(Urola Kostako Hitza, Noticias de Gipuzkoa eta El Diario Vasco) Urtebete inguru da Xanti Rodriguezek (Azpeitia, 1978) Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurreneko ospakizunerako filma egiteko enkargua jaso zuela. Bihar estreinatuko dute Irteera Soreasun, 18:30ean hasiko den urteurreneko ekitaldi nagusiaren barruan.
Urola Kostako Hitza-ko elkarrizketa:
Nola jaso zenuen filma egiteko proposamena?
Hasieran, ez zegoen argi zer egin nahi zen. Egina zuten dokumental luze bat [Soka ez da eten, Enekoitz Esnaolarena, 2011n], eta 500. urteurrenaren inguruan estetika aldetik zeozer desberdina egitea pentsatu genuen. Horrela, bertako jendearekin baina aktore batzuk hautatzea, eta Jai karnabaleko zezenaren irteerarekin konexio bat lortzea pentsatu genuen. Zerbait desberdina nahi genuen eta bide horixe hartu genuen.
Nolakoa izan da prozesua, zenbat denborakoa?
Nahikoa azkar hasi ginen, 2017ko Elegante eguneko arratsaldeko zezenaren irteerako irudiekin egin behar genuelako lana. Hortik aurrera, urte osoa geneukan gainerako irudi guztiak grabatzeko eta filma osatzeko. Baina zatirik zailena, zezenaren irteerako irudiena, segituan egitea tokatu zitzaigun. Denbora gutxi izan genuen hori prestatzeko, eta gero denbora asko, filmean irteeraren aurretik dauden eszenak grabatzeko. Beraz, prozesua nahikoa lasaia izan da, baina, era berean, hasiera nahikoa estresagarria izan zen.
Nolakoa izan zen Elegante eguneko filmaketa hori?
Koordinazio lan handia eskatu zigun, kamera asko erabili genituelako. Bestetik, zuzeneko grabazio bat da. Kamera bat han eta bestea hemen jarri erabakiko duzu, baina, gero, zezenak nahi duena egiten du; eta egun horretan, jendea ere ez da egoten laguntzeko…
Tonu epikoa nabari zaio lanari, ezta?
Bai. Nahi izan dugu ukitu zinematografiko hori ematea. Horregatik, adibidez, konpositore bat kontratatu zen espreski musika sortzeko: Tristan Iñiguez. Gero, hasierako kredituak-eta gaur egungo telesail batenak balira bezala daude landuta, kamera geldian. Horrelako ukitu bat eman nahi izan zaio, bai. Baina, era berean, bukaerako zatian Azpeitiko Bandaren musikaren soinua mantendu dugu, nahasketa moduko bat sortzeko.
Gustura al zaude emaitzarekin?
Bai. Jakina, beti egoten dira, gerora, aldatuko zenituzkeen gauzatxoak. Baina jakinda zer-nolako apustua zen, bai, dudarik gabe, gustura nago.
Sokamuturzalea al zara?
Egia esanda, ez naiz oso zaletua; lan hau egiteko zaletu baten bila hasi balira, ez ninduten ni hartuko, hori seguru. Horrek filmari beste ikuspuntu bat emateko ere balio izan duela pentsatzen dut. Egia da, hori bai, azken urtebete honetan lehen ez nekizkien kontu asko ikasteko eta ezagutzeko parada izan dudala.
Zer espero duzu estreinaldian?
Ea betetzen den Soreasu. Herriarentzat gauza oso polita dela uste dut. Jende asko agertzen da; egun hartan han ibili zena, behintzat, seguru azaltzen dela.