500 urte

1519

Andoni Unanue (Azpeitiko sokamuturrak 500 urte Herri Batzordeko kidea, El Diario Vasco 2018-1-21)

Nolakoa ote zen orain dela 500 urteko Azpeitia zehazki? Kaleak, bazterrak, jendearen izaera, janzkerak…; nolakoak? Euskara, gure hizkuntza, bazen herrian, bazuten herrikideek; baita kaleko zezena ere. Hala jaso zuen Imanol Elias Odriozola historiagileak udal artxiboetatik: bazela 1518rako kaleko zezena Azpeitian. Duela 500 urtekoa da idatzizko lehen konstantzia. Agian, izango zuen zezenak soka txikirik, edo lepokoren bat. Sokamutur bezala, 1567koa da jasota dagoen aurreneko albistea, baina, Elias zenak berak esana zigun bezala, 1518koa har daiteke erreferentzia bezala. Izan ere, azken batean, da: kalean zezena eta jendea bueltan. Gaur egun bezala.

Bost mende, beraz, dagoeneko. Merezi du ospatzea, eta horregatik eratu dugu Herri Batzordea. Zezen Beltz Elkartea, lehengo eta gaurko sokamutilak, Musika Banda, Argazki Elkartea, Udala eta sokamuturzale batzuk dira kideak. Sansebastianetatik —pixka bat aurretik— karnabalak artekoa hartu dugu 500. urteurrena ospatzeko epe gisa. Logikoa da, bi festa horietan izaten baitira sokamuturraren hitzordu nagusiak. Ezinbesteko festa ikurra da sokamuturra.

Eta nolakoa ote zen orain 400 urteko Azpeitia zehazki? Orain 300 urtekoa?… Sokamuturra bazen, bazuten herrikideek. Aldi batzuetan izan dira debekuak. Edota 1991ko sansebastianetan zezenaren gaitza gaixotasunagatik ez zen sokamuturrik izan!; a zer hutsunea kalean… Salbuespenak izan dira.

Herritarrok egiten dugulako daukagu sokamuturra: sokamutilek egiten dute, ganaduzaleek, bandak, txarangak, zaleek, udal langileek eta Udalak, argazkilariek, txistulariek, dultzaineroek ere bai iaztik, sorosleek, kanpoko lagunek… Bestela, ez legoke batere. Nahi dugu. Badugu. 500 urtean jadanik; gutxienez, 500 urtean.

Egitarau oparoa osatu dugu ospakizunerako. Berezitasun batzuekin: festa arteko bi igandeetan zezena –XX. mende hasieran bezala–, argazki liburua, pelikula, karroza, edota, urtarrilaren 27an, ekitaldi nagusia, Soreasun. 27an bertan, ondoren, herri afaria; eman izena.

Zorionak Azpeitia! Zorionak azpeitiarrok!

Hementxen dala!

(argazkian, sokamutilak, 2018-1-20)

KONPARTITU