Harrera ona II. asteburuari

912

Herenegun (urriaren 10ean) arratsaldean bukatu ziren Zezen Beltz elkartearen aurtengo asteburuko ekitaldiak. Aurten bigarren aldiz antolatu du zezenzaletasunarekin lotutako ekitaldiez betetako ekimena, eta jende asko bildu da. Argazki bilduma: I, II.

Ostiralean hasi zen II. asteburua, bertso afariarekin. Jokin Uranga eta Jexux Mari Irazu aritu ziren Oilo Soro soziedadean.

Larunbatean zezen jolasak izan ziren protagonista. Goizean arratsaldeko ikuskizuna iragarriz trikiti poteoa izan zen Azpeitiko kaleetan. Arratsaldean euri pixka bat egin zuen eta zezen-plazara joandako jendeak goiko eserlekuetan aurkitu zuen aterpea. Lopene ganadutegiko zezenak atera zituzten jolasetarako.

Herriko gazteek osatutako lau laguneko lau taldek hartu zuten parte. Mozorrotuta jardun zuten, gainera: Superheroiak, Marrazki bizidunak, Animadorak eta Futbolistak. Hainbat jolas egin zuten zezenekin: sagar bilketa, futbol partida, tankredoa, gazteluak eta triatloia (bizikletan, patinetean eta aletekin). Partaideren batek kolpe ederren bat hartu zuen… DYAkoek lan pixka bat izan zuten.

Zezen biziak atera zituen Lopenekoak, eta jolaserako aukera eskaini zien parte-hartzaileei. Basurdekume bat ere atera zuten. Jendeak ondo pasatu zuen ikuskizunarekin. Gainera, jolasetik jolasera ikusleen artean gozokiak banatu zituen Zezen Beltzek. Azkenean, jolasetako txapeldunak Superheroiak izan ziren. Ikuskizun polita eta dibertigarria izan zen. Ondoren, gaztetxo eta haurrentzako zezen txikiak atera zituzten zezen-plazara.

Igandean eguraldiak dezente itzali zituen ekitaldiak. Zezen txikien eta ponien garaian euria gelditu gabe egin zuen, eta ohi baino jende gutxiago ibili zen han. Hala ere, batzuek txanoa jantzi eta zezenaren aurrera irteteko beldurrik ez zuten izan. Bitartean, udaletxeko arkupeetan txahal saiheskiaren pintxoak ematen jardun zuen Zezen Beltzek; pintxo piloa saldu zen, “iaz baino gehiago”.

Igande arratsaldean, Artzubian zezena. Tamalez, orduan ere euria etengabe. Dena dela, zezenarekin jolasean ibiltzeko eta hesien atzean jendea bildu zen.

(argazkiak: Urola Kostako Hitza)

 

KONPARTITU