‘Sokamuturra’ aplikazioaren sortzaileak “oso gustura”

937

Karnabaletan ia 1.000 lagunek deskargatu dute Azpeitiko Zezen Beltz elkarteak eta Ukabi Informatika enpresak elkarlanean sortutako Sokamuturra aplikazioa.

Karnabaletara begira Zezen Beltzek eta Ukabik elkarlanean sortutako Sokamuturra aplikazioak arrakasta handia izan du. Zezena non dabilen jakiteko mobilerako aplikazioa 1.000 lagun inguruk deskargatu dute. Mikel Odriozola Zezen Beltzeko kideak eta aplikazioaren sustatzaileak adierazi duenez, “oso gustora gelditu gara; bai Zezen Beltzeko kideok, eta batez ere, Ukabikook. Kalean zeresan handia eman du, asko komentatu da eta jendeari asko gustatu zaio. Ukabirentzat ere erronka handia izan da halako zerbait egitea herrian bertan, eta gustura gaude, oso”.

Aplikazioa proba modura erabili dute aurten, eta oraindik hobekuntza asko egin nahi dituzten arren, lehen emaitza oso positiboa izan dela azpimarratu du Odriozolak. “Orokorrean ondo ibili da. Eguraldiaren arabera aldatu da asko. Toki estuetan batez ere, Alde Zaharrean esaterako, zailagoa izan da toki zehatza adieraztea. Doan egindako gauza bat da, eta askoz GPS hobeago batekin, ehundaka euroko GPS batekin jokatzea egongo litzateke akaso hori hobetzeko. Baina beno, lehenengo hau proba izan da, eta uste dut emaitza, orokorrean, oso ona izan dela”.

Aplikazioarekin jarraitzekoak dira Ukabiko eta Zezen Beltzeko kideak. Eta ez herrian bakarrik, gainontzeko herrietan sustatzeko ideia ere badute: “Beste herrietan ere sokamuturra jarraitzeko eta beste zenbait ekimenetarako ere erabiltzeko ideia badugu. Guretzako bultzada txiki bat izan da beste gauza batzuetan ere aplikatzeko”.

Oraingo honetan, Sokamuturra Android sistemadun mugikorretarako soilik zegoen eskuragarri, hau da, Play Storean eskuratu zitekeen soilik. Datorren urtera begira baina, Apple gailuetan ere erabili ahal izango dela baieztatu du Odriozolak: “Karnabalak gainean genituen, eta aplikazio hori karnabaletarako ez baduzu ateratzen gero ja ez du urte osoan balio, sokamuturra fetxa horietan egiten delako. iOS sistema, baimen aldetik eta, askoz konplexuagoa da, eta ez ateratzeko eragozpen bakarra denbora izan da. Baina datorren urterako denbora gehiagorekin Applen App Storerako ere eskuragarri ipiniko dugu”.

Zezen Beltz elkartearen izenean, Ukabiri eskerrak eman nahi izan dizkio Odriozolak, “eta batez ere, Software departamentuko Xabiri, Pedrori, Enekori eta Anderri, eurak egin dutelako lan guztia, borondatez”.

KONPARTITU