Mikel Olarte (Azpeitia, 1994) lehen aldiz sokamutil aterako da igandean. Elkarrizketa egin dio Urola Kostako Hitza egunkariak.
Nolatan sokamutil?
Beti ibili izan naiz zezenaren inguruan, betidanik dut sokamuturrerako afizioa. Zezen Beltzekoek galdetu zidaten atera nahi al nuen, eta baietz esan nien.
Gustuko duzu, beraz, sokamuturra.
Txikitatik dut sokamuturrean ibiltzeko ohitura. Azpeitian jendetza ibiltzen da sokamuturrean, eta neu ere bai. Gustatu egiten zait korrika egitea, zezenaren aurrean ibiltzea.
Etxetik datorkizu afizioa?
Bai. Txikitatik aitarekin ibili izan gara sokamuturrean arreba eta biok. Beraz, etxean ere bada afizioa.
Inoiz pentsatu al zenuen sokamutil izango zinela?
Ez nuen sekula pentsatu sokamutil izango nintzenik, baina txikitatik eman didate atentzioa sokamutilek. Gustatu egiten zitzaidan egiten zutena.
Sokamuturraren ibilbidean, zein duzu tokirik gustukoena? Eta gutxien gustatzen zaizuna?
Lasterka egiteko aukera ematen duten guneak gustatzen zaizkit. Batetik, Bustinzuriko Errebaletik Artzubira arteko tartea; eta, bestetik, Artzubitik plazara artekoa. Alde Zaharra ere gustatzen zait sokamuturrerako; izan ere, karrerek jokoa ematen dute. Bat esatekotan, gutxien gustatzen zaidan tokia Errebala dela esango nuke.
Nolako zezenak gustatzen zaizkizu sokamuturrerako?
Korrika asko egiten dutenak; hau da, kalean gora eta behera geratu gabe ibiltzen diren horiek. Zezen batzuek tokiak ezagutzen dituzte, eta motelago ibiltzen dira, baina horiek baino nahiago ditut korrika eginarazten dutenak. Nekatu ederra hartu, eta etxera.
Prestaketa berezirik egin al duzu sokamutil ateratzeko?
Korrika saio batzuk egin ditut, eta zerbait prestatu naiz. Halere, hortik aurrera… gutxi.
Zezenarekin sustorik izan al duzu inoiz?
Eskapada batzuk egin ditut, baina minik ez dut sekula hartu. Iaz, jai karnabalean, adibidez, galtzak harrapatu eta hautsi zizkidan zezenak. Halakoak pasatu zaizkit.
Igandean aterako zara sokan. Urduri al zaude?
Ez. Oraindik ez diot buelta askorik eman kontuari. Hala ere, uste dut sokamutil jantzi eta kalera ateratakoan urdurituko naizela. Gogoz nago, urtean lauzpabost aldiz izaten baitugu zezena herrian.
Zerbaitek kezkatzen edo beldurtzen al zaitu?
Iaz hankan adarkada jaso zuen lagun batek saninazioetan, eta halakoren bat gertatzeak kezkatzen nau. Izan ere, norbaitek min hartzen badu gu gara arduradunak.
Ikasi al duzu soka egiten?
Lagunduta, baina Errebaleko festetarako korapilo bat egin nuen. Oraindik falta zait teknika fintzea, baina beno.