(Gara, Gaur8) Elkarrizketak eta erreportajeak idatzi izan ditu herriko aldizkarian, Uztarria-n. Euskaldunon Egunkaria-ko hainbat sailetan lan egin zuen. Hitza sortzen eta koordinatzen ere ibili zen bost urtez eta Berria.info-n egiten du lan gaur egun. Sokamuturrari buruzko dokumental baten filmaketan murgilduta harrapatu genuen Azpeitian, San Sebastian egunean.
Korridak eta sokamuturra bi tradizio ezberdin al dira?
Azpeitian Zezen Beltz elkartea sortu zen 2008an. Soka-mutilak direnak, izandakoak, ganaduzaleak eta entzierrotan ibiltzen diren bakarren batzuk ere badaude elkartean. Hasieratik oso garbi esan zuten korridetatik aparte kokatzen zirela, hasieratik egin zuten bereizketa hori, nahiz eta ez diren arrazoietan sartzen, Azpeitian gaia oso labaina delako, beharbada. Neuk ere egingo nuke bereizketa hori. Sokamuturraren tradizioa zaharragoa dela uste dut. Lehen erreferentziak, Azpeitiari dagokionean, 1518koak dira. Erreferentzia horietan zezena beti kalean agertzen da. Bostehun urte badira Azpeitian sokamuturrak ateratzen direla. Orduan ez zegoen korridarik. Azpeitian zezen-plaza 1903an inauguratu zen; XVII. mendetik ordura arte plaza nagusian egiten ziren korridak-eta, baina gehienetan zekorketak egiten ziren. Garbi dago sokamuturra lehenagokoa dela.
Noiz hasi zineten dokumentala egitean pentsatzen?
Herriko aldizkarian, Uztarria-n, sokamuturrari buruzko erreportajeak eta elkarrizketak atera izan ditut. Eta Azpeitiko jaiak liburuak ere atal bat eskaini zion gairi. Gaiari buruzko zenbait gauza idatzita bazeudela ikusten genuen, baina ikus-en tzunezko gutxi zegoela. Kaito Telebistak irudiak jaso izan ditu, baina soltean daude, eta gaiak gehixeago merezi zuela uste genuen. Zezen Beltz elkartekoekin hitz egin nuen, oso ondo iruditu zitzaien eta neu hasi nintzen lanean.
Sokamuturraren atzean dagoen mundua erakutsi nahi duela esan duzu.
Bai. San Sebastian egunean, esate baterako, sekulako jende piloa ibili zen sokamuturrean. Ez dut hainbeste jende sekula ikusi, baina horiek guztiek zezena bakarrik ikusten dute, ez dakite zezena kalera ateratzeko zenbat lan egin behar den. Nire lanaren helburua tradizio honek herrian izan duen garrantzia agertzea da batetik, eta atzean dagoen lana erakustea. Ganaduzaleek egiten duten lana izugarria da. Urtean zehar 30 plazatan zezenak edo larre-behiak botatzeko ordu askoko lana egin behar izaten dute egunero. Ganaduzale gehienek beste lanbide bat dute eta zaletasunagatik egiten dute lan zezen eta larre-behiekin neurri handi batean. Andoni Mugerza, Anton Albizu eta beste zenbait ganaduzale beste lanbide batetik bizi dira. Sokamutilen lana ere izugarria da eta prestakuntza fisikoa eskatzen duena. Sokak nola egiten dituzten, zezenak nola garraiatzen dituzten… hainbat alderdi landu dugu dokumentalean. Eta hainbat elkarrizketa tartekatu ditut.
Noiz erakutsiko duzue lana?
Otsailaren 26an aurkeztuko dugu dokumentala Sanagustin kulturgunean. Inauteri aurreko larunbata da eta ondoren kaldereroak aterako dira. Eta DVD batean saltzen jarriko du Zezen Beltz elkarteak.
Zer moduz funtzionatu zuen San Sebastian egunean zezenari jarri zenioten kamerak?
Eguerdiko zezenari jarri genion kamerak gaizki funtzionatu zuen, kolpeekin pilak galdu zituelako, baina arratsaldeko zezenarenak ondo funtzionatu zuen. Sokamutil bati ere jarri genion eta irudi politak lortu ditugu.
Argazkian, Enekoitz Esnaola dokumentalaren egilea eta Alex Berasategi sokamutila San Sebastian egunean Azpeitian, sokamuturra hastear zela; honek buruan kamera du.