“Zezenean ere normalitatera bueltatzeko gogoa daukagu”

808

Larunbatean Errebalean lehendabizi zezen txikiak (13:00) izango dira, eta 16:30ean helduen sokamuturra, kaleko festetan. Arratsaldeko saioan sokamutil ariko da Alex Berasategi (Azpeitia, 1986).

Gogoa ja zezenerako?

Bai, ze sokamuturra azkeneko aldiz iazko karnabaletan izan genuen Azpeitian, orain dela urtebete eta bederatzi hilabete. Azkeneko asteetan Nafarroa aldean ikusi dugu izan dela entzierrorik, Tafallan, kaleko zezena ere izan da Nafarroan, eta Azpeitian ere alde horretatik normalitatera bueltatzeko gogoa daukagu.

Soka-eta prestatzen ariko zineten sokamutilok.

Orain dela pare bat aste izan zen juntadizoa. Sansebastianak ere ja bertan ditugu, eta hasi behar da horiek eta karnabalak prestatzen pixka bat. Nolabait, sokamuturraren denboraldiko lehen hitzordua izaten da Errebalekoa, eta sokamutilok baliatzen dugu datorrenari buruz hizketan hasteko.

Errebalekoa duzu ama.

Bai, eta etxean ume-umetatik bizi izan ditugu Errebaleko festak. Gogoratzen naiz gure aitak kamioia kalean sartu eta erremolkea Txoko soziedade parean jartzen zuela, konjuntoak jo zezan. Musika, txokolatada, zezena, jolasak… Guretzat festa sakratuak izan dira. Jaitsita daude, baina aurten ere zezena izango da, behintzat.

Txikitan nondik segitzen zenuen sokamuturra?

Amaren denda gaineko balkoitik. Guretzako palko baten modukoa zen.

(Argazkian, Alex Berasategi sokamutila, gaur, Errebalean, zezenean soka lotzen argoilaren ondoan)

Oharra: Alex Berasategi azkenean ez zen sokamutil aritu Errebaleko festetan, aita izan berri baitzen.

KONPARTITU