‘Gipuzkoako Hitza’-n elkarrizketa

1033

Gutxienez 500 urte dira Azpeitian lehenengoz kaleko zezena atera zutela. Behintzat, 1518koa da idatzizko lehen aipamena, Imanol Elias Odriozola historialari zenak herriko Udal Artxibategian topatutakoa. Aurtengoa ospakizun urtea dute, beraz, ohitura horren zaleek. Urteurrenaren harira propio sortutako herri batzordeak hilabeteak daramatza lanean, ahalik eta egitarau txukunena osatzeko helburuarekin. Aitor Bereziartua (Azpeitia, 1990) Zezen Beltz elkarteko kidea da herri batzorde horretako partaideetako bat.

Hasteko, gauza bera al dira kaleko zezena eta sokamuturra?

Hasieran, kaleko zezena deitzen zioten, eta, ustez, sokarik gabe ibiltzen zen, nahiz eta agian izango zuen soka muturren bat edo lepokoren bat edo. Sokamuturra azaltzen den lehen albistea, berriz, 1567koa da. Ordutik, normalean, sokarekin ibili izan dute zezena, baina, tarteka, suelto ere bai. Guk 1518koa hartu dugu erreferentzia historiko gisa.

Hasiera haietatik hona, nola aldatu da sokamuturra?

Bost mende pasatu dira, baina sokamuturraren funtsak lehengo bera izaten jarraitzen du: kalean zezena, haren bueltan jendea eta festa. Oinarri sendodun tradizioa da. Halere, egia da gauza batzuk aldatu direla. Adibidez: lehen, zezenak txikiagoak ziren; lau sokamutil joaten ziren sokan, eta orain bost joaten dira; garai batean ibilbidea motzagoa zen; segurtasunari dagokionez ere orain askoz neurri zorrotzagoak hartzen dira… Baina, azken batean, sokamuturra betikoa da.

Sokamuturzaleontzat urte berezia izango da aurtengoa.

Guretzat urte denak dira bereziak. Sansebastianetako eta karnabaletako sokamutur irteerak urteko momenturik onenak izaten dira; egundoko emozioarekin bizitzen ditugu une horiek. Baina bai, aurtengo ekitaldiek garrantzi berezia izango dute. 500 urte betetzea ez da broma; gogora ekartzeko eta ospatzeko moduko zerbait da. Gainera, denbora luzea daramagu ekitaldiak prestatzen, eta nahi genuke dena pentsatuta bezala ateratzea.

Zeintzuk eta noiztik jardun zarete urteurreneko ekitaldiak prestatzen?

Azpeitiko Sokamuturrak 500 Urte herri batzordeak izan du ardura. Urteurrenari begira propio sortu dugu batzordea, eta sokamuturraren bueltan ibiltzen diren eragileetako ordezkariek osatzen dute: Zezen Beltz elkartekoek, lehengo eta gaurko sokamutilek, Azpeitiko Argazki Elkartekoek, Udal Musika Bandakoek, udalekoek eta sokamuturzaleek. Batzordea iazko maiatzetik ari da biltzen, nahiz eta jende aurrean pasa den urrian aurkeztu genuen.

Zergatik nahi izan duzue urteurreneko ekitaldiak elkarlanean antolatu?

Hasieran, Zezen Beltz elkartean hasi ginen urteurrenaz hitz egiten, baina segituan ikusi genuen herri batzordea sortzeko beharra, sokamuturraren bueltan beste eragile eta herritar asko ere ibiltzen direlako. Sokamuturra gure herriko festen ikur bat da, kalean sekulako giroa sortzen du, baina ezin dugu ahaztu atzean jende askoren lana dagoela: ganaduzaleena, sokamutilena, udalarena, eta abar. Eta iruditu zitzaigun denon artean hori guztia askoz hobeto kaleratuko genuela. Batarekin eta bestearekin hitz egin genuen, eta denei ondo iruditu zitzaien. Eragile bakoitzak izendatu zituen bere ordezkariak, adostu genuen funtzionamendua, eta orain arte oso ondo joan da dena.

Zeintzuk dira elkarlan horren emaitzak? Zer egitarau prestatu duzue urteurrena ospatzeko?

Urteroko sokamutur saio nagusiak sansebastianetatik karnabalak bukatu arteko tarte horretan izaten dira, eta ospakizun ekitaldi gehienak ere garai horretarako prestatu ditugu. Urtarrilaren 21ean, igande arratsaldeko sokamuturrean, garai bateko ohitura bat berreskuratuko dugu: Etxe Zuri ondoko ukuilutik irtengo da lehen zezena. Garai batean hala egiten zuten, baina 1980tik Erdikale barrenean jartzen duten kamioitik irteten da. Gainera, sansebastianetan eta karnabaletan ez ezik, bi data horien arteko bi igandeetan ere —urtarrilaren 28an eta otsailaren 4an— sokamuturra izango da herrian. Oraingoz ezin dut ezer gehiago aurreratu. Gainontzeko informazioa datorren astelehenean emango dugu, Sanagustin kulturunean 19:30ean egingo dugun agerraldian.

Argazki Elkartea ere liburu bat argitaratzekoa da, ezta? 

Bai, hala da. 1980tik, sokamuturra gaitzat hartuta argazki lehiaketa antolatzen da herrian. Hasieran, Azpeitiko Antxieta Etxeak eta Gipuzkoako Kutxak antolatzen zuten, baina, 25 urteren ondoren, Argazki Elkarteak hartu zuen ardura. Pentsa zenbat argazki egongo diren; ikaragarrizko pila. Haien bilduma txukun bat prestatu du orain Argazki Elkarteak.

Noizkoa da sokamuturreko lehen argazkia?

Ezagutzen dugun lehenengoa 1918koa da, duela 100 urtekoa. Herriko plazan aterata dago, eta jendetza azaltzen da.

Urteurrenaren harira, beste hainbat jarduera ere jarri dituzue martxan azken hilabeteotan. 

Saiatu gara girotze lan bat egiten, jendeak izan dezan datorrenaren berri. Adibidez, 500. urteurrenaren bloga sortu dugu, eta logo lehiaketa ere antolatu dugu. San Sebastian egunez haurren danborradan aterako duten karrozaren gaia ere sokamuturraren 500. urteurrena izango da, udalak hala erabakita.

Sokamuturrak 500 urte, eta Zezen Beltzek hamar.

Bai, elkarteak otsailaren 2an beteko ditu hamar urte. Azpeitiak sokamuturraren inguruan tradizio handia izanagatik, ikusten genuen falta zela bilgune bat gauzak hobeto antolatzeko, eta halaxe sortu genuen elkartea. Lehengo eta gaurko sokamutilek eta sokamuturzaleok osatzen dugu, eta helburuekin bat datorren edozeinek parte har dezake.

Elkarteak zer asmo ditu etorkizunerako?

Orain arte bezalaxe jarraitzea, urterokoak bihurtu diren ekitaldi horiek ahalik eta ondoen antolatzen: helduen eta txikien sokamuturra, entzierro txikiak, auzoetako jaietan zezen txikiak eta sokako zezena, Zezen Beltz Asteburua, Errekortarien Txapelketa, ganadutegietara-eta irteerak, eta abar. Tarteka aparteko lanen batzuk ere egin izan ditugu: 2011n, Soka ez da eten dokumentala egin genuen, Enekoitz Esnaola eta Lara Madinabeitiaren laguntzarekin.

KONPARTITU