Grand Prix solidarioa, Duchenne gaixotasunaren ikerketarako

1671

Zezen Beltz elkarteak gaur aurkeztu du datorren larunbateko III. Grand Prix solidarioa. 17:00etan hasiko da, Azpeitiko zezen plazan. Salgai daude sarrerak, hiru eurotan.

Berriz ere Grand Prix solidarioa antolatu du Zezen Beltz elkarteak, Zezen Beltz XI. asteburuaren barruan. Hil honen 12an eta 13an izango da XI. edizioa, datorren larunbatean eta igandean, eta ekitaldietako bat izango da Grand Prix solidarioa. Aurtengoa, III.a.

Zapatuan izango da, arratsaldeko bostetatik aurrera, zezen plazan. Marea Urdinarekin, Veronicarekin eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean antolatu du.

Jolasen bidez ondo pasatzeko aukera egongo da. 32 parte hartzaile ariko dira, neska eta mutil, lau taldetan banatuta, eta bildutako dirua Duchenne gaixotasunaren ikerketara bideratuko du Zezen Beltzek; Duchenne Parent Project-era, hain justu.

Aurtengo Zezen Beltz asteburua XI.a da, baina Grand Prixarekin 2014an hasi zen. Lehen urteetan ere behar sozial batzuetara bideratu zuen sarreren bidez bildutako dirua, baina I. Grand Prix solidarioa 2016an egin zuen, VIII. asteburuan.

“Laguntza sozial eta ekonomikoa behar dutenekiko ale txikia jarri nahi duen herriko elkarte bat gara”, esan du gaur egindako aurkezpenean Jagoba Labaka Zezen Beltzeko kideak.

2016an, I. Grand Prix solidarioan, Aspanogi, minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkarteari bideratu zion Zezen Beltzek laguntza: 6.000 eurokoa. II. Grand Prix solidarioa duela bi urte antolatu zuen, eta Arnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren elkarteari eman zion laguntza: 4.600 eurokoa. Aurten, berriro izango da solidarioa Grand Prixa, III.a: Duchenne gaixotasunaren ikerketarako egingo du ekarpena.

Eskerrak ekimenagatik

Mikel Odriozola Udal Festa batzordeburuak eskerrak eman dizkio Zezen Beltzi asteburua 11. urtez segidan antolatzeagatik eta “herriari egindako ekarpenagatik”. “Bereziki, eskerrik asko Grand Prix solidarioa antolatzeagatik, eta laguntza sozial eta ekonomikoa behar dutenentzako zeuon aletxoa jartzeagatik. Benetan txalotzeko ekimena da. Zorionak”.

Marea Urdinak ere eskerrak eman ditu.

Sarrerak salgai

Hiru euro balio du Grand Prixeko sarrerak, eta dagoeneko salgai daude Azpeitian Juantxo-txiki, Txintxu, Korrale eta Berdien, eta Azkoitian, Elurren. Egunean bertan, zezen plazako leihatilan.

Zezen Beltzek eskerrak eman dizkie Marea Urdinari, Veronicari eta Azpeitiko Udalari laguntzagatik.

Argazkian: Yolanda Kerexeta, Julen Esteban, Iban Sudupe, Mikel Odriozola eta Jagoba Labaka, gaur, zezen plaza atarian egindako aurkezpenean.

KONPARTITU