Fernando Arakistainek agur sokamutil izateari

1047

(Uztarria) Aurtengo karnabalak ez dira aurrekoak bezalakoak izango Fernando Arakistainentzat (Azpeitia, 1974). Gazte-gazterik hasi eta urte asko hor egin eta gero, agur esango dio bere sokamutil ibilbideari. Sokamutilen taldean lekukoa pasatzeko unea iritsi da, beraz, beste behin. Sokari tiraka jarraitu behar…

Zenbat urte daramatzazu sokamutil izaten?

1995ean hasi nintzen, karnabaletan. Hamabosgarren karnabalak izango dira hauek, eta azkenak.

Nolatan hasi zinen?

Afizioz hasi nintzen. Nire lehengusu bat ere [Jexux Arakistain Aitzaki] irteten zen eta, aukera eskaini zidatenean, ez nuen dudarik egin.

Eta orain uzteko motiboa, zein izan da?

Uztea erabaki dut beste belaunaldiei ere aukera emateko. Nik urte dezente egin ditut eta, uzteak pena eman arren, garaia dela pentsatzen dut, erreleborako.

Ofizioa norbaitek erakutsi al zizun, edo denborak erakusten du?

Denborarekin ikasten duzu, ibiliarekin; eta, hala ere, oraindik ikasteko gauza asko ditut. Zezenari tiratzeko era, plazako arkupetan sartzen zenbateraino utzi behar zaion… Eta asko ikasten da, jende zaharragoarengandik, batik bat. Lehen sokamutil ibili direnetaz-eta. Sokamutilen lana beharrezkoa da, gauzak ondo egin daitezen eta errespetu pixka bat jartzeko, beste une batzuetan. Artzaina bera ere oso garrantzitsua da dena ondo joateko.

Zer behar da sokamutil on bat izateko?

Gogoa, afizioa… eta pixkanaka ikasiko du sokamutil izaten. Eta dedikazioa ere bai. Festa asko eta ordu asko dira sokamuturrean pasa behar direnak. Ez du balio zezenera gaur bai eta bihar ez azaltzea, parranda egin duzulako. Konpromisoa hartu eta bete egin behar da. Urteak dira nik Astelehen Karnabalean parrandarik egin ez dudala! Borondatea behar da.

Sokamutil harrobirik ikusten al duzu Azpeitian?

Proposamen asko jasotzen ditugu. Ez dago sokamutilak bilatzeko arazorik. Afizio handia dago herrian eta, egia esan, beti dago baten bat sokamutil izateko gogoz.

Harrapatu al zaitu inoiz zezenak?

Irten nuen lehenengo urtean, 1995eko Astearte Karnabal arratsaldean harrapatu ninduen. Kristoren ‘galletakoa’ hartu nuen. Eta gainera entzun egin behar! Jendeak esaten zidan neuk saltatu nuela zezenaren gainera. Baina ez zen horrela izan. Zezenak beste bat harrapatu zuen; ni laguntzera hurbiltzen hasi eta, juxtu zezenaren ondora inguratu nintzenean, zezenak buelta eman eta aurrez aurre geratu ginen, eta zaust! Artzainak esaten zuen: “Hi kaskatuta hago. Nola joango haiz ba zezenaren gainera!”.

Azkeneko sokamuturrean, zer pasako da zure burutik?

Pena izugarria emango dit. Hori daukat buruan. Bueno, eta gustura era bai, neure erabakia delako, baina… Hemendik aurrera Astelehen Karnabalean parranda egingo dut.

KONPARTITU