Igor Sagardogi, sokamutil berria

1034

Igor Sagardogi (Azpeitia, 1986) Azpeitiko Inauterietan sokamutil hasiko da. Astelehen arratsaldeko sokamuturrean estreinatuko da. “Lopene ganadutegia ere Inauterietan, orduan estreinatuko da, eta neu ere bai”, esan du Sagardogik. Inauterietan mozorrotzea gustuko du, baina aurten ezingo duela dio: “Asteleheneko eta astearteko arratsaldean irten behar dut sokan, beraz zaindu beharra daukat”. (Urola Kostako Hitza)

Nolatan hasiko zara sokamutil?

Beti ibili izan naiz zezenean, jolasean eta gustura. Lehen ere eman zidaten aukera sokamutil hasteko, orduan pentsatu egin behar nuela esan nien. Orain berriro esan didate; errebotetik harrapatu naute, eta irten egingo dut.

Sokamutil hasteko erabakia hartzea zaila izan al da?

Neuk, alde batetik, baiezko garbi-garbia neukan, baina, bestaldetik, beti egoten da kezka: jendea zaindu beharra-eta. Uste dut, sokamutilengan ardura pixka bat badagoela, eta horrek kezka sortzen zidan. Zezenean libre ibiltzea ederra da, eta nik beti gozatu izan dut sokamuturrean, baina bestaldetik ardura hori hartu beharra hor dago. Beraz, erabakia hartzea ez da horren erraza izan.

Urduri al zaude?

Momentuz ez, lasai nago oraingoz. Gustuko lanera noa, uste dut beste lan batzuetara gogo gutxiagorekin joaten naizela. Momentuz, ondo nago.

Entrenatzen eta prestatzen ari al zara?

Beno, normalean korrika egiten ez naiz oso iaioa, eta ez naiz asko ibilitakoa. Orain pare bat buelta egin behar izan ditut korrika, normala den bezala. Beti bizikletan ibiltzen naiz, eta lasterka egin behar izan dut pixka bat giharrak egiteko. Gogordura batzuk pasatu, eta aurrera.

Beno, baina besondoak, eskuak eta beste ohituta izango dituzu, lehen Zarautzen arraunean ere ibilitakoa zarelako.

Horretan ere ibili ginen pare bat udaratan, bai. Eskuak, adibidez, salbatuko ditudala pentsatzen dut. Gihar aldetik, bizkarraldea, esaterako, dezente eginda dauzkadala pentsatzen dut.

Beste sokamutilek zer esan dizute?

Beti animatu naute hastera, eta beti jarduten zidaten gerran sokara animatzeko kontuarekin. Azkenean, ziria sartu didate.

Gomendiorik eman al dizute?

Oinarrizko azalpen batzuk eman dizkidate: nola ibili behar izango dugun, sokamutilen egitekoak… Beste munduko konturik ez didate esan.

Soka egiten erakutsi al dizute?

Ez, oraindik ez. Soka egitea tokatzen zen egunean piper egin nuen, ezin izan nuen azaldu. Hurrengo batean ikasi beharko dut.

Sokamuturretik zer gustatzen zaizu gehien: momentua, tokia…?

Niretzako herriko plaza da sokamuturraren epizentroa. Zezena Erdikaletik irten eta herriko plazara iristen den momentu hori da ederra. Gero, miserikordiak- eta [Artzubia] bere xarma badaukate, plaza ederrak dira zezenean ibiltzeko: leku ederra, zabala. Batzuk eskaratzeetan ibili zaleak dira, eta haiek Elizkalea edo Enparan kalea gustukoago dituzte. Baina ni ez naiz horren zalea, soka librean ibiltzea gehiago gustatzen zait.

Nolako zezenak dituzu gustuko?

Segun eta zer ateratzen duten. Baina, neu sokan naizela, makal samarra ateratzen badute beharbada hobeto. Erdikaleko aurreneko igoera hori ez dakit nolakoa izango den, eta aurrenekoa makal samarra bada, hobe.

Lehenengo zati horrek kezkatzen al zaitu gehien?

Bai, sokan aurreneko hartuemana da, eta nola izango den kezka badaukat. Behin une hori pasatuta, lasaitu egingo naizela uste dut.

Gainontzean, Inauteriak gustukoak al dituzu?

Bai, beti izan naiz Inauteri zalea. Azpeitiko festen lehen postuan jarriko nituzke. Aurten, ordea, mozorrotu gabe ibili beharko dugu.

Bestela, koadrilan mozorrotuta ateratzen zara, ezta?

Bai, gustatzen zaigu koadrilan mozorrotuta irtetea. Baina, aurten bestela beharko du.

Orduan, aurtengo Inauteriak desberdin bizitzea espero duzu?

Bai, ea nolakoak diren. Bestela ere Inauteriak gustuko ditut, eta oraingo hauek ere hasterako bide onetik doaz: zezena eta sokamuturra gustatzen zaizkit; beraz, uste dut onak izango direla.

KONPARTITU