Hogei lagun Errekortari 2009ko finalerdian

954

(Urola Kostako Hitza) Maila oneko errekortariekin eta zezenekin Errekortari 2009 txapelketako bigarren finalerdia jokatuko da igandean, 18:30ean, Azpeitiko zezen-plazan. Javier Perez Tabernero ganadutegiko bost zezenekin aritu beharko dute parte hartuko duten hogei errekortariek. “Tartean errekortari berriak ere badaude, baina esan dezakegu denak ere maila handikoak direla, tartean daude besteak: Espainiako Errekortari Txapelketako txapelduna; Iruñean sanferminetako txapelketan aritu eta sarituak izan direnak; jauziak egiten benetan abilak diren errekortariak…”, azaldu du txapelketaren antolatzaile lanetan jarduten duen Taurovision enpresako Felipe Solak. Taurovisionekin batera Zezen Beltz elkarteak eta Azpeitiko Udalak ere parte hartu dute Errekortari jaialdia antolatzen.

Ganadutegia “maila onekoa”

Javier Perez Tabernero ganadutegia ere “maila onekoa, primerakoa” dela azaldu du Solak: “Bilboko, Iruñeko eta Madrilgo zezen-plazetan ibilitako ganadutegia da. Tolosan jokatu zen Errekortari txapelketako lehen finalerdian ere ganadutegi bereko zezenak izan zituzten, eta joko ederra eman zuten. Beraz, Azpeitian ere antzeko zezenak edota hobeak izatea espero dugu”. Zezen Beltzekoek ere, zezenekin aurten iaz baino zorte hobea izatea espero dute, hala azaldu du Mikel Arrieta Zezen Beltzeko kideak.

Eguraldiarekin ere iaz baino zorte hobea izango dutelakoan daude, “iaz ez zuen batere eguraldi ona egin, baina, hala ere jendeak oso ondo erantzun zuen”. Horretan bat dator Sola: “Guretzako ohorea da Azpeitia bezalako herri batean finalerdia antolatzeko aukera izatea. Iaz egin zuen eguraldia eginda jendeak segitu egin zuen errekortarien saioa, beste herriren batean jokatuko balitz plaza hutsik geldituko litzateke agian”.

Aurreko urteetan “arrakasta”

Hirugarren aldiz antolatu dute errekortarien jaialdia Azpeitian, saninazioen bezperetan. Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburu den Jabier Altunak dioenez, “herriko zezenzaletasunari eskaintzen zaion beste ekitaldi bat da errekortariena. Orainarte antolatuko bi aldietan arrakasta izan du, eta ea aurten ere ondo ateratzen den errekortarien txapelketa”.

Zezen Beltzen saria

Azpeitian jokatuko den finalerdian hogei errekortarik hartuko dute parte. Tolosan eta Azpeitian jardundako zortzi errekortari onenek finalean parte hartzeko aukera izango dute, Tafallan, abuztuaren 9an. Txapelketako irabazleak garaikurra eta 6.003 euro irabaziko ditu. “Inguruan jokatzen diren errekortari txapelketetako saririk garrantzitsuena da”, esan dute antolatzaileek. Azpeitiko finalerdian, iaz bezalaxe, Zezen Beltz elkarteak errekorte onena sarituko du, 100 eurorekin eta garaikurrarekin. “Zezen Beltz elkarteko hainbat kidek aukeratuko dute Azpeitian jokatuko den errekorte onena eta berak elkartearen saria jasoko du”, esan du Arrietak.

Tolosakoa bezalaxe Azpeitikoa ere ETBk emango du lehen katean, baina oraindik ez dute zehaztu noiz emango duten.

Errekortari 2009

Errekortari 2009 txapelketako bigarren finalerdia Azpeitiko zezen-plazan jokatuko dute, igandean, 18:30ean.

Sarrerak: Aurrez sarrerak salgai daude honako tokietan: Etxe Zuri, Eguzkitza, Ametsa eta Diego taberneten. Igandean, 17:30etik aurrera zezen-plazako leihatilan.

Prezioak: 8 urtera arteko haurrek 2 euro; 8 urtetik 14 urtera bitartekoak 8 euro; eta, gainontzekoak 15 euro.

Ganadutegia: Javier Perez Tabernero ganadutegiko (Salamanca, Espainia) bost zezen aterako dituzte igandeko txapelketan.

Azpeitian ariko diren errekortariak:

  • Ruben Fernandez Cuatio (Madril, Espainia).
  • Jorge Cervera (Valentzia, Herrialde Katalanak).
  • Tomas Perez (Madril, Espainia).
  • Simon Gomez (Valentzia, Herrialde Katalanak).
  • Sergio Urrutikoetxea (Errioxa, Espainia).
  • Jose Manuel Martinez Josele (Errioxa, Espainia).
  • Carlos Alonso (Castello, Herrialde Katalanak).
  • Javier Lopez Glandu (Castello, Herrialde Katalanak).
  • Juan Jose Catalina (Valladolid, Espainia).
  • Miguel Tulebras Tuli (Lizarra, Nafarroa, Euskal Herria).
  • Alejandro Garcia El Seco (Valentzia, Herrialde Katalanak).
  • Fernando Pozuelo El Rubio (Madril, Espainia).
  • Julian Gomez Carpio (Madril, Espainia).
  • Francisco Gutierrez Pepillo (Madril, Espainia).
  • Conrado Ortiz Conra (Cuenca, Espainia).
  • Alex Losada (Zaragoza, Aragoi, Espainia).
  • Pedro Hurtado (Castello, Herrialde Katalanak).
  • Jose Luis Delgado Josito (Madril, Espainia).
  • Jorge Delgado (Madril, Espainia).
  • Joanin Martinez (Frantzia).

Argazkian, Felipe Sola Taurovisionekoa, Jabier Altuna Udaleko Festetako zinegotzia eta Mikel Arrieta eta Mikel Odriozola Zezenbeltz elkarteko kideak zezen-plazan.

KONPARTITU