Sokamuturraren gotorlekua

982

(Berria) Sustrai sendoak ditu sokamuturrak Azpeitian. Tradizio horri buruzko dokumentala aurkeztuko dute hilaren 26an. Kaleko zezenen espiritua jasotzeaz gain, bilakaera historikoa eskaintzen du lanak. (2011ko argazki bilduma)

Zaila da sokamuturrik gabeko Azpeitia (Gipuzkoa) imajinatzea. Urtero, Sansebastian jaietan eta inauterietan jende andana biltzen da zezenen bueltan. Historia luzea du tradizio horrek Azpeitian, gutxienez 500 urtekoa. Enekoitz Esnaola kazetariak eta Lara Madinabeitia bideogileak —biak Berria.info-koak— Azpeitiko sokamuturrari buruzko dokumentala prestatu dute. Hilaren 26an, larunbatean, aurkeztuko dute lana Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 18:30ean.

Esnaola arduratu da dokumentalaren zuzendaritzaz eta gidoiaz. Lara Madinabeitiak, berriz, errealizazio lanak egin ditu.

Azpeitiarra eta sokamuturzalea da Esnaola. Kazetaria izaki, Azpeitiko Uztarria aldizkarian sokamuturraren inguruko hainbat artikulu kaleratu ditu. “Etxean sokamuturzaleak dira. Txiki-txikitatik bizi izan dut sokamuturra. Besteak beste, gure amonaren etxeko balkoitik ikusten nuen zezena txikitan, Eliz kalean”. Hainbat lan idatzitan sokamuturrari buruzko aipamenak bazeudela ikusirik, ikus-en tzunezko lan bat prestatzea erabaki zuen. “Irudi zaharrak bagenituen, eta ikus-en tzunezko bat presta zitekeela ikusi nuen. Zezen Beltz elkarteari proposatu, eta lanari ekin genion”.

Dokumentala sokamuturraren historia luzean barneratzen da. Azpeitiak zezenekin duen harremana aspaldikoa da oso. 1518. urtekoak dira tradizio horretaz ezagutzen diren lehenengo datuak. Lehenengo datu ofizialak, berriz, 1567koak dira. “Espainiako erreginak seme bat eduki zuen, eta hori ospatzeko zezena kalean sokarekin lotuta ibiltzeko agindua eman zuen udalak”, azaldu du Esnaolak. Mendez mende sokamuturrari buruzko erreferentziak aurkitu ditu kazetariak. 36ko gerrak iraun zuen aldiren batean salbu, urtero atera dute zezena kalera azpeitiarrek.

Ikusten ez dena

Sokamuturraren alde ezkutua erakutsi nahi izan du Esnaolak, ganaduzaleek eta sokamutilek egiten duten lana. “Azpeitian jendeak sokamuturra festetan ikusten du. Horren atzean lan handia dago, jendeak ikusten ez duena. Hori jaso nahi izan dut. Konpromiso eta sakrifizio bat dago”. Hurrengo belaunaldietarako transmisio lana ere egin nahi du.

Irudi zaharrak berriekin tartekatu dituzte dokumentalean. 1976. urtekoak dira bideo irudi zaharrenak. “Azpeitiko kamerazaleei esker lortu genituen irudi zaharrak. Kaito telebista zuten Agustin Madrazo eta Jose Manuel Asiainek euren borondatez jardun izan dute urteetan, eta euren lanari esker ikus ditzakegu irudiok”, adierazi du Esnaolak. Zezena eta sokamuturzaleak protagonistak diren irudi ikusgarriak eskaintzen ditu dokumentalak, hainbat festatako irudiez gain. Zezenari buruan jarritako kamerak ohikoa ez den ikuspegi bat erakusten du. Argazkietan, 1918. urtekoa da dagoen zaharrena. “Oso baliagarriak izan zaizkit argazki horiek, historia lanean txertatzeko erabili ahal izan baititut”.

Azpeitiko sokamuturrak dituen berezitasun propioak azaltzen ditu dokumentalak. Soka, argoila, sokamutilak eta ibilbide eta iraupen luzea dira ezaugarri horiek. Argoila ganaduarekin erabiltzen den uztaia da, eta soka lotzeko erabiltzen dute. Azpeitiaz gain Durangon (Bizkaia) eta Hondarribian (Gipuzkoa) bakarrik erabiltzen dute. Azpeitian erabiltzen diren zezenak, berriz, handiak dira oso: idiskoak. “Beste herri batzuetan larre behiak ateratzen dituzte, eta horiekin nahikoa dute. Azpeitian idiskoak eskatzen dituzte”, jakinarazi du dokumentalaren egileak.

Azpeitiarrentzat sokamuturrak esan nahi duena jasotzeaz gain, urteetan gertatutako hamaika bitxikeriaren testigantzak jaso ditu Esnaolak. Botijo zezena da horietako bat, Azpeitian gehien gogoratzen duten zezena. 1971n ekarri zuten lehen aldiz, eta hamahiru urtez ibili zuten. “Normalean, lauzpabost urtez erabiltzen dituzte. Kale eta atari denak ezagutzen zituen zezen hark”.

Beste plazetan egiten diren sokamuturrak ere aipatu dituzte lanean pixka bat. Ohitura horrek Euskal Herrian duen garrantzia ez da nolanahikoa. Indar handiko tradizioa izateaz gain, zezenarekin lotutako ekintzarik zaharrena dela gogorazi du Esnaolak, zezenketak baino are zaharragoa. “Sokamuturra edo antzeko 1.000 ekitaldi inguru egiten dira urtean Euskal Herrian”.

Azpeitiko herri guztiak parte hartzen du sokamuturrean. Giro ikaragarria sortzen da, eta adin guztietako jendea ateratzen da kalera. “Gazteak, zaharrak, emakumeak, gizonezkoak… Denek dute beren tokia. Batzuk arkupetan egoten dira, beste batzuk atarietan, mugetan. Bakoitzak ahal duen edo nahi duen tokian, norberaren giroan”, esan du Esnaolak.

Tradizioak ez du hauspoa galdu, Azpeitiko kazetariaren irudiko. “1997ko irudiak ikusi ondoren, adibidez, egun jende gehiago ibiltzen dela konturatu naiz. Aurtengo sansebastianetan bezainbeste jende ez dut sekula ikusi”. Inguruko herrietako jendea joan ohi da Azpeitiko sokamuturrera. Azkenaldian, baina, hala Nafarroatik nola Valentziatik (Herrialde Katalanak) jende dezente etorri dela jakinarazi du Esnaolak. “Valentzian zezenak kalean ere badauka tradizioa, eta Interneten duen zabalkundeari esker jakingo zuten hemengoaz”.

Lan asko hartu dute dokumentalaren egileek. Lanbideak uzten zizkien ordu libreetan osatu dute lana. Hamasei lagunen hitzak jaso dituzte, tartean Gorixo, Arno eta Albizu ganadutegikoenak. Horrez gain, egun irteten diren bi sokamutilen testigantzak jaso dituzte, baita orain dela 20 eta 40 urte inguru irteten ziren beste bi sokamutilenak ere, ikuspegi zabalagoa osatzearren. Oinarri historikoa lantzeko, historialari baten azalpenak jaso dituzte. Sokamuturzaleen eta argazki elkarteko kideen esperientziak ere jaso dituzte.

Zezenek tratu txarrak jasotzen ote dituzten galdetuta, kaleko zezenak zezenketetatik bereizten ditu Esnaolak. “Sokamuturrean ez da zezenik hiltzen. Baina ukaezina da tratua pasatzen duela; erori, nekatu, kolpea har dezake”. Euskal Herrian ez du arriskuan ikusten sokamuturraren etorkizuna.

KONPARTITU