Zezen bolaztatuetako protestaz oharra

166

Igandean Zezen Beltz VI. asteburuaren baitan Arzubia kalean zezen bolaztatuen ikuskizunean izandako protesta ekimena dela-eta honakoa azaldu nahi du Zezen Beltz elkarteak:

– Zezen bolaztatuak hastera zihoazela, hamar bat lagun kateatu egin ziren ganadu kamioiaren parean, eta ikuskizuna hogei bat minutu beranduago hasi zen (Ertzaintzak moztu zizkien kateak). Talde animalista bateko kideak zirela zioten. Zezen Beltzek errespetatzen du animalien eskubideen alde aldarrikapen ekintza egitea. Ez duguna ulertzen da zezen bolaztatuak bezalako ikuskizun bat eragotzi nahi izatea, ez zaigulako iruditzen “tortura” denik edo “tratu txarra” eragiten zaienik zezenei.

– Zezen Beltzeko kideek eta han ziren beste herritarrek neurriak hartu zituzten momentuko urduritasuna areagotu eta gertaera liskarrean buka ez zedin. Zorionez, protestagileen probokazio eta eraso saioek ez zuten erantzunik izan.

– Uste dugu asteburuko gertaerak gurekiko behar duten errespetua gainditu duela: gure kide batzuen etxeetan kartelak jarri dituzte, gure kartelak euren kartelekin estali dituzte, bultzatu egin gaituzte, probokatu, grabatu, igandean eraso egiteko jarrera azaldu zuten, iseka egin digute, eta mehatxuak iritsi zaizkie hainbat herritarri eta udal ordezkariri. Gure iritziz, guztiok merezi dugun errespetuaren muga gainditzea da hori. Herritarrei inolako probokaziotan ez erortzeko eskatzen diegu.

– Azpeitiko sokamuturrak ia 500 urteko historia dauka, sustraitua dago herritarren artean. Gainera, zezen bolaztatuen ikuskizunak bezala, kontrol arau guztiak betetzen ditu. Ganadutegiek ere zainduta hazten dituzten idiskoak-eta. Horrez gain, sokamutilek zezenarentzat babes neurriak hartzen dituzte sokamutur garaian: zezenak sokako topean minik ez hartzeko, haiek kalean denbora luzez ez ibiltzeko… Herritarren aldetik zezenen aurka objektuekin kolperik ez da izaten. Azken batean, zezen kultura bat dago Azpeitiko sokamuturrean, ez zezenak “torturatu” edo haiei “tratu txarrak” eragitekoa, eta gure elkarteak balio hori sendotzen segituko du.

– Zezen Beltz elkartea prest dago talde animalista hartako kideei hau guztia azaltzeko.

– Egun hauetan ere gure elkartea babestu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.

(argazkian, orduko zezeneko irudi bat)

KONPARTITU