“Orain buruan ez dut erretiroa; festarako eta zezenerako gogoa daukat”. Hala zioen iazko otsail hasieran, karnabalen aurreko egunetan, Igor Sagardogi sokamutilak, sokatik erretiroa hartzear zela. Karnabaletako sokamuturreko irteera denetan ateratzekoa zen. Jai karnabalean irten zuen, baina ez gero, emakume baten kontrako bortxaketa zela-eta festak bertan behera utzi zituelako udalak. Sagardogik aurten utziko dio sokamutil izateari.
“Joan den urtean esan nuen orduko karnabaletan utziko nuela, eta esandakoa esanda dago, baina gertatu zena gertatu zen, eta oso gogorra, gainera: bortxaketa bat. Neure aldetik ez zen soka uzteko modurik onena, eta aurten lagako dut”, esan du Sagardogik. Sansebastianean bi egunetan ariko da: hilaren 20an, San Sebastian egunean (12:00 eta 16:30) eta hilaren 26an (16:30). “Gogoarekin” dago, eta irteerei dagokienez iaz jarritako helburua bete nahian: sansebastianean eta karnabaletan (martxoak 2, 3 eta 4) irteera denetan ateratzea sokan. “Eutsi diot botatako erronkari. Ea aukera dugun betetzeko”. 2014an hasi zen sokamutil; 11 urtera utziko du.
Jai karnabaleko sexu erasoaren berri festetako astelehenean jakin zen, eguerdia pasatxo zela. Sagardogik zerbait beranduago jakin zuen: “Astelehen karnabal eguerdian ez da helduen zezenik izaten, eta umeekin eta andrearekin kalean ibili nintzen, mozorrotuta. 16:30eko zezena zela eta, goiz samar amaren etxera joan nintzen, bazkaltzera. 14:30ean aldera ohean nengoela anaiekin kontu kontari, mezu bat jaso genuen: bortxaketa zela-eta festak suspenditu zirela”.
Argazkian, Igor Sagardogi sokamutila iazko San Sebastian egunean, Erdi kalean, zezena hasi aurretik.