Zezen Beltz asteburu mundiala!

912

Ezin hobeto atera da aurten ere Zezen Beltz VIII. asteburua, eguraldia lagun egundoko parte hartze eta giro ona egon baita: bai ekitaldi eta ikuskizunetan, baita antolaketan ere. Hain zuzen, ekinbideen prestaketan jendeak eman digun laguntza nabarmendu nahi dugu, eskertzekoa delako, adibidez, helduen entzierroan hesiak-eta jartzen emandakoa, edo jakien dastatzean jasotakoa, eta beste ekitaldietakoa ere bai. Eskerrik asko!

Larunbatean hasi zen VIII. asteburua, sokamutur txikiarekin. Ohi bezala, sokamutil-neskak atera ziren. Zezen txikiak eta poniak izan genituen ondoren. Arratsaldean, Grand Prix solidarioa zezen plazan, lau talderekin. Bi mila lagun joan ziren zezen jolasak ikustera, eta sarrerekin bildutako diru guztia Aspanogiri bideratu genion, Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkarteari: 6.000 euro. Grand Prixeko gastu denak Zezen Beltzen kontura joan ziren.

Igandean berriro sokamutur txikia, zezen txikiak eta poniak, eta saiheski eta oilasko dastatzea izan genuen plazan. Aurten ere jendeak estimatu du parrillan prestatutako jakia, estimatu duenez. Jai arratsaldean helduen entzierroa izan zen, lehen aldiz. Sei zezen, Artzubian irten eta ia plazara, eta buelta, bi aldiz. Ikusle asko izan zen, eta jende asko ibilbidean, lasterka. Bikaina izan zen, berriro egiteko modukoa.

Zezen Beltzen asteburu ederra pasatu genuen, beraz. Mila esker denei!

Hurrena, Errebalean

Hurrengo hitzordua Errebaleko festetan izango dugu, azaroko bigarren astean, sokamuturra. Emango dugu horren berri lehenago.

KONPARTITU