Chivako irteerako izen-ematea, irekita

946

Sokako Zezenaren X. Kongresua izango da aurtengo ekainaren 28, 29 eta 30ean Chivan (Valentzia, Herrialde Katalanak), eta Azpeitiko sokamuturraren berri emango dute, besteak beste. Zezen Beltzek sokamuturzaleentzat irteera antolatu du (irteera, ekainaren 28an, 13:00etan), eta gaur bidaiako xehetasunak aurkeztu ditugu. Jendea izena eman dezan animatzen dugu.

Zezen Beltz elkartekoak gonbidatu egin gaituzte, eta Chivan izango dira herriko sokamutilak eta Azpeitian ibiltzen den ganadutegi bat, hiru egun haietako batean geure sokamuturra egiteko. Horrez gain, antolatzaileek Azpeitiko argoila bat eskatu dute propio, eta bidalia diegu.

BIDAIAKO XEHETASUNAK

EKITALDIA: Sokako Zezenaren X. Kongresua.

HERRIA: Chiva (Valentzia, Herrialde Katalanak).

EGUNAK: Aurtengo ekainak 28, 29, 30 (ostirala, larunbata, igandea).

BIDAIAKO KOSTUA DENERA: 110 euro.

PREZIOAN SARTZEN DENA: Autobusa, 2 gau, 4 otordu eta bidaiako mokaduak. Autobusa Zezen Beltz elkarteak ordainduko du.

IRTEN: Ekainaren 28an (ostirala), 13:00etan, Azpeitiko anbulatorio aurretik.

ETORRI: Chivatik ekainaren 30ean (igandea) 14:00 aldera abiatuko gara.

APUNTATZEKO PAUSOAK:

  • Izen-emate inprimakia bete, sinatuta.
  • Udaletxean ere lor daiteke orria, 1. solairuan, harreran. Baita Eguzkitza eta Juantxo Txiki tabernatan ere.
  • Diru sarrera egin beheko kontu korrontean. Izen-abizenak jarri kontzeptu bezala. 20955029109112642929 (KUTXABANK)
  • Izen-emate inprimakia eta diru sarreraren agiria Azpeitiko udaletxean entregatu, Kultura sailean (2. solairuan). Bestela, inprimakia eskaneatuta eta diru sarreraren agiria e-mailez bidali helbide honetara: info@zezenbeltz.com
  • Bidaiarako izena emateko epea: apirilak 8 – maiatzak 10.

LO EGITEA:

Chivako antolatzaileek propio prestatu dituzten etxe partikularretan egingo da lo. 6, 8 eta 10 pertsonentzako etxeak prestatu dituzte herrian bertan. Zezen Beltz elkartea arduratuko da geure arteko lagunen etxe banaketa eta antolamenduaz —taldeak ahal den egokien banatzen saiatuko da—. Chivako herrian ez bada lekurik geratzen, 2 kilometrora dagoen Cheste herrian jarriko dizkigute etxeak. Txukun manten ditzagun.

OTORDUAK:

Pertsona bakoitzari 4 ticket emango zaizkio, 4 otordu egiteko: ostiraleko bazkaria, larunbateko bazkaria eta afaria, eta igandeko bazkaria. Chivan taberna ezberdinetan jateko aukera egongo da; menu bereziak jarriko dituzte —batzuetan menua eta besteetan ogitarteko edo plater konbinatuak—. Bidaian goazela, bide erdian-edo geldialdi bat egingo dugu, hankak luzatu eta zerbait jateko, eta prezioan horko jatekoa ere sartuta dago (tortilak, urdaiazpikoa eta txorixoa…).

Larunbat eguerdian (ekainaren 29an), kongresura gonbidatuak dauden herrietako jakiak dastatzeko aukera egongo da. Guk ere geurea eramango dugu: gazta, irasagarra eta txotxeko sagardoa

KONTUAN HARTZEKO:

  • Adin nagusikoa ez denak ere eman dezake izena, baina gurasoarekin edo tutore batekin.
  • Antolatzaileek jarritako ordutegi eta baldintzak onartu beharko dira.
  • Izen-ematean jarritako dirua ez da itzuliko.
  • Antolatzaileak ez dira gerta litezkeen kalteen kargu egiten, norbera da bere  buruaren arduradun.
  • Valentziako legeen arabera, zezenaren ibilbidean zauritu eta alkoholemia frogan positibo ematen duenak, bere poltsikotik ordaindu beharko ditu asistentzia edo ospitaleko gastuak.
  • Asteburu osoko jaialdia izanda, bertako ekintzetan parte hartzera animatzen da.
  • Gaua igarotzeko jarriko diren etxe partikularrak geureak balira bezala zainduko dira, txukun eta garbi mantenduz.
  • Chiva herria eta bertako biztanleak errespetatzea eskatzen da, baita bertara gerturako diren beste herrietako jendea ere. Beraiei gu eta gurea errespeta dezaten eskatuko zaien bezala.

KONGRESUAN PARTE HARTUKO DUTEN HERRIAK 13 DIRA:

  • Grazalema (Cadiz, Espainia).
  • Lodosa (Nafarroa, Euskal Herria).
  • Benavente (Zamora, Espainia).
  • Fornalutx(Balear irlak, Herrialde Katalanak).
  • Cuenca (Cuenca, Espainia).
  • Beas de Segura eta Arroyo de Ojanco (Jaen, Espainia).
  • Cabreton (Errioxa, Espainia).
  • Amposta (Tarragona, Herrialde Katalanak).
  • Azpeitia (Gipuzkoa, Euskal Herria).
  • Teruel (Aragoi, Espainia).
  • Santa Barbara de Burriana (Valentzia, Herrialde Katalanak).
  • Ontinyent (Valentzia, Herrialde Katalanak).
  • Chiva (Valentzia, Herrialde Katalanak).

IKUSKIZUNEN ORDUTEGIA:

Ikuskizun guztiak 09:00etan hasi eta eguerdira arte izango dira. Azpeitiko sokamuturra, hain zuzen, larunbat goizean izango da

Larunbat arratsaldean Chivako sokako zezenaren erakustaldia egongo da.

AZPEITIKO SOKAMUTURREKO OSAGAIEKIN:

Herri bakoitzak bere ganadua izango du. Azpeitiko ikuskizuna egiteko Bergarako Zezenak ganadutegiko bi idisko aterako dira, bezperan kamioian eramanda. Zezenok han geratuko dira, bertako batek erosi dituelako.

Era berean, Azpeitiko sokamuturrean geure sokamutilak ariko dira, eta herriko argoilak ere izango dira.

Kongresuan Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentalaren laburpen bat eskainiko dugu, gainera.

CHIVA:

15.000 biztanleko herria da Chiva, eta Valentziako hiriburutik 30 kilometrora dago.

Chivan bertan ekin zioten Sokako Zezenaren kongresua antolatzeari, 2002an. Orain berriro hartuko ditu, beraz, topaketak.

Aurtengo jai karnabalean hango bi sokamuturzale Azpeitian izan ziren, herriko sokamuturra gehiago ezagutze aldera. Chivako sokako zezenak ere tradizio handia du: 300 urtekoa.

————-

Horixe da, beraz, Chivarako irteerari buruz jakinarazi nahi genuena. Izena ematera animatzen dugu jendea.

Zezenbeltz.com webgunean bada apuntatzeko orria, udaletxean ere bai.

Eskerrak emanez, 2013ko apirilaren 9an, Azpeitiko Zezen Beltz elkartea

(argazkian Mikel Odriozola Zezen Beltzeko kidea, Mikel Ibarzabal Udal Festa batzordeburua, Fernando Arakistain Zezen Beltzekoa eta Mikel Arrieta Zezen Beltzekoa)

KONPARTITU