Zezenak bizio, entzierroetan

850

Iruñeko sanferminetako entzierroak huts egin ezinezko hitzorduak dira Alex eta Asier Berasategi anaientzat. Umetan telebistan ikusten zituzten, eta, orain, Telefonicako zatian egiten dute lasterka. (argazkian, Alex eta Asier Berasategi, Iruñean, Udaletxe plazan. Urola Kostako Hitza).

Entzierroko ibilbide barruan nabarmena da zezenak noiz dauden gero eta gertuago: jendearen buila da seinalea; zenbat eta zarata handiagoa, orduan eta hurbilago zezenak. Iruñeko sanferminetako entzierroan, zezenen aurrean korrika egiteko goizero prest izaten dira Telefonicako zatian Alex (Azpeitia, 1986) eta Asier Berasategi (Azpeitia, 1990). Bi anaien esanetan, “ez dago hitzez azaltzerik” zezenen aurrean lasterka egitean sentitzen dutena. “Entzierroa zarata-mukurua da: jendearen buila, zezenak lauhazka bizian doazela ateratzen duten azazkal eta arnas hotsa… izugarria da! Entzierroa tentsio eta urduritasun handiz bizi dugu, eta ikaragarrizko adrenalina eta emozioa eragiten dizkigu”.

Fuente de Ymbro ganadutegiko zezenak izan ziren atzokoan protagonista, eta entzierroa korrituta Azpeitira iritsi berri, artean dutxatzera eta gosaltzera etxera joan gabe zirela, bi gazteak erredakzioan hartu zituen Urola Kostako Hitza-k. Bi minutu eta hamazortzi segundo luzatu zen atzokoan entzierroa, eta “azkarra eta garbia” izan zela kontatu du Alex Berasategik, “adarkadarik gabea”. Alabaina, egindako lasterketarekin “oso gustura ez” ziren azaldu berasategitarrak. “Ondo joan gara entzierroan, eta zezenaren ondoan korrika egiteko aukera izan dugu, baina jendetza zegoen ibilbidean, eta nahi baino metro gutxiago egin ditugu lasterka. Beti gehiagoren gogoz gu!”. 

Zaletasuna, umetatik

Anaia zaharrenak, Alexek, hamalau urte daramatza Iruñeko sanferminetan entzierroak korritzen; gazteak, berriz, bere seigarren urtea du hau. Zaletasunaren jatorriaz galdetuta, aita Iñaki aitatu dute. “Zezenzale amorratua da, eta hark kutsatu digu afizioaren harra. Inoiz ez gara zezenketa zaleak izan, baina sanferminetako entzierroak umetan hutsik egin gabe ikusten genituen, egunero. Aita kamioilaria da ofizioz, eta hura kanpoan bazen, amak esnatzen gintuen. Eskolan jai hartuta, udako oporretan sarri joaten ginen kamioian aitari laguntzera. Azpeititik 05:00etan ateratzen ginen, Sevilla edo Cordobara, eta bidean geldialdia egiten genuen, tabernaren batean gosalduz entzierroa ikusteko. Entzierroa ikusteko amorratzen egoten ginen. Ikusle ginenean, bai, gustatzen zitzaigun entzierroan saltsa pixka bat izatea, baina, orain, ez, orain izan dadila azkarra eta garbia, min hartu gabe ibiltzeko”.

Gurasoengandik sartu zitzaien odolean zezenzaletasuna, eta, beraz, bi anaiek diote etxean inoiz ez dietela esan entzierroan ez irteteko konturik. “Etxekoek, amak eta bikotekideak, urduritasun pixka bat izaten dute, baina ohituta daude. Telebistaren pantailara itsatsita eta belauniko jarrita ikusten du amak entzierroa. Duela urte batzuk, korrika egitera Iruñera joaten ginenean, kandela pizten zuen amak, baina orain ja ez. Hobe du argizarietan aurreztu, eta kandelak argia joaten denerako gorde!”, bota du Asier Berasategik. 

(Alex Berasategi, entzierro batean)

Estreinako entzierro hura

Iruñeko entzierroan zezenen aurrean korrika egitearen ametsa artean adin txikikoa zela bete zuen Alex Berasategik. “Erik Etxeberria Dioni eta biok joan ginen haren aitaren lagun batekin. Altua naiz, eta foruzainek ez zidaten arreta deitu”. Estraineko entzierroa, ordea, gozatu gabe pasatu zitzaion mutilari: “Jendea korrika hasi zen, lurrera erori nintzen, eta zezenen zarata entzun nuen, baina ikusi, ezer ere ez”. Anaia gazteak 21 urterekin egin zuen korri aurrenekoz entzierroan. “19 urterekin joan nahi nuen, baina anaia alu honek ez zidan utzi. Bi urtetan lortu zuen ni etxean geratzea, baina, gero, 21 urterekin, hala esan nion: ‘Nahi baduk gera hadi heu etxean, ni banoak eta!’”. Anaia zaharrenak dio ez ziola graziarik egiten Asier entzierrora joateak: “Nik banekien han zer jendetza-eta izaten den, eta beldurra ematen zidan”. Gazteenaren esanetan, lehen aldi hartan ez zuen “ezer handirik” egin. “Entzierroa barrutik zer-nola izaten zen ezagutzeko, albo batean geratu nintzen. Hurrengo egunean, zezena ukitu nuen, eta haren bizkar gainean apoiatuta egin nituen metro batzuk korrika. Izugarria izan zen”.

05:30erako prest

Goizeko zortzietan botatzen dute entzierroari hasiera emateko txupinazoa Iruñean, eta zazpiak alderako ixten dute udaltzainek entzierroko ibilbidea. 05:30etan irteten dira zortzi bat mutil Azpeititik, eta Arrotxapea auzoan uzten dituzte autoak, zezenen ukuiluak dauden lekutik ehun bat metrora. Handik entzierroaren ibilbidea hamar bat minutura dago, eta oinez joaten dira. Zezenen aurrean korrika egin aurretik, bi anaiek elkarri zorte ona opatzen diote eta besarkada ematen dute. “Entzierroa bukatzean, berriz, anaia eta biok ondo gaudela ziurtatzen dugu eta gainontzeko azpeitiarrekin elkartzen gara. Ondoren, guztiok Iruñazarra tabernara joaten gara gosaltzera eta telebistan entzierroaren errepikapena ikustera”. 

Hutsik egin ezinezko hitzorduak dira sanferminetako entzierroak Berasategi anaientzat. “Duela bi urte, Alfaroko entzierroan eskumuturra hautsi nuen, eta Iruñeko sanferminetan igeltsua nuen. Urte guztia zain egon eta gero, nola galdu ba entzierroa! Anaiak lagundu zidan igeltsua mozten, eta ferula bat jarrita atera nintzen”, dio anaia zaharrenak. Oraingoz, adarkadarik ez dute inoiz jaso, eta haien helburua da entzierroan gozatu eta osorik etxera itzultzea.

KONPARTITU