“Oso karroza azpeitiarra”

1306

(Urola Kostako Hitza) Nekane Azpiazuk (Azpeitia, 1997) “betidanik” izan du sansebastianetako karroza lehiaketara aurkezteko gogoa. Arkitektura ikasketetako hirugarren mailan den ikaslearen proiektua aukeratu zuen epaimahaiak, Sokamuturraren 500. urteurrena gaia modu “egoki, profesional eta eguneratuan” aurkeztu zuelako. Azken asteetan, karroza osatzen aritu da buru-belarri Azpiazu. (bukaeran, karrozaren argazkia) Argazki bilduma

Nolatan aurkeztu zinen lehiaketara?

Beti pentsatu izan dut noizbait aurkeztu behar nuela. Lagunek ere askotan esaten zidaten aurkezteko, eta uste baino lehenago beharbada, baina aurten eman dut pausoa. Lehiaketaren oinarriak-eta ikusi nituen, eta zerbait egiteko moduan nintzela pentsatuta, proiektua aurkeztu nuen.

Jarraitu izan duzu karroza lehiaketaren bilakaera?

Gustura ikusi izan ditut urtez urte egin diren lanak. Dena den, batez ere, aurten aritu naiz aurreko urteetako lanei begira. Bada bat asko gustatu zitzaidana: Imanol Eliasen oroimenezkoa.

Egiten ari zaren ikasketekin zerikusirik ba al du egin beharreko lanak?

Bai, arkitektura ari naiz ikasten, eta horrek proiektuko planoak-eta egiteko baliabideak eman dizkit. Horregatik erabaki nuen aurten lehiaketara aurkeztea.

Noiz erabaki zenuen lehiaketara aurkeztea, gaia ikusi aurretik edo ondoren?
Lehiaketa zabaldu zutela irakurri nuenean jakin nuen gaia ere. Gaia beste bat izanda ere, aurkeztuko nintzelakoan nago, baina aurtengo gaia asko gustatu zitzaidan. Gaia polita iruditu zitzaidan, eta horrek ere eman zidan proiektua aurkezteko bultzada.

Sokamuturzalea al zara?
Bai, gustatzen zait. Giro polita jartzen du herrian, festa giroa.

Dagoeneko bukatu al duzu karroza?

Joan zen ostiralean hasi ziren margotzen, eta kolorea ematen  astelehenean. Ondo goaz denboraz.

Nolakoa izan da prozesua?

Abenduko zubian jakinarazi zidaten lehiaketa irabazi nuela, baina orduan ez nuen lanak asko aurreratzeko modurik. Arotzarengana joan nintzen; hark esan zidan zer egunetan hasiko ginen lanean, datak zehaztu genituen. Lan dezente egin dut umeen arropekin, neuk sortu behar nituelako, eta gero, jostuna aritu da arropak egiten. Arotza lanean hasi zenetik, ia egunero joan naiz lanean nola ari zen ikustera. Urtarrilaren 2an hasi ziren karroza egiten, eta egitura-eta nahikoa azkar egin zituzten; azken egunetan margotze lanetan aritu gara.

Aurretik ba al zenekien karroza egiteko prozesua nolakoa izaten zen?

Ez nuen ideiarik. Banekien planoak aurkeztu behar zirela, eta horrekin ez dut arazorik izan teknika librea izan delako eta unibertsitatean lantzeko aukera izan dudalako. Baina, gainerakoan…  Adibidez, ez nekien nola egin behar zen aurrekontua. Baina eginez ikasi dut guztia.

Nola baloratuko zenuke egin duzun lana?

Oso gustura nago, ilusio handiarekin egin dut lan. Unibertsitatean proiektu asko egiten ditugu, baina paperean egindakoa ez nuen sekula fisikoki gauzatu. Eta gauzak aldatu egiten dira paperetik ateratakoan. Garrantzitsua da niretzat neuk egindako proiektu bat errealitate bihurtzea. Gainera, arkitektura arloan hainbat lehiaketa izaten da, eta karrozarena ondo etorri zait nolakoak izaten diren ikasteko eta esperientzia hartzeko.

Etzi izango da umeen danborrada, eta han aterako da karroza. Herritarrek zer esatea nahiko zenuke egin duzun lanaz?

Herritarrei gustatuko zaiela espero dut, baina, badakit denei ezin zaiela gustatu. Dena den, gauza onak entzutea nahiko nuke: polita dela eta dotore gelditu dela, adibidez.

Nolakoa izango den aurreratzerik bai?

Ikusi dutenek karroza oso azpeitiarra dela adierazi didate. Kalekoa da gaia, eta kaleko koloreak oso ilunak izan ohi dira. Horregatik, koloreak sartzen eta alaitasunarekin lotzen saiatu naiz. Festa giroa transmititzen duela esango nuke; hori izan da, behintzat, helburua. Eta karrozan Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko bost ume aterako dira.

Euria dago iragarrita sansebastianetarako. Horren beldur zara?

Bai, azken asteetan egin duen eguraldia ikusita… Halere, badut San Sebastian egunean, umeen danborradaren garaian, eguraldi ona egingo duen esperantza txiki bat.

San Sebastian jaiak gustatzen al zaizkizu?

Bai, asko gustatzen zaizkit. Eta orain esan dezaket denetarik egin dudala: danborra jotzen atera naiz umeen nahiz helduen danborradan; kantinera irtendakoa naiz bi danborradetan; banderadun ere ateratakoa naiz; eta orain karroza egin dut.

Karroza egitea zer den probatuta, berriz aurkeztuko zinateke lehiaketara?

Bai, aurkeztuko nintzateke. Aurten, azterketetan harrapatu nau prozesuak, eta lasaiago nagoen urteren batean egingo nuke berriro.

Azken karrozak, urtez urte:

2010. Naiara Goenagak egin zuen Azpeitiaren 700. urteurrena gaiarekin lotutako karroza.
2011. Eider Joaristik egin zuen Julian Barrenetxearen urteurrenen inguruko karroza.
2012. Rebeka Larrañagak egin zuen karroza Azpeitia: musika eta kirola ardatz gaiaz.
2013. Goreti eta Leire Iriartek egin zuten Juan Antxieta irudigilearen inguruko karroza.
2014. Oihane eta Naiara Larrañagak Imanol Elias zenaz karroza egin zuten.
2015. Goreti eta Leire Iriartek Udal Liburutegiaren 50. urteurrenaren karroza egin zuten.
2016. Naiara Larrañagak Ignacio Agirre bere aitona zenaz egin zuen karroza.
2017. Hutsik gelditu zen lehiaketa.

2018ko karroza (San Sebastian egunean)

KONPARTITU