Jaurlaritzari sokamuturrarekiko “errespetua” eskatu diote

887

(Uztarria) Udalak, sokamutilek eta Zezen Beltz elkarteak idatzia irakurri dute gaur (igandea), udaletxetik, Jaurlaritzak “arauak gogortu eta zorroztu” egin nahi dituelako; sinadura bilketa hasi dute. Herrian sokamuturrak 500 urteko historia duela diote eta segurtasun aldetik neurriak hartzen direla.

Azpeitiko Udalak, sokamutilek eta Zezen Beltz elkarteak “errespetua” eskatu diote gaur (igandea, San Sebastian eguna) Eusko Jaurlaritzari, honek sokamuturrari buruzko arauak “gogortu eta zorroztu” egin nahi dituela-eta. Protesta gisa, idatzia irakurri dute udaletxetik, arratsaldeko zezena hasi aurretik. Sokamutilak beraiek Erdi kaletik plazara igo dira, Musika Bandako kideek lagundu egin diete, baita hainbat sokamuturzalek ere. Lagun asko eta asko bildu da plazan.

Udalak, ganaduzaleek, Zezen Beltz elkarteak eta norbanako batzuek helegiteak aurkeztu dituzte araudi berriaren proposamenaren kontra. Izan ere, gaur leitu duten idatziak dioenez, “Azpeitian sokamuturrak 500 urteko tradizioa dauka eta harrezkero oso errotua egon da herrian, eta errotua dago”, eta segurtasun neurriak neurriak hartzen dira: “Hesiak, sokamutilak, anbulantziak, soka berria irteera bakoitzeko…”.

Helegiteak aztertu ondoren, Jaurlaritzak apirilean jarri nahiko luke araudi berria indarrean.

Idatzia

“Hauxe da datorrena: suziria bota eta zezenik ez. Hori nahi dute ezarri. Guk hori nahi al dugu?

Eusko Jaurlaritzak sokamuturrari buruz arauak gogortu eta zorroztu egin nahi dituela-eta, Azpeitiko Udalak, sokamutilek eta Zezen Beltz elkarteak honako hau esan nahi dugu:

Azpeitian sokamuturrak 500 urteko tradizioa dauka. 1518koak dira artxibo historikoetan aurki daitezkeen lehen arrastoak. Duela 490 urtekoak, beraz. Bada zerbait. Harrezkero sokamuturra oso errotua egon da gure herrian, eta errotua dago.

Tradizio herrikoia da, era guztietako azpeitiarrek hartzen dute parte bertan: haurrek, gazteek eta helduek; emakumezkoek eta gizonezkoek; kalean bertan edo ikusle gisa hesietan-eta… Sansebastianetan, karnabaletan, auzoetako festetan… Goizean, eguerdian, arratsaldean, gauean… Neguan, udazkenean, udaran…

Hor daude argazkiak, hor idatziak, pasadizoak, bizipenak, istorioak… Herritarron parte da sokamuturra. Sokamuturrak parte gaitu.

Ohitura honek Azpeitian errotuta segitzea nahi dugu, baina Eusko Jaurlaritzak baldintzatu egin nahi du, arau gogor eta zorrotzen bidez.

Esate baterako:
– Ilunpean zezena kalean ibiltzea debekatu nahi du. Zer egin, hortaz, gaur: arratsaldeko seietan erretiratu zezena?
– Edo 16 urtetik beherako lagunek parte hartzea eragotzi nahi du. Nola egiten da hori horrelako ekimen kaletar eta herritar batean? Edo, ohitura honek aurrera jarrai dezan, debeku horrekin nola sustatu behar da zaletasun hau gaztetxoen artean?
– Gainera, zezen txikiak kendu egin nahi dituzte.

Jakitun gara segurtasun aldetik neurriak hartu behar direla. Hartzen ditugu: hesiak, sokamutilak, anbulantziak, soka berria irteera bakoitzeko…

Azpeitiko sokamuturra ezagutu edota errespetatu gabeko arauak dira ezarri nahi dituztenak. Arriskuan jarri nahi dute 500 urteko ohitura hau.

Horren aurrean, Azpeitiko Udalak, ganaduzaleek, Zezen Beltz elkarteak eta norbanako batzuek helegiteak aurkeztu ditugu. Herritarron laguntza eskatu nahi dugu, bidez batez. Hau da helburua: sokamuturra, den bezalakoa izatea.

Errespetua eskatzen dugu, besterik ez.

(Oharra. Sinadura bilketa egingo dugu karnabalak bitartean, eta tabernatan daude sinatzeko paperak)”.

Azpeitiko Udala, sokamutilak eta Zezen Beltz elkartea

KONPARTITU