Herria zezenari lotua

1080

(Berria) San Sebastian egunean ia Azpeitia osoa atera zen kalera sokamuturraren garaian. Batzuk zezenean, gehienak ikusle, herriko ohitura errotuenetako bat da lotutako adardunaren aurrean ibiltzea. Gaur ere 16:30ean hasiko da sokamuturra.

Ramon Olasagasti

Herria zezenari lotua

Arratsaldeko 16:15, Azpeitian. San Sebastian eguna. Euri langar fina, fundamentu handirik gabea, zorua bustitzeko lain, doi-doi. Ezagun da kaleetan egun handien usaina, gizonezkoen puru eta emakumezkoen lurrina. Jantzietan ere nabaritzen da. Berez dira eleganteak azpeitiarrak, eta San Sebastian egunez, zer esanik ez. Urduritasuna ere antzematen da giroan, ume eta gaztetxoen artean batez ere. Batzuk aurreneko aldiz aterako dira sokamuturran zezenaren aurrean. Errotua dago oso sokamuturra Azpeitian, eta txikien artean iniziazio erritutik ere badu zerbait. Mutrikuko Gorixo ganadutegiko kamioian ez daude lasaiago zezenak, Etxezuriko hartan. Txistulariak ekin diote beren jardunari. Erdi kalea hustu egin da bat-batean. Udaletxe plazako kioskoan babestu dira hainbat ume eta gazte. Berdura azokako terrazan eta babeslekuetan beste asko.

Suziria 16:30ean puntuan. Zalaparta Erdi kalean gora; ume eta gazte tropela plazan sartu da, abailan. Bost sokamutilak iritsi dira zezenaren aurretik; inoiz gertatu izan omen da adardunak irabaztea esprinta. Lotu dute soka zirgiloan edo burdinazko uztaian eta hasi da ikuskizuna. Lehenbiziko zezena, marroizta, itxuraz indartsua baina makal antzekoa da. Lauzpabost gazte besterik ez zaio ausartzen aurretik igarotzen. Lauzpabost berberak, behin eta berriro. Batek bere txaleko berdea hartu du kapote eta pase dotoreren bat atera du; hark harrotu ditu plazako ikusleen txalo lotsati apurrak. Udaletxe azpiko arkupeetan susto txiki bat eman du adardunak; bazkaria azkar digeritu du baten batek. Ondokoak behintzat hala diost: “Horrek galtzak zikindu dizkik!”. Euri langarra zirimiri da dagoeneko. Zezena bera da gehien irristatzen dena.

Ordu erdiren bueltan, soka uztaitik askatu eta Goiko kalean gora eraman dute zezena, Artetxeneko aurrera. Han dira, jende multzoan, Mikel Labaka Realeko jokalaria eta Xebastian Lizaso bertsolaria ere, zezenetik aparte samar badaezpada. Zezena Goiko kalean behera abiatu da karreran, enparantza nagusi aldera. Itsu-itsu. Halako batean, oihu larria zabaldu da airean. Patxi ere airean joan da, Izarraitz frontoi pare horretan; bi metro bai, ikusi dutenen arabera. Ezustean harrapatu du adardunak eta latza hartu du lurraren kontra. DYAkoek eraman behar izan dute ospitalera. Ondorengo minutuetan ez da beste konturik izan. Agotetar Patxi eta haren zartakoa. Eskerrak motela zen zezen marroizta. Kolpean geratu da dena, hala ere.

Askatu dute bigarrena. Beltza. Bustinzuriko Errebala kalean behera gutxiago dira ausartak. Estuegia da kalea estutasunetan ibiltzeko. Elkarteetatik, etxe atarietatik edo Pikua tabernako atetik zirikatzen dute zezena, elkarteko zapiekin edo Sanmigel zerbeza botilekin, baina oholaren babesetik, zer gerta ere. Errebaletik Hartzubira jaitsi dute sokamutilek animalia. Biribilguneko lorategira jo du zuzenean zezenak. Han, beste gazte batzuk saiatu dira zezenean. Plazako baten bat ere bai. Animalia, adurra dariola, nekatu da.

Hartzubitik berriro plazara eta handik eliz atarira jo dute. Ilundu du. Herri ia osoa dago kalean. Batzuk zezenean, besteak balkoietan, edo tabernetan, edo oholen babesean. Denak zezenaren peskizan. Eliz kalean bi uztaitan lotu dute soka. Han ere, Bustinzuriko Errebaleko eszena antzekoak: etxe atarietatik batzuk zirika, beste zenbait zezenean, animaliari itzurika. Gehiago, betiere, babesetik ari ziren toreroak. Eta Enparan kalean ere igualtsu.

Hiru ordu pasatxo izan dira azkenerako sokamuturrean. 20:00etan sartu dute kamioian azken zezena. Bost edo sei izan dira guztira; kontuak aise galtzen dira. Egarri da jendea. Zezenean ibilitakoak eta sokamutilak tragoxka baten premian dira. Afalaurreko poteoan tabernak lepo daude. Sokamuturra beste konturik ez, lagunarte askotan. Haren zilipurdika, bestearen saltoa, Patxiren hegaldia eta harako azkoitiar izuaren korrikaldia, bada denentzat salda.

Gaur ere badute sokamuturra Azpeitian. Arratsaldeko 16:30ean. Gaur ere sokara lotuko dute zezena. Gaur ere zezenari lotuko zaio herria.

Enekoitz Esnaola

Erositako prezioan asko

Bai, zezenak emakume edadetu bat harrapatu duela, plaza Txiki parean. Nola ba? Ondo dago, e, emakumea, eta esan du denda batzuetako eskaparateak ikustera irten duela…

Batzuetan zeinek zein harrapatzen du, ordea? Diotenez, zezenak emakume edadetu bat harrapatu du Egañaneko parean. Monja jantzita dago. Monja da. Nola harrapatu du, ba? Esan du jendea ikusi duela plazan baina, beno, aurrera egin duela eta… Ganadutegikoak dio monjak ez zuela jakin ere egingo zezena zer den.

Zezena ugari Azpeitian eta larre-behia gutxi. Ganadutegikoak esan du azpeitiarrek esana diotela nahiago dutela “zezen eskasa larre-behi onaren aldean”, eta horrelakorik ez duela inon entzun. Eta zezena bota behar, gustura. “Idisko handiak”.

Baina behiez istorio polit askoa kontatzen dizu gero zezenzale batek, herenegun bertan. Faltzesen azkeneko udara honetan egin zuten, ba, ihes bederatzi behik, baina beste mutil horrek harrapatu zituela oraindik galduta zeudenak, ganadutegiko beste horrek. Semeak asma gaixotasuna duela eta medikuak esan ziela joateko urtean sasoi batzuetan Errioxa aldera. Errioxara? Nafarroa aldera. Zezenzaleak izan eta Faltzesko behien jaitsiera famatuan egon behar. Eta, halako batean, bederatzi behiek ospa. Bat tiroz hil zuten, lau azkar samar aurkitu zituzten eta beste laurak galduta zeuden mendian. Herenegun, San Sebastian egunez, Azpeitian zen mutil horrek zer pentsatuko eta Faltzestik etxera itzultzea —Mutriku aldean daukate ganadutegia—, txakurrak hartzera, atzera Faltzesera joateko, behien bila, Nafarroako lagun batzuekin batera. Iritsi, joan mendira eta ezin topatu. Gaua. Eta gauez, euria. Hantxe lo. Esnatu goizean, hasi berriro bila eta lokatz artean behien hanka-markak. Hemen ibiliko dituk, ba. Bai horixe! Ikusi, eta mutilak berak salto —bati bai behintzat, kontatzen dutenez—, horretxek, zezena kamioian aldatzen ari den mutilak. Ona da, bai, zezenak bere lekuan jartzen.

Bitxia istorioa. Eta bitxiak dauden teoriak. Herenegun zezenak harrapatu zuen gizonezko edadetuarena, esaterako. Hasi zaio atzetik zezena, gizona zuzen-zuzen aurrera lasterka, eta, jakina, bi metro gora bota adardunak. Bai, abiaduraz ere oso teoria bitxiak daudela, esan dizu jendeak.

Jarrerak ere bitxiak, diote. Izan ere, zezena Eliz kalean dela, esan dizute gazte bat jaitsi dela etxetik, karrerako atea itxi egin duela eta aldamenekora sartu, irekita dagoela aprobetxatuz, eta hor ibili dela zezena xaxatzen, noiz sartuko barrura. “Hori aurpegia!”, bota dizute harengatik; zezenagatik ez, gazteagatik.

Jendearen beste iradokizun bat. Gure Ametsan bertan —Txalintxon bezala— aurten sansebastianetan emakumeek lehenengo aldiz irten dute danborra jotzen, eta zezenean zaudela galdetzen dizute: “Hi, noiz neskamutil bat? Barkatu,sokaneska esan nahi nian…”.

Neska kontu gehiago. Halakok zezenean kale denetan zer egiten duen galdetzen dizute. Joan, eta “hi, hark esan zidak zer egiten duan zezenean kale denetan”. Bai, gustatzen zaiola, baina lehen neska-lagunarekin plazan baino ez zela ibiltzen eta orain kale denetan, neska-lagunak eta biek moztu egin dutelako. Badaezpada, ezin galdetu zezenagatik moztu duten…

Lagun kontuez bat. Zezena plazara sokakoak baino lehenago iritsi dela, ez dela behin ere gertatu eta ikusi al duzun. Ikusi? Jendeak jakingo balu zer argazki erreportaia dugun, sekuentzia osoarekin. Beno, osoa ez, zezena —Idi beltz— plazan Hispanonekoan lotu duten uneko irudia ez, horixe falta. Hasi ikertzen plazan bertan, zezena dagoela, eta gazte bat bideo kamerarekin, eta ea ba al duen ba irudi hori, baietz eta ea utziko al digun ba, baietz eta ea noiz emango digun ba, eta joateko euren etxera, baietz eta joateko bihar, joan eta jo tinbrea, sartu euren etxera eta Testigo Jehova-koak. Hau da, haiek zure etxera ez oraingoan, zu haienera. Bost urte dira dagoeneko, eta ezaguna dut harrezkero… irudia uzteagatik.

Dena ez da zezena. Danborradako kontuak ere kontatzen dizkizute. Herenegun bezala. “Atzo gauean ETBn jarri ez zitean ba Azkoitia zela Azpeitia!”. San Inazio baino azpeitiarragoa da bera —Azpeitiko patroia San Sebastian den arren— eta bi pusketatan esan dizu, baina ez urduri dagoelako ETBkoen hankasartzeagatik, esaldiaren erdian zezena etorri delako baizik eta azpeitiar horrek esaldia bukatu aurretik hanka egin duelako… ia Azkoitiraino.

Horrelakoak esaten dizkizute zezenean, barruan bazaude, kazetaria bazara eta sokamuturraz alerik idatzi izan baduzu. Gaur ere jalgi hadi plazara!

KONPARTITU