Zezenaren buruko kamerako irudiak badaude

893
Sokamuturraren dokumentaleko esperimentu horrek ikusmin handia sortu zuen atzo Azpeitian. Otsailaren 26an ikusi ahal izango dira irudiak, lanaren aurkezpenean.

Enekoitz Esnaola Azpeitiko sokamuturraren dokumentala egiteko proiektuarekin Zezen Beltz elkartera joan eta honek ideia ontzat jo zuenean, ardatzak finkatzen hasi eta zezenari buruan kamera jartzeko ideia atera zen. Esperimentu berria zen, eta zaila, zezenak mugimendu bortitzak egiten dituelako, bazterrak jotzen dituelako… Baina aurtengo sansebastianetan probatzea erabaki zen.

Atzokoa zen eguna. Eta esan daiteke dagoeneko: irudiak egon badaude, arratsaldeko sokamuturrekoak.

Eguerdiko saioan, kale. Izan ere, irten zuen zezenak kamioitik, oso bortitz, eta airean atera ziren buruko kameraren pilak. Esperientzia horretaz baliatuta, arratsaldean kamera hobeto lotu zen; zezena ere hobeto atera eta joan zen Erdi kalean, zuzenago. 20:30ean egin zuten froga Esnaolak eta Lara Madinabeitia dokumentalaren bideo arduradunak, eta irudiak jaso direla ikusi zuten. Bertikalak dira, estu samarrak, kalitatea ez da egundokoa (kamera sentzilloa da), baina irudiak badaude, eta hori zen helburua. Goiko argazkian atzo arratsaldeko hiru une daude, zezenaren buruko kamerak jasotakoak.

Arno ganadutegiko lagunen lana eskertu beharra dago. Atzo haien zezenak ziren Azpeitian, eta Andoni, Agustin, Ondarru, Egoitz eta Mikelek lan handia egin zuten zezenei buruan kamera jartzean.

Zezen Beltzek otsailaren 26an aurkeztuko du sokamuturrarri buruzko dokumentala, Sanagustin kulturgunean, eta hantxe ikusi ahal izango dira aipatutako irudiak. Esperimentuak ikusmin handia sortu zuen atzo herrian, normala zen bezala, saio berritzailea baitzen.

Elkarrizketak-eta komunikabideetan

Azpeitian ez ezik, kanpoan ere ari da zabaltzen dokumentalaren proiektua. Hala, datorren astean ETB1eko Arratsaldero saioak elkarrizketa egingo dio Esnaolari —zehazteke dituzte eguna eta ordua—, Gara-k orrialde bat aterako du hamar bat egunera, Berria-k ere landuko du erreportaje bat hilabete barru… Atzo Euskadi Irratian hainbat aldiz aipatu zuten kameraren istorio hori.

KONPARTITU