(Uztarria) Aitor eta Andoni Unanuek hamabost urte pasatu dituzte zezenean sokamutil, eta orain utzi egin dute; besteak beste, gazteagoei lekua egiteko.
Argazkian goian, Aitor eta Andoni Unanue, pilotalekuan.
Biak, astearte goiz batean.
Aitor eta Andoni Unanue.
Andoni, lagunekin, zezenaren zain.
Urteak joan eta urteak etorri, Azpeitian osasuntsu segitzen du sokamuturrak. Ederki dakite hori Aitor eta Andoni Unanue anaiek, sokamuturrarekin harreman estua izan dutelako, hamabost urte inguruan aritu direlako sokamutil. Orain, baina, utzi egin dute.
“Betidanik izan gara zezenzaleak. Aita ere hala zen, eta, batez ere, sokamuturra txiki-txikitatik bizi izan dugu”, diote bi anaiek. “Orduan sokamutil ibiltzen zenetako batek jendea behar zutela aipatu zigun, eta halaxe hasi ginen”. Orain hamabost urte inguru izan zen hori. Lehendabizi bietan gazteena, Aitor, hasi zen eta handik urtebetera Andoni anaia. Harrezkeroztik, urtero atera dira. Hastapen haiei buruz galdetuta, sokamuturreko lehen urtean “beldurtuta” egon zela gogoratzen du Aitorrek: “Orduan sokamutil ateratzen zirenak beste belaunaldi batekoak ziren, ni baino askoz ere zaharragoak, eta ni nintzen gazteena. Hori dela eta, errespetu handiarekin hasi nintzen. Gero anaia eta gure adineko beste lagun batzuk hasi ziren eta ordutik hobeto”. “Sokamuturrean jendea etengabe aldatzen da. Hasi ginenean zegoen taldetik inork ez du jarraitzen. Gu baino hogei urte zaharragoekin aritzen ginen lehen; orain hamar urte gazteagokoak ere badaude”, dio Andonik.
Jendeaz gain, beste hamaika gauza ere aldatu dira sokamuturrean. Sokamutilen segurtasunari dagokionez, esaterako, aurrerapausoak eman dira. “Lehen ez genuen segurorik ere izaten eta zezenarekin min hartu eta lanerako gai ez izanez gero, arazoak izaten genituen”. Era berean, sokamuturraren gogortasuna ere handitu egin dela uste dute. “Lehen bi zezenekin pasatzen zen arratsalde guztia; orain, aldiz, ordu erdiro aldatzen dute. Hala, zezena fresko-fresko ateratzen da, indar handiagoarekin. Bestalde, zezenak ere gero eta handiagoak izaten dira. Horregatik du Azpeitiko sokamuturrak hainbesteko gogor ospea”.
Prestakuntza
Sokamuturraren gogortasun hori dela medio, sokamutila izateko gutxieneko prestakuntza fisikoa izatea ezinbestekoa da. Kalean gora eta behera lasterka ibili, zezenari tira egin…; indar eta arintasunik ezean, gaizki ibili behar izaten du sokamutilak. “Guk, batez ere, lasterka egiten dugu sokamuturrerako prestatzeko; gimnasiora ere joaten gara, baina gutxiago”. Hala ere, ez da gaur eguneko kontua prestaketa egitea. “Sokamutilak beti prestatu izan dira; orain, akaso, gehiago”.
Era berean, lan lotua da sokamutil ateratzea, gaueko parranda asko mugatzen baitu. “Guk badakigu hurrengo egunean zer egin behar izaten dugun eta geure burua kontrolatu behar izaten dugu: gutxiago edan, lehenago erretiratu… Hala ere, geure borondatez egiten dugu, ez gaitu inork behartzen horretara”, dio Aitorrek. Badu horren inguruko anekdotarik ere: “Behin, astearte karnabal goizean ez zitzaidanez zezenean irtetea tokatzen, parrandara irten nuen. Gero batek ezin zuela-eta niri tokatu zitzaidan goizean zezenera joatea. Oraindik gogoan dut Inpernu soziedadean gosaldu eta korrika nola joan nintzen etxera aldatzera. Bidean etxafuegoak jo zuen eta ni han joan nintzen lasterka oraindik aurpegiko margoak ere kendu gabe”. Ez omen zen egun ederra izan hura.
Baina zergatik dute hainbesteko arrakasta zezenek Azpeitian? Horren arrazoia, hein handi batean bederen, inauteriak mantendu izana dela uste dute Unanuetarrek. “Inauteriak debekatzen hasi zirenean, jai horiekin zerikusia zuen oro baztertu nahi izan zuten. Eta horixe bera gertatu zen sokamuturrarekin ere”, dio Andonik. Nolanahi ere, Azpeitian ere debekatu izan da sokamuturra; hala, frankismo garaietan,1968 eta 1969an galarazita egon zen. Orain dela hamabost bat urte, berriz, Zezenaren gaitza izeneko gaixotasuna izan zen ez egotearen arrazoia. “Festa negargarriak izan ziren, bazirudien ez ginela festak ospatzen ari. Jendeak hura ez zela Azpeitia esaten zuen”.
Aitzitik, sokamuturra ohi baino gehiagotan egotea ere gertatu da. “Sansebastianak asteburuan tokatzen direnean, egun batean luzatzeko ahalegina egiten dugu; esaterako, aurten. Ea Udalak kasu egiten digun”. Hala ere, gehienez egun bat gehiagoz izaten da, eta ez garai batean bezala, sansebastianetatik karnabalak bitarteko igande guztietan. “Orduan ganaduak kanpotik ekartzen ziren eta Azpeitian ukuilu bat jartzen zen. Eta, zezenak herrian ertan zeudela aprobetxatuz, atera egiten zituzten igandero”.
Kostu baxua
Sokamuturraren kostu ekonomikoa oso baxua da. “Sokamuturra, eskain daitekeen ikuskizunik merke eta arrakastatsuena da”, uste dute. “Kaleak prestatuta egoten dira zezenarentzako eta zezenak ekartzea ere merkea da; sokamutilok, berriz, borondatez egiten dugu lan, ez dugu dirurik kobratzen; kosturik handiena gure seguroak izaten du”. “Maiz esaten da Azpeitian ez dela ezer egoten neguko asteburuetan. Sokamuturra egun bat gehiagoz jarri duten bakoitzean, arrakasta handia izan du, kaleak leporaino bete direlako”, uste du Andonik.
Sokamuturrak herriaren aldaketetara moldatu behar izan du, txoko batean ez bada bestean beti izaten direlako lanak, eta hori dela-eta urtero egin behar izaten diote eskariren bat Udalari. Hala ere, sokamuturra bere horretan mantentzen ahalegintzen dira, nahiz eta horrek Udalarekin hainbat tirabira izatea ekarri. “Orain urte gutxi, miserikordia aldera zezenik ez eramateko eskatu ziguten, eraberritzen ari zirelako. Baina toki horretara jende asko joaten da eta guk eraman egin genuen. Udalak sokamuturrari babes handiagoa ematea gustatuko litzaiguke. Guk geure borondate guztia jartzen dugu baina maiz oztopoak jartzen dizkigute”, kexatzen dira sokamutilak. “Gainera, guk egiten ditugun eskaera guztiak herriaren onerako izaten dira, bai segurtasun neurriak hartzeko esaten dugunean eta baita egun gehiagotan jartzeko eskatzen dugunean ere; ez dugu ulertzen zergatik jartzen dizkiguten hainbeste traba. Batzuetan sokamuturrak duen aurkari nagusia ez da jende falta izan, Udala baizik”.
Pasadizoak
Urte askoan gauza asko ikusi eta bizi ahal izan dituzte bi anaiek. “Behin Etxe-Zuri aurrean geunden zezena atera aurretik gauzak prestatzen eta han etorri zitzaigun azkoitiar bat sokamutilez jantzita sokan irten behar zuela esanez. Hark zezenean irten nahi zuela esaten zigun. Guk azaldu genion sokamutil izatea ez zela horrela izaten, ez zuela nahi zuenak nahi zuenean irteten, eta halakoren batean ulertu zuen. Baina ia-ia bost beharrean sei irten ginen!”, gogoratzen du Andonik.
Aitorrek ere ez du haztuko kantoi batean gertatutakoa: “Behin kantoi bateko leiho batera igota nengoen zezena ikusten. Zezena etorri zenean behean zegoen gizona harrapatu zuen. Gizon hark ume bat zuen eskuetan eta guri bota zigun. Eta guk, airean harrapatu behar izan genuen”, akordatzen da.
Iaz atera ziren azkenekoz Aitor eta Andoni sokamutil. “Orain beste ardura eta konpromiso batzuk ditugu eta horregatik erabaki dugu uztea”, dio Andonik. “Gainera, jendea badago sokamutil ateratzeko prest, eta badakigu guk utzi arren, ez dela arazorik izango jendea aurkitzeko, eta horrek ere lagundu digu erabakia hartzen”, uste du Aitorrek. Hala ere, ez dute sokamuturra alde batera uzteko inongo asmorik. “Hemendik aurrera ere hor ibiliko gara zezenaren inguruan; ea seme-alabei ere zaletasuna pizten zaien…”.