Euskal Herriko Uztai Txapelketa irabazi du Xabier Iturraldek

662

(Uztarria.eus) Marques de Saka ganadutegiak antolatuta, Euskal Herriko Uztai Txapelketa jokatu zuten zapatuan, hilak 5, Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan, eta Xabier Iturralde azpeitiarrak (argazkian, eskubian) eta Iosu Valenciano itziartarrak osatutako bikoteak erdietsi zuen lehen postua. Guztira, bost uztai sartu zituzten horiek txapelketan, eta nahikoa izan zitzaien hori txapela eskuratzeko. Hori dela eta, datorren zapatuan, ekainak 12, jokatuko den Uztai Txapelketa Nagusirako txartela ere eskuratu zuen bikoteak. Bertan, Espainiako eta Euskal Herriko bikoterik onenak arituko dira aurtengo txapela eskuratzeko lehian.

Beste hiru azpeitiarrek ere parte hartu zuten txapelketan. Alde batetik, Urko Arrieta eta Eneko Martija izan ziren lehian, baina horiek ez zuten Uztai Txapelketa Nagusira sailkatzeko txartelik eskuratu. Bestetik, Ander Carpintero azpeitiarrak ere parte hartu zuen, Iñigo Goikoetxea tolosarrarekin batera, Goikoetxearen bikoteak min hartu baitzuen. Horrez gain, June Urain azpeitiarrak errekorte erakustaldia eskaini zuen zezen plazan.

Honako lotura honetan irakur daiteke Maialen Etxaniz kazetariak Arrietari, Martijari, Uraini eta Iturralderi eginiko erreportajea.

Joan zen astean Tolosan egindako lanari esker aste honetako Uztai Txapelketa Nagusirako txartela lortu zenuen. Zer balorazio egiten duzu?

Oso balorazio positiboa egiten dut. Antolakuntza aldetik, dena oso ondo prestatuta zegoen, baita ganaduzaleen zein errekortarien aldetik ere; esango nuke denon artean ikuskizun polita atera genuela aurrera. Hamahiru bikoteak nahiko parekatu aritu ginen; izan ere denok hiru minututan dena ematera atera ginen. Ganadu aldetik ere nik uste asmatu zutela. Ez ziren ganadutegiko behirik onenak, baina ezta maila baxuenekoak ere; maila ertaineko ganadua zela esango nuke. Txapelketak konfidantza hartzeko aukera eman zigula esango nuke, eta hori oso positiboa da. 

Ez zara asko aritutakoa, baina ondo moldatu zinen. Nola ikusi zenuen zure burua?

Konfidantzarekin ikusi nintzen, eta uste dut ganaduak horretarako aukera eman zuela, nahiz eta exijentzia maila bat eskatzen zuten; ondo ikusi nintzen, bai errekortatzen eta baita uztaiak sartzen ere. 

Bikote bezala ondo aritu al zineten?

Bikote bezala ere lan txukuna egin genuela uste dut. Hasieran, behia ateratzean, kostatu zitzaigun lekua hartzea, baina azken minutu ona egin genuela esango nuke. 

Gehiago prestatzeko aukerarik izan al duzu?

Pare bat egun errekuperatzeko hartu ostean, korrika pixka bat egin dut. 

Nola iritsiko zara zapatuko hitzordura?

Beste maila bateko txapelketa izango da biharkoa, eta gu ere beste maila bat ematen saiatuko gara. Hankak lurrean izan beharko ditugu. Zapatuan egin genuen txapelketa oso ona izan zen, baina errealistak izanda, txapelketa hauetan maila duzula erakusteko egun bat ez da nahikoa; jarraikortasunez erakutsi behar da maila. Beraz, biharko txapelketara hankak lurrean ematen saiatuko gar; dakigun dena erakustera aterako gara zezen plazara. 

KONPARTITU