo ditu hilaren 16, 17 eta 18an: herriko lau talderekin zezen jolasak izango dira zezen-plazan, ganadu txapelketa… Jexux Artola Argazki Elkarteko kideak egin du DVDa, hainbat lagunekin elkarlanean; 22 minutuko iraupena du.

Zezen Beltz Azpeitiko elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu urriaren 16, 17 eta 18rako, eta sokamuturrari buruzko gaiak eta zezen-plazako jolasak izango dira ekimenen ardatz. Ganaduzaleen arteko txapelketa ere izango da.

Aurkezpen batekin ekingo dio Zezen Beltzek aste bukaerari, urriaren 16an Azpeitiko sokamutilak DVDa aurkeztuko duelako, Sindikatu Zaharrean, 20:00etako mahainguruaren ondoren. Jexux Artola Azpeitiko Argazki Elkarteko kideak egin du lana, hainbat lagunekin elkarlanean, eta 22 minutuko iraupena dauka DVDak. Sokamuturreko argazki ugari dago bilduta bertan —orain arte argitaratu gabeak asko—, karnabaletako musikarekin lagunduta.

2008ko otsailean aurkeztu zuten Zezen Beltz elkartea, eta haren helburua sokamuturra indartzen segitzea da, lehengo ohiturak berreskuratzea, ganadutegietara bisitak egitea, edota jolasak eta kapeak antolatzea. Sokamuturrean, entzierroetan edota ganadutegietako ekintzetan ibiltzen diren lagunek osatzen dute Zezen Beltz.

Urte eta erdi honetan entzierro txikiak antolatu ditu saninazioetan, Eusko Jaurlaritzaren sokamuturreko araudia aztertu zuen, errekortari txapelketa antolatzen lagundu du…

Egitaraua

Urriak 16 (ostirala)

20:00. Mahaingurua sokamuturraz eta Azpeitiko sokamutilak DVDaren aurkezpena Sindikatu Zaharrean. Hizlariak: Jexux Artola (Azpeitiko Argazki Elkartea), Joxin Beloki (sokamutil izandakoa), Anton Albizu (Albizu ganadutegia), Oskar Osinalde (sokamutila).

Urriak 17 (larunbata)

11:30. Sokamuturreko argazki erakusketa eta irudi zaharren bideo emanaldia plazan. Ondoren, txahal-saiheski erretze eta dastatzea. Txosna egongo da.

11:30. Sokak nola egiten dituzten erakutsiko dute sokamutilek udaletxeko arkupeetan.

13:00. Umeentzat zezen ‘karretoia’ Etxe-Zuri aurretik Plaza Txikira. Herriko sei gaztetxok eramango dute soka, sokamutilez jantzita.

17:00. Zezen jolasak zezen-plazan, herriko lau talderen partaidetzarekin. Ondoren, zezen enbolatuak denentzat.

Urriak 18 (igandea)

12:00. Ganadu txapelketa zezen-plazan. Azpeitira etortzen diren ganaduzaleen arteko txapelketa. I. Zezen Beltz Saria. Ondoren, zezen enbolatuak denentzat.

16:30. Umeentzat zezen ‘karretoia’ Etxe-Zuri aurretik Plaza Txikira. Herriko sei gaztetxok eramango dute soka, sokamutilez jantzita.

Ondoren. Zezen txikiak eta poniak plazan.

Arratsaldez. Sokamuturreko argazki erakusketa eta irudi zaharren bideo emanaldia plazan.

KONPARTITU