Santamaria: “Jendeak nirekin disfrutatzen badu, nahikoa”

440

(Plaentxia.eus). Astelehenean, Santiago Egunean, Errekortari Txapelketa Nagusia jokatuko da Azpeitian. Punta-puntako hamabi errekortarik parte hartuko dute lehian, horietatik lau euskal herritarrak dira eta bat Soraluzekoa, Gorka Santamaria. Lehen aldiz jardungo da enbolatu bako zezenekin (adar puntak bistan dituztenak). Kontatu duenez, momentuz, “nahiko lasai” dago. 18:00etan hasiko da ikuskizuna. 

Astelehenari begira zelan zaude?

Nahiko lasai nago. Momentua heltzean nerbixuak hor egongo dira, baina esperientzia berria izango da, momentuko errekortari onenetarikoekin ibiliko naiz eta oso pozik nago bai Zezen Beltz elkarteak zein Toropasion enpresak emandako aukerarengatik.

Badaukazu zezenari aurre egiteko mugimendu gustukoagoren bat?

Nik, normalean, kiebroak joten ditut eta kiebroen barruan errebersoak eta aurrerapausoak. 

Zein esperantzarekin zoaz Azpeitiko lehiaketara?

Dudan esperantza ez da irabaztea, nik disfrutatzen badut eta jendeak nirekin disfrutatzen badu, nahikoa eta soberan daukat. Zezenak, berriz, zorte pixka batekin, nahi duguna egiten lagatzea eta dena ondo irtetea, hori da nire esperantza. 

Zergatik izango da Azpeitikoa esperientzia berria?

Toropasionekin beste lehiaketa batean irtendakoa naiz, baina enbolatu gabeko zezenekin (adar puntak babestu gabe) lehen aldia izango delako. 

Zu zeu non entrenatzen zara eta zein talderekin?

Bergarako Zezenak ganadutegiko taldeko lagunekin; herriko jaietan-eta ibiltzen gara, kapeak egiten ditugu asko (entrenamendu modukoak); COVID garai honetan ganaduzale askok euren etxeko ateak zabaldu dizkigute eta hori izan da entrenatzeko modua. 

Zelatan halako zezenzale eta errekortari?

Zezenak txiki-txikitatik gustatu izan zaizkit. Plazentzian zortea daukagu, herriko hiru auzok txahalak antolatzen dituzte eta txiki-txikitatik joan izan gara San Andresera, Ezozira eta San Martzialera. Gero, gainera, Mesedeetakoak ere animatu dira. 7-8 urterekin hor ibiltzen ginen, saltsan. Azkenean, zaletasuna sortzeko, Euskal Herriak hori dauka ona, umeendako txahalak-eta askotan egiten direla.

Azpeitiko lehiaketa duzu astelehenean; ondoren, martitzenean, Santa Ana egunean Soraluzen ibiliko zara?

Bai, gogotsu nago hiru urteren ondoren herrian ere zezenak ikusteko. 

Zurekin batera, errekortari gehiago ibiliko da Soraluzen?

Pentsatzen dut Ibai [Kortabarria] ere irtengo dela eta herriko gazteak ere ibiliko direla batetik bestera korrika. Horrez aparte, kanpotik jende asko eta asko etorriko da, Plazentzia, zezen munduan nahiko famaduna da. Euskal Herrian asko egiten da sokamuturra, Soraluzen, berriz, zezena solte ibiltzen da eta jendeari hori asko gustatzen zaio. Hor zehar galdetzen baduzu zezenetarako zein den herririk gustukoena, Soraluze horien artean dago.

Besterik nahi duzu esan?

Eskerrak ematea Zezen Beltz elkarteari eta Tororopasión enpresari aukera ematearren eta nahiko nuke eskertzea bi urte gogor hauetan euren etxeko ateak zabaldu dizkiguten ganaduzale guztiei. 

(Argazkian, Gorka Santamaria, ekainean, Bergaran).

KONPARTITU