Cordobak agur sokamutil izateari

860

Elkarrizketa egin dio ‘Uztarria’ herri aldizkariak. Sokan jartzearen ametsa duela hamabost urte bete zuen. Karnabaletan jantziko ditu azkenekoz praka zuriak. “Zezena atera aurreko Erdikaleko giroa ederra dun”.

Uzteko penatan ala gogoz? 

Penatan. Etxean andreak eta bi alabek ez diten sinesten. Hamalau urte egin ditinat sokan eta fisikoki ondo nagon, baina 40 urte beteta, uzteko ordua iritsi dela uste dinat, gazteagoei erreleboa emate aldera.

Eta zezenak barrera atzetik ikusiko dituk, ala aurrean jarriko haiz? 

Saltsan ibiliko naun. Bi alabak ere sokamutur zaleak ditun eta elkarrekin ikusiko dinagu.

Aitaren bidea urratuz, egunen batean igoal izango dituk sokaneska. 

Agian bai! Gai hori askotan hitz egin dinagu gure artean. Oraingoz mutilak gaitun denak, baina herrian baditun neskak zezenean ibiltzen direnak eta bi-hiruri proposatu genienan, baina ez hitunan animatu.

Karnabaletan izango duk agurrekoa. 

Elegante Egunean eta Astearte Karnabalean aterako naun. Elegante Eguna politena dun, guztiak elegante jantzita eta norbera txuriz.

Gogoan al duk sokamutil bezala atera hintzen lehen aldia? 

Bi suziriak lehertu eta zezena atera aurreko denbora horretan urduri nengonan oso.

Zergatik hasi hintzen sokamutil?

Koadrilako bat sokan aritzen hunan eta hark proposatu zidanan-eta ez ninan dudarik izan. Mutil kozkorretan aitarekin ateratzen nindunan sokamuturrean eta, gero, lagunekin.

Dohai fisikoa ez ezik, zezenean ibiltzen ere jakin beharko duk, ezta? 

Dohai fisikoa baino gehiago dun ibiltzea eta gustatzea. Azpeitian baditun zezenean gu baino askoz ere hobeto ibiltzen direnak, baina horiek ezin ditun kaletik atera eta sokamutil jarri, horiek ematen baititen ikuskizuna.

Zer une berezi gordetzen dituk? 

Sokako zezenaren kongresuan parte hartzeko Chivara eta Lodosara egindako irteerak.

Eta esperientziarik txarrena? 

Sokamutil bat eta biok balkoitik zintzilik geundenan, behean zezena geninan eta niri eskuak irrist egin eta zezenaren gainera erori nindunan.

Sokamuturrik ederrena? 

Elegante Eguneko biak. Erdikalean zezena atera aurreko giroa ederra izaten dun.

Ibildeko zatirik onena?

Plazakoa.

(Argazkian, Aitor Cordoba –irudian, lehen sokamutila–, joan den urtarrilaren 17an,  sansebastianetako aurreneko sokamutur saioan)

——

Urola Kostako Hitza-k ere egin dio elkarrizketa (2016-2-09)

———–

Zezen Beltzen oharrak:

– Astearte karnabal arratsaldean egingo du sokamutil bezala azkeneko irteera Aitor Cordobak.

– Zezen Beltz elkartearen eta sokamutilen partetik, eskerrik asko Aitor!

KONPARTITU